Ingeniariak

Goenaga Lumbier, Iñaki

Euskadiko garapen teknologikoaren sustatzailea eta TEKNIKER Ikerketa Elkartearen sortzailea. Lizarran jaio zen 1944ko abuztuaren 24an eta Eibarren hil zen 2002ko apirilaren 22an.

Ikasketez kimikan ingeniaria. Eibarreko Armeria Eskolan hasi zen lanean 1967an. Bertako laborategiaren zuzendaritza hartu eta laborategiaren erabilera bermatzea bilatu asmoz lan egin zuen. Arlo pedagogikoa lantzeaz gainera, inguruko enpresek erabiltzen zituzten materialen kalitate-kontrol zerbitzuak eskaintzen hasi ziren laborategian.

1971an bultzada handia eduki zuen laborategiak, Altzairu Finen Egileen Elkartearen laguntza eduki baitzuen, eta Goenagaren eragile senarekin laborategia bera hazi eta bezeroen kopuruak ere gora egin zuen. Hamarkada horren azken urteetan, zenbait bilera egin zituzten etorkizuneko Eusko Jaurlaritzako zein zentro teknologikoetako arduradunek (tartean Goenaga bera) 1977 eta 1978 urteetan zehar, hain zuzen, garaian Euskadin zeuden behar teknologikoen katalogo bat sortzeko xedearekin.

Laborategiaren eskaintza hobetu asmoz, eta Armeria Eskolako zuzendaritzarekin zein industria esparruko hainbat fundatzaileekin elkarlanean, Iñaki Goenagak TEKNIKER Ikerketa Elkartea sortu zuen 1981ean. Erakundearen zuzendari nagusi bilakatu zen. I+G jarduerak martxan ipini zituen elkarteak. Hamarkadak aurrera egin ahala, zuzendariak TEKNIKER fabrikazio teknologien arlora bideratu zuen eta proiektua hazten joan zen. Armeria Eskola txiki geratu eta ondorioz, toki propio baten beharra ikusita, eraikin berri bat egin eta bertara lekualdatu ziren 1990ean.

Oinarri teknologikoa zuten enpresa ekimen berrien sorrera sustatzeko lan egin eta besteen artean 90eko hamarkadatik aitzina. Besteen artean, 14 erakunde juridikoen sorreran esku hartu zuen TEKNIKERrek Goenagaren ekimenez: Baskinsa (protesi fabrikatzailea), BIC-Berrilan (Enpresa eta Berrikuntza zentroa), Dinitel (konponbide domotikoak), Fatronik (zentro teknologikoa), Fedet (enpresa-sustapena), Goitek (produkzioaren kudeaketa), Idelt (prototipo eta fabrikazio azkarrak), Millennium Coatings (estaldura-kamarak PVD tekniken bidez), Neotek (aholkularitza, antolaketan eta berrikuntzan), Oiltech (mantentze prediktiboa eta proaktiboa olio-azterketa bidez), Pronet (antolaketa aholkularitza), Teknimap (ingurumen aholkularitza) eta TKM XXI (produkzio-kudeaketa).

Enpresa eta teknologia arloak landu zituen Lizarrako semeak, eta biak uztartuz, industria zein teknologia garapenaren sustatzaile jardun zuen 2002an zendu zen arte.

1995eko martxoaren 23an sortutako Teknologia Sustatzeko Zentro Teknologikoen Fundazioko patronatuak (TEKNIKER, CEIT, GAIKER, IKERLAN, INASMET, LABEIN, eta ROBOTIKER, Bizkaiko Industria Ingeniarien Elkargo Ofiziala eta Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako Industria Ingeniarien Elkargo Ofiziala) 2002ko abenduan izena aldatzeko erabakia hartu eta ordutik Iñaki Goenaga - Zentro Teknologikoen Fundazioa izatera igaro zen.