Juan Inazio Iztuetak (1767-1845) euskal folklorearen lehenengo bilketa-lana egin izanaren ohorea du, 1824an argitaratutako Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira edo historia izenburudun liburuari esker. Edonola ere, batek ez daki, hura bezalako pertsona baten aurrean dagoenean, zein den haren benetako obra: idatzita utzi zituenen multzoa ala haren bizitzarekin egin zuena; izan ere, literaturarekin zerikusia duten gaiak alde batera utzita, Iztuetak bizitza azarotsua izan baitzuen oso. Honela azaltzen du M.J. Ezeizabarrenak idazlearen nortasun konplexua:
"Juan Inazio Iztueta Etxeberria definitu beharko bagenu, ezingo genuke hitz pare edo bakar batzurekin egin, horren ezaugarri multzo aberats eta desberdinez osatutako nortasuna duen pertsona: herrikoentzat gazte axolagabe, hirikoentzat maisu jakintsu; foruzale euskaldun purrukatua eta espainiar sutsua batera; sinesgabea izan arren, apaiz askoren lagun; ohitura zaharren iraunerazle eta bizimodu "berri", askearen aldeko, aldi berean: baserritar apalaren bizimoduaren goreslea den, herritar, hiritartu, aberaszalea." (Ezeizabarrena, 1990, 19-20)
Alderdi kontraesankor asko dituen pertsona dugu Iztueta, bizitzan gorabehera askotatik pasatutakoa. Baina, guri dagokigunean, idazlearen nortasunean dantzari eta dantza-irakaslea izatea nabarmendu behar dugu batez ere.
1824an argitara eman zuen dantzei buruzko liburuak helburu bikoitza duela ematen du. Begi-bistakoa da lehenengo helburua: dantzak lehengo erara azaltzea, zeren egileak pentsatzen baitzuen bere garaian dantzak (Gipuzkoan egiten ziren bezala behintzat) endekatze-prozesu batean sartuta zeudela; sakonagoa da bigarren helburua: herri nortasuna sendotzea; dantzen bidez, herri izaeran sakontzeaz gain, herritarrek komunitate bateko partaide sentitzeko aukera zutela-eta.
Helburu bikoitz horri ekiteko, liburuak atal hauek ditu:
- Hasieran, ohikoa denez, eskaintza dugu, eta horren ondoren, hitzaurrea; hitzaurrean egileak bere idazlanaren plana zein den azaltzen du, nahiz eta gero liburua argitaratzean plan hori guztiz errespetatu ez.
- Lehenengo atala: eskola gabeko danbolindarien moduak goraipatuta, euskal dantzak lehengo erara bihurrarazi nahia azaltzen du egileak.
- Bigarren atala: Gipuzkoako dantzen orduko egoeraren deskribapena. Lehenengo atalean dantzen "jatorrizko" forma goraipatzen bazuen egileak, honetan zera deitoratzen du: zer-nolako endekatze-prozesuan sarturik dauden dantzak.
- Hirugarren atala: hainbat dantzaren deskribapen zehatza egiten du Iztuetak atal honetan, eta, baita dantzen irakaskuntzarako oharrak eskaini ere. Horrez gainera, hainbat jokoz eta jolasez ere hitz egiten du idazleak.
1824an argitaratutako liburuak hiru atal horiek zituen, baina, esan den bezala, hitzaurrean azaltzen zen plana ez zen oso-osorik errespetatu argitalpenean: izan ere, hitzaurrean laugarren atal bat aipatzen da, eta laugarren atal hori 1826an argitaratu zen aparteko liburu gisa, izenburu hau zuelarik: Euskaldun anziña anziñako ta are lendabiziko etorkien dantza oniritzi pozkarri gaitzik gabekoen soñu gogoangarriak beren itz neurtu edo bertsoekin. Aparteko liburu moduan argitaratu zen laugarren atal horretan dantzen partiturak eta bertsoak biltzen ziren.
Dantzaria eta dantzazalea izanik, ez da harrigarria gaiaren inguruan Frai Bartolomerekin polemika eduki izana, ezen, jakina denez, fraideak dantzetan bekatua egiteko aukerak ikusten bazituen. Dena dela, punturen batean biak ados agertzen ziren, nahiz eta adostasun horren atzean arrazoi desberdinak egon. Izan ere, biak ala biak etxe barruan egiten ziren dantzen kontra agertu ziren. Jarrera hori izateko Frai Bartolomeren arrazoiak moralak dira; Iztuetak, ordea, etxe barruan egiten ziren horrelako dantzetan kanpoko eragina ikusten zuen, eta honexegatik arbuiatzen zituen: jatorriz ez zirelako bertokoak.
Iztuetaren idazkera definitzean askotan erabiltzen den hitza "erretoriko" da. Perpaus luze eta konplexuak erabiltzeko joera zuen egileak, eta horrek behin baino gehiagotan zaildu egiten du haren testuak ongi ulertzea. Arreta berezia jarri behar du irakurleak, eta batzuetan bi aldiz irakurtzera behartuta egoten da, perpausaren haria errez gal baitaiteke. Bestalde, horri gaineratu egin behar zaio Iztuetak gustuko zuela Larramendiren hiztegian agertzen ziren hitz berriak erabiltzea; batzuetan hitz berriaren ondoan ohiko forma azaltzen zaigu, "edo" batez lotuta. Esate baterako, "Done godartari edo Santu patroien egunetan" bezalako esamoldeak irakur ditzakegu Iztuetaren liburuan (Iztueta, 1990, 88). Erretorikarako eta Larramendiren hiztegirako joera, dena dela, nabarmenagoa da Iztuetaren testua jatorriz erdaraz dagoen beste testu baten egokitzapena denean. Dantzak egiteko azalpen zehatzak eman behar dituenean, ordea, joera horiek alde batera uzten dituela dirudi, testuaren helbururik behinena ulertua izatea baita. Kasu horretan, Iztuetak ez du inolako oztoporik gaztelerazko hitzak erabiltzeko, Larramendiren hiztegian ager litezkeenak alde batera utzita. Adibidez, hau irakur dezakegu "Dantzaren asierako soñua nola dantzatu bear dan irakastea" deritzon atalean, liburuaren hirugarren zatian:
"Lendabiziko sei konpasetan egin behar ditu: bi zapateo, karrera añaditu bi, lau kabriola zuzenekoak, eta bi kabriola jira osokoa". (Iztueta, 1990, 212)
Edonola ere, liburuaren hirugarren zati horretan eskaintzen dituen azalpenetan hain izan nahi du zehatza eta argia ezen hainbeste azalpen ematen dituenez batzuetan kontrako efektua lortzen duen: gaian oso jantzita egon ezean ilun samarra da azalpena.