Kontzeptua

Gartza

Joko honetarako lurrean lauki bat marrazten zen eta horren erdian jolaskideek ekarritako txanponak jartzen ziren bata bestearen gainean. "Gartza" izeneko laukitik arrasto bat egiten zen eta bertatik jokalariek, banaka, beren txanpona botatzen zuten, "gartzaren" marretakoren baten gainean kokatzeko asmoarekin, edo bestela kanpoaldetik ahalik eta hurbilen. Irabazleak ematen zion hasiera jokoari eta txakurrandia hobekien botatakoak hurrenez hurren. Jokoan hasteko aipatu den arrastotik txanpona botatzen zen laukiaren erdiko mordora. Txanponak "gartza" pasatzen bazuen, bertakoak ukitu gabe, tiraldiak ez zuen balio eta hurrengoari ematen zitzaion txanda. Botatako txanpona ez bazen, aldiz, "gartza"tik ateratzen, txanpon piloan geratzen zen, laukitik atera zitzakeenekin batera. Botatako txanponarekin batera txanpon mordotik bat edo gehiago "gartza"tik ateraz gero, tiratzailea horiez guztiez jabetzen zen eta berriro tiratzea egokitzen zitzaion. Jokalari guztiak pasa ondoren laukiaren erdian txanponik geratzen bazen, nork bere txakurrandia jarri eta berriro jokoan hasten ziren. "Gartzan", batez ere neguan, eta eliz arkupeko lauzen gainean jokatzen zen. (Gernika)