Literatoak

Garro Basterrechea, Bernardo María

Otxolua ezizena erabiltzen zuen idazle bizkaitarra. Mundakan (Bizkaia) 1891ko abuztuaren 22an jaio zen. 1960ko irailaren 14an hil zen Bilbon.

Herriko eskolan lehenengo ikasketak egin ondoren, komertzioko ikasketak egin zituen Bilbon, Merkataritza Eskolan. 1910ean Argentinara joan zen larruarekin lan egitera eta bertan pasa zituen zazpi urte. Handik bueltan, 1927an Bilbon jarri zen lanean eta bertan egon zen erretiratu zen arte.

Bere zaletasunen artean literatura, mendizaletasuna, musika eta erlijioa zeuden. Idazle moduan autodidakta izan zen eta, hala, bere kontura hizkuntza eta literatura lantzeko, ariketa batzuk berak utzitako materialetan artean aurkitu ziren. Literatur ekoizpena Euzkadi eta Euzkerea aldizkarietan astero argitaratzen zituen berri, ipuin eta gertaera ezberdinekin hasi zuen. Euskara zalea izanik ahalegin handia egin zuen euskara mota guztiak lantzen, baina berak bizkaieraz idatzi zuen bere produkzio osoa.

Autore gisa hainbat idazlan utzi zituen, itzulpenak batez ere, horietatik aipagarrienak honako hauek direlarik: Giulio Cessare della Croce (1550-1609) italiarrak idatziriko Bertolda'ren maltzurkeri zurrak eta Bertoldin'en txaldankeri barregarrijak (Bilbao, 1932) liburuaren euskaratzea; Jean Barbier-ek lapurteraz idatzitako ipuinak bizkaieratzea. Azken horiek Euzkadi aldizkarian argitaratuak izan ziren. Eta Abere dontsuak (1936), Cecily Hallack ingelesak idatzitako lanaren itzulpena. Pizti-patariak izeneko lana ere itzulpena da eta, aurrekoaren moduan, Euzkadi egunkarian argitaratu zen 1934an.

Mendizale amorratua eta Bilbao Alpino klubeko kidea, Bizkaiko mendiak ondo ezagutzen zituen,. Bizkaiko mendien mapa bat egin zuen.

Euskal kulturan jakituna izanik, dantzen gainean aholkulari gisa laguntzen zien Dindirri dantza-taldekoei. Hala 1957an Cómo bailar el aurresku izeneko artikulua argitaratu zuen Txistulari aldizkarian.

Argitaratu gabe geratu ziren Lau Ebanjelioak, Isidro Gomá elizgizon kataluniarraren Ebanjelio konkordatuak-en bizkaieratzea.

1950ean Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuten.