Historialariak

Garibai, Esteban (1533-1599)

Bizi zen artean Garibay pertsona estimatua zen bere lan historikoaren oparotasunari eta zintzotasunari esker. Hala ere, ondoren, langile prestu eta saiatuaren ospea itzali egin da eta, sarritan, plagiatzaile, berrikuntzen lagun edo alegia zaharren bildumagile izatea leporatu izan zaio. Bere lana XVII. mendean hasi zen balioa galtzen, izan ere, jadanik asmo gaiztoko kritika zorrotzak jaso zituen Garibayk berak bere aitorle modura izendatutako Aita Mariana ezagunaren eskutik.

Dena den, Juan de la Puentek XVII. mende hasieran Garibay sinesberatzat jotzen bazuen ere, edo Ticknorrek ez hain aspaldi "compilador de viejas fábulas" modura ikusten bazuen ere, beti izan daa garai ezberdinetan, muga ukaezin eta ulergarrien barnean, arrasatearraren zeregin historikoaren zintzotasun funtsezkoa eta hainbat alderditan eskuratu zuen merezimendua ikusten jakin duenik.

Garibayk Nafarroako Erreinuko historiaren enigma argitzeko egin zuen lanari dagokionez, nahikoa izango da XVII. mendetik gaur arte Erdi Aroko Nafarroaren historiari buruzko kontuetan jakintsu handienak, P. Moretek, egin zion defentsa sutsua aipatzearekin. Orobat, Erdi Aroan aditua zen Martinez Marinak, 1802ko Historiako Akademiaren Hiztegian Arrasateri buruz idatzitako artikulua aipa dezakegu. Bertan, Garibayren merezimendua balioesten du Espainiako historiari dagokionez, "n camino no hollado ni trillado hasta entonces" urratu izanagatik (artxiboak azaleratuz, bidaiak eginez, etab.). Martinezen arabera, horrek zera esan nahi du: Garibayren historia "no obstante de ser la primera y más antigua, deberá siempre estudiarse y consultarse por los que aspiran al conocimiento del importantísimo ramo de la historia".

Aurretik, hainbat jakintsu arduratsuk ere goretsi zuten Garibay, esate baterako, Argote de Molina, Ambrosio de Morales eta Nicolas Antoniok. Halaber, genealogia arloan arras zorrotza zen Luis de Salazar y Castrok ere goraipatu zuen arrasatearraren lana... Dena den, sakontasun osoz gauzatutako ikerketa batzuei esker, Garibayren muga ukaezinez gain, artxibategietan gogo biziz arakatzearen ondorioz arrasatearrak egindako merezimendua azalarazi da, eta, hala ari da Garibay (eta bere lana) dagokion lekua hartzen. Ildo horretatik, bereziki, J. Caro Barojak hainbatetan aipatutako lana azpimarratuko dugu (oinarri-oinarrian hartaz baliatu gara biografia hau taxutzeko), hain justu, F. Arocenarena: Garibay, Zarautz, 1960. Donostiako udalak, 1866ko irailaren 12an, Askatasunaren hiribidetik Boulevardera luzatzen den kaleari bere izena ipintzea erabaki zuen.