Biologoak

Garcia de Mercet, Ricardo

1860an Bilbon jaiotako naturalista. 1933ko maiatzaren 12an hil zen.

Farmazia eta zientziak ikasi zituen eta 1881eko ekainean egin zen doktore. Osasun Militarrerako oposizioak egin zituen eta Melillara igorri zuten eta gerora Chafarinasera koronel modura. Bolivarren ikasle izan zen. 1883tik aurrera Filipinetako artxipelagoa zeharkatu zuen eta han zientzia-dibulgazioko hainbat artikulu kaleratu zituen. Manilako La Oceanía Española egunkariko zuzendari izendatu zuten. Etxera itzulita ikasketa entomologikoei eutsi zien berriz eta Madrileko Naturaren Historiaren Museoko lanetan kolaboratu zuen maiz. Himenopteroak izan ziren bere berezitasuna.

Bere argitalpenetan hauek nabarmentzen dira: Los enemigos de los parásitos de las plantas. Los Afelínidos (Madril, 1912), La lucha contra los insectos perjudiciales, Fauna ibérica. Himenópteros. Fam. Encírtidos (1921) Encírtidos de Europa Central nuevos o poco conocidos. Horrez gain, hainbat foileto kaleratu zituen Europako aldizkarietan.

Naturaren Historiako Espainiako Errege Elkarteko presidente izan zen, Madrilen lekutzen zen Zientzia Zehatzen eta Fisika Naturalen Espainiako Elkarteko Akademiko, Coimbrako institutuko kide, Farmacia Militar aldizkariko zuzendari, Zientzien Aurrerapenerako Espainiako Elkarteko idazkari nagusi, Bartzelonan kokatutako Zientzia eta Arteen Espainiako Elkarteko urgazle, Egipto eta Txileko Elkarte Entomologikoetako ohorezko kide eta beste hainbat zientzia korporazioetako pertsonaia ezaguna.