Eleberria

Garate Goihartzun, Gotzon

Gomiga.

1934ko irailaren 1ean Elgoibarren (Gipuzkoa) jaiotako euskal irakasle eta idazlea. 2008ko urriaren 8an hil zen 74 urte zituela.

Jesuita izan zen eta Loiola eta Bartzelonan egin zituen lehen ikasketak. Irakasle izan zen Deustuko Unibertsitatean. 1955ean hasi zen euskaraz idazten. Hainbat aldizkaritan aritu zen kolaboratzaile gisa: "Jesus'en Biotzaren Deia", "Eusko Gogoa", "Egan" eta "Zeruko Argia".

Bere lanen artean honako hauek aipatu behar dira: Karl Marx y los nacionalismos separatistas (Gasteiz, 1974); Marx eta Nazioa (Bilbo, 1972); Marxen marxismoa (Bilbo, 1971); Marxen ondoko errebisionismoa (Bilbo, 1974); Maoren marxismoa: maoismoa (Bilbo, 1977); Esku leuna (Donostia, 1978); Muskilak (Bilbo, 1980); Lehortean (ipuinak, Bilbo, 1980) eta hainbat kontakizun; Lenin eta Nazioen Autodeterminazio eskubidea (Bilbo, 1980).

1981ean "Resurreccion M.ª de Azkue" eleberri sariketan lehen saria jaso zuen Izurri berria eleberriari esker. Drogari buruzko polizia-eleberria. Euskara batuan arintasun osoz idatzitako narratiba.

ABE

Jesuita eta Deustuko Unibertsitateko irakasle, XX. mendeko 70eko hamarkadan Euskal Filologiako Fakultatea sortu zuen bertan. Hil artean fakultate horretako katedradun izan zen. Madrileko Universidad Complutense delakoan Filosofia doktoregoa eskuratu ondoren, Soziologia Marxista ikasi zuen Friburgoko Unibertsitatean, eta 70eko hamarkadan (XX. mendean) Gero argitaletxearekin marxismoari buruzko hainbat ikerketa argitaratu zituen.

Filologiaren esparruan Erdarakadak liburua argitaratu zuen (Mensajero argitaletxea). Liburu horretan hainbat adibide eman zituen gaztelaniazko lexikoak eta sintaxiak euskal hizkuntzan eragin negatiboa dutela erakusteko; baina esparru horri dagokionez, 27.173 Atsotitzak. Refranes. Proverbes bilduma da Gotzon Garatek argitaratu zuen lan nagusia, Bilbao Bizkaia Kutxak argitaratu zuena. Baserritar ugarirekin elkarrizketak eginez atsotitzak pilatzeaz gain, euskal atsotitz horiek eta beste hizkuntzetan topatu zituenak alderatu zituen.

Halaber, euskal literaturaren analista bikaina izan zen Garate, hala, hizkuntza horretako eleberrigintzari buruzko historia argitaratu zuen hainbat liburukitan: Euskal elaberriaren historia (Gero argitaletxea). Era berean, 2000. urtean Atzerriko eta Euskal Herriko polizia eleberria argitaratu zuen, nobela beltzari buruzko ikerketa. Bertan, euskaraz idatzitako polizia-eleberria aztertzeaz gain, Amerika eta Europako nobela beltza aztertu zuen orokorki.

Honako lanak dira Garateren nobela beltzaren erakusgarri: Esku leuna (Argitaratzailea: Caja de Ahorros Provincial de Guipúzcoa, 1978, aurreko urtean eleberrigintzako Irun Hiria saria irabazi zuena), Goizuetako ezkongaiak (Argitaratzailea: Leopoldo Zugaza, 1979), Elizondoko eskutitzak (Argitaratzailea: Gero-Mensajero, 1977an Domingo Agirre saria irabazi zuena) Izurri berria (Argitaratzailea: Bizkaiko Aurrezki Kutxa, 1984, hiru urte lehenago, 1981ean Resurreccion María Azkue saria irabazi zuena) eta Alaba (Argitaratzailea: Elkar). Elgoibartarrak Jon Bidart detektibea sortu zuen eta Euskal Herrian garatzen dira gertakariak. Goizuetako ezkongaiak polizia-eleberriak arrakasta handia izan zuen eta 1997an dagoeneko hamar edizio argitaratu ziren.

Bestalde, Garatek New Yorken egindako egonaldien inguruko literatura-kronikak idatzi zituen New York, New York liburuan (Elkar, 1988).

FIO

Eusko Jaurlaritzak argitaratutako Bidegileak bilduman informazio gehiago eskura dezakezu Gotzon Garateri buruz.