Eneko, Eneko Mitxelena, Eneko Zilueta, Elo, Elorregi, Txeru Arriola. Bergaran (Gipuzkoa) 1900eko abuztuaren 5ean jaio zen autore polifazetikoa.
Madrileko eta La Platako Unibertsitateetan Medikuntzan doktoratu zen eta espezializazio ikasketak Friburgon (1924), Parisen (1925), Berlinen (1926) eta Heidelbergen (1927) egin zituen. 1932tik Eusko Ikaskuntzako "Medikuntza" saileko kide egin zenetik, batzorde iraunkorreko kide izan zen.
Eusko Ikaskuntzan lan izugarria egin zuen, ez bere sailean soilik baita Euskal Unibertsitate bat aldarrikatu eta eratzeko momentuan ere. Bilboko Hospitale Zibilean lan egin zuen eta 1936an Medikuntza fakultatearen sortzaileetako bat izan zen. Argentinan erbesteratu zen, La Platako Unibertsitatean bere titulua berretsi zuen. Mendozako Unibertsitateko Medikuntza Fakultatean Patologiako irakasle izan zen 1954tik, Klinika Medikoko irakaslea fakultate berean eta 1955tik izen bereko Institutuko zuzendaria. Fakultate horretako dekanorde eta kontseilaria izan da (1957). Goetheana Argentinar Elkartearen "Grupo Mendoza"ren lehendakaria izan zen. Euskal kulturaren alde eginiko lana gerra aurretik ere zabala izan zen. Honek Euskaltzaindiako urgazle izateko balioko zion eta Amerikako Euskal Ikasketetako kide osoaren titulua lortzeko. Aldizkari espezializatu askotan kolaboratu zuen, hala nola, "Revista Internacional de los Estudios Vascos", "Boletín Americano de los Estudios Vascos", "Eusko Jakintza", "Munibe", "Gernika", "Principe de Viana", "Fontes", "Bol. Soc. Vascongada de Amigos del País", eta abar. Bere lanen artean azpimarratzekoak dira Guillermo de Humboldt. Estudio de sus trabajos sobre Vasconia (Bilbao, 1933); Ensayos euskarianos (Bilbao, 1935); La época de Pablo de Astarloa y Juan Antonio Moguel (Bilbao, 1936); El viaje español de Guillermo de Humboldt (1799-1800) (Buenos Aires, 1946); Viajeros extranjeros en Vasconia (Buenos Aires, 1942); Cultura biológica y arte de traducir (Buenos Aires, 1943); eta El carlismo de los vascos (Donostia, 1980). 1931an Eusko Abertzale Ekintzaren hautagai zerrendan egon zen -alderdi honetako kide izan zen 1936 arte- errepublikar-sozialisten elkarketaren hautagaitzan. 1982an Doctor Honoris Causa izendatu zuen Euskal Herriko Unibertsitateak. Mendozan bizi izan zen (Argentina). Hemen hil zen 1994ko uztailaren 2an.
Eusko Jaurlaritzak argitaratutako Bidegileak bilduman informazio gehiago eskura dezakezu Justo Garateri buruz.