Arkitektoak

Gana y Hoyos, Luis María

Arkitektoa. Bilbon jaio zen 1911ko urtarrilaren 10ean. Madrilen hil zen 1990eko maiatzaren 14ean.

Ikasketak Madrileko Arkitekturako Goi Eskolan burutu zituen eta 1936an titulua erdietsi zuen. 1943tik 1946ra Bilboko Udalean zinegotzi lanetan jardun zuen. Bizkaiko Eskualdetako Arkitekto Nagusia izan zen 1951az geroztik, baita Burgos eta Santanderrekoa ere. Era berean, Leioako udal arkitektoa izan zen.

Hainbat proiektuetan Donostiako Eugenio Aguinaga arkitektoarekin lan egin zuen.

1948an Bermeoko Ercilla oinetxeko eraberritze eta moldaketa lanetan esku hartu zuen, bertan Arrantzaleen Museoa finkatzearren, jatorrizko garaiko estiloa mantenduz (XIII. mendea). Gasteizko Katedral berriaren eraikuntzan parte hartu zuen. Beste proiektu batzuk honako hauek dira: Artazan eraiki zuen bere etxebizitza, Francisco Hurtado de Sarachorekin batera Bilbao Aseguru Etxearen egoitza soziala Bizkaiko hiriburuan bertan (1956), Bilboko Gran Via kalean etxebizitzetarako eraikina (1960), Bilboko Vista Alegre (1962) eta Puerto Banuseko (1965) zezen plazak eta Zabalburuko etxebizitzetarako eraikina (1965).