Poesia

Galderen geografia (1997). Felipe Juaristi

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Galderen geografia poesia-liburua 1997an eman zuen argitara Alberdaniak. 1998an Euskadi literatura saria jaso zuen Juaristik lan honengatik. Gaztelaniara itzulita dago liburu hau eta Geografía de las Preguntas izenburuarekin plazaratu zuen Bassarai argitaletxeak 1999an.

Hirurogeita bat poema laburrez osaturiko bilduma honetan, hiztegi gisara antolatu ditu poemak Juaristik, alfabetoari jarraiki. Eta hiztegi gisara diogu, hain zuzen ere, poemen izenburuak hiztegi-sarrera gisakoak direlako, hitz bakarrekoak eta mugagabean gehienetan, inolako determinatzailerik gabe. Gutxi dira mugaturik emanikoak: "Erantzunak", "Galderak" eta "Geroa" baizik ez -mugagabetzat jo ditugu '-a' itsatsia dutenak-. Galderak, galdera ugari egiten ditu Juaristik poemetan, eta ez bakarrik izenburuagatik espero dugunean, baita espero ez dugunean ere, baina ez dago galdera erretorikorik; izan ere, "Erantzunak" izeneko poeman ere ugari dira galderak, galdera-erantzun gisara antolaturik baitago. Galderen bidez, segurtasunik eza transmititu nahi du, eta liburuan zehar galderak eta gogoetak plazaratu ditu -metafisikarik gabeko gogoetak (Aldekoa 2004: 242)-, eta baita erantzun eta baieztapen batzuk ere, gehienetan Sokratesen ahotan jarrita, baina baita Aristotelesen eta Demokritoren ahotan ere, Altzibiadesen galderei erantzunez askotan. Alabaina, baieztatzean ere, galdetzen ari dela dio Aldekoak (2004: 242). Rojoren hitzetan, berriz, "poetak oso ondo ulertzen ez duen (edo ezin ulertu duen) mundu batean ikusten du bere burua, eta mundu honen aurrean poesia erantzun gabeko galdera sorta bezala sortzen da" (1988). Liburu honen giltzarriez mintzatzerakoan, honako hauek nabarmendu zituen Rojok: "errealitateak sortzen duen mindura, malenkoniaren presentzia, eta maitasunarena ere bai, ia-ia salbabide bakarra bailitzan..." (1998).

Badira deskribapen indartsuak ere eta oroimenari leku berezia eskaini dio, "Auschwitz" poeman egiten duen moduan.

Zorroztasunez darabil hizkuntza, ahalik eta hitz gutxienekin ahalik eta gehien adierazten du, eta deskribapenetan irudikatu ez ezik, ikusi ere egiten dira deskribaturiko lekuak. Sinpletasuna aipatu izan da idazkera hori definitzerakoan (Rojo 1998, Aldalur 1998), eta aforismoen antza dutela ere aipatu du Rojok, baina sinpletasun hori "itxurazkoa baino ez da, estilizazio lan miresgarriaren ondorioz lortu baitu erretorikari askotan izaten duen apaingarri-kutsu guztia kentzea" (1998).

  • ALDALUR, Mikel. "Intelektualegia beharbada". Euskaldunon Egunkaria. 1998-02-28.
  • ALDEKOA, Iñaki. Historia de la literatura vasca. Donostia: Erein, 2004.
  • ROJO, Javier. "Mundua eta mindura". El Correo. 1998-03-25.