Gaiarre Antzokiaren historia ezagutzeko, jakin behar dugu hasiera batetan eraikina Gaztelu Enparantzan zegoela, eta hortik eraman zela gaur egun duen kokapenera, Karlos III. etorbidearen hasierara, hain zuzen ere. XVII. mendetik, plazaren hegoaldeko frontean Karmeldarren komentua egon zen, baina Mendizabal espainiar ministroak 1836an bultzatutako desamortizazioarekin mojek komentu zaharra utzi behar izan zuten, eta eraikina hutsik geratu zen, 1838an suntsitu zuten arte. Bi urte beranduago, 1840an, Iruñeko Antzoki Nagusia altxatu zuten orube horretan bertan, Pedro Manuel de Ugartemendía arkitektoaren planoak jarraituz eta Jose de Nagusíak diseinatutako fatxadarekin. 1903an, bestalde, Julian Gaiarre Erronkariko abeslariaren izena eman zitzaion antzokiari, oraindik Gaztelu Plazan zegoenean beraz.
Ordurarte, mendeetan zehar, Gaztelu Plaza itxita egon zen bere lau aldeetatik, plaza nagusietan normala den bezala, baina Iruñeko Bigarren Zabalgunea burutzerakoan, Antzoki Nagusia botatzeko ideia nagusitu zen, Gaztelu Plazaren eta Karlos III.aren etorbide berriaren arteko komunikazioa irekitzeko. Eraikina lurrera bota zuten 1931an, baina Nagusiak egindako fatxada harriz harri desmuntatu egin zuten, Javier Yarnoz Larrosa arkitektoak proiektatutako antzoki berriko aurrealdean berreraikitzeko. Fatxada zaharra toki berrian jartzerakoan, hala ere, aldaketa batzuk egin ziren, hala nola erremateko frontoiaren deuseztatzea.
Yarnozek, Udalak konbokatutako lehiaketaren irabazleak, orube irregular batetan eraiki behar izan zuen antzoki berria, eta fabrika praktiko, zabal eta dotorea egin zuen. Aretoaren oinplanoa ferra baten forma du, antzoki italiarren erara, eta 1056 eserleku ditu, besaulki-patioaren, hiru anfiteatroen eta palkoen artean.
Jose de Nagusíak diseinatutako aurrealdeak itxura akademizista hartu zuen, osagai klasikoen erabilerarengatik. Badirudi Gasteizko Antzokian Silvestre Perez arkitektoak egindako fatxadan inspiratu zela, Frantziako arkitekturarekiko antzekotasunak ere nabarmendu diren arren, batez ere Louvreko Jauregiaren ekialdeko aurrealdeko elementu batzuekin. Harriz egina dago, eta bi solairutan banatua doa. Beheko atala, sinple, astuna eta betea da, eta harlanduak zizelkatu ziren inpresio hori areagotzen duen kuxineztadura batez. Maila honetan irekitzen dira bost ate arkitrabatuak, eta bakoitzaren gainean leiho bat dago, zuzenak erdiko hiruak eta termalak izkinetakoak.
Bigarren atalean zutaberi monumentala dago. Hexastiloa da, eta orden joniarreko zutabeez osatua dago. Zutabeen arteko erdiko hiru espazioak irekita daude, eta harrizko balaustrada duen begiratoki eder bat dute, baina muturreko bi espazioak itxita utzi zituzten, bakoitzean bi leiho eta balkoi bat irekitzen direlarik. Zutaberiaren gainean hiru faszia horizontalez osatutako arkitrabea dago, tradizioaren arabera orden joniarrari dagokion moduan, eta gainean friso epigrafikoa, non "TEATRO GAYARRE" inskripzioa irakurri daitekeen. Erlaitza molduratu batek ixten du aurrealde hau gainetik, baina bi muturretan zutaberiaren izkinetako gorputz trinko eta beteak luzatzen dira zertxobait erlaitzaren gainetik, dorre motzak balira bezala.
- A.A.B.B. Pamplona. Guía de Arquitectura. Iruñea, Colegio de Arquitectos Vasco-Navarro. Delegación de Navarra, 1994, 86 orr.
- ARAZURI, J.J. Pamplona, calles y barrios, I. tomoa. Iruñea, autorearen edizioa, 1979, 193 orr.
- GARCÍA GAÍNZA, M.C. (et. alt.) Catálogo Monumental de Navarra, V*** tomoa, Merindad de Pamplona, Iruñea, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutegia, Nafarroako Unibertsitatea, 1997, 537 orr.
- LARUMBE MARTÍN, M. El academicismo y la arquitectura del siglo XIX en Navarra. Iruñea, Nafarroako Gobernua, 1990, 359-365 orr.