Lekaide eta lekaimeak

Frantzisko Xabier, Santua (1506-1552)

Francisco de Javierren izaera ezin hobeto egokitzen zen Trento-ondorengo Elizaren bultzada zabaltzaile eta konkistatzailearekin. Lotura hori are gehiago sendotu zen barrokoko literato eta artisten luma eta pintzelen bidez. "XVI. mendetik aurrera Francisco de Javier fedegabekoen lurraldean lan egiten zuen misiolari eredugarri bilakatu zen. Bere gutunen edizio eta itzulpen ugariak, bibliografia potoloak (3.000 liburu edo artikulu baino gehiago) edo Ordenaren artxibategietan gordetzen diren 15.000 gutunak (XVII eta XVIII. mendetan jesuitek gorengoei igorriak, fedegabekoen artean misiolari lanak egiteko prestutasuna adieraziz; horien artean 2.000 baino gehiago dira eredu modura Javier aipatzen dutenak) santuak utzitako eragin apostoliko eta espiritual sakonaren adibide dira". (G. Schurhammerren François de Xavier [saint] artikulua, Dictionnaire de Spiritualite delakotik hartua). Gaur egun Trento-ondoren ebanjelizazioa gauzatzeko modua aztergai da eta historiografiak santu nafarra desmitifikatu egin behar izan du kritika modernoak, barrokoaren zama arintzeko, hala eskatuta. Hala eta guztiz ere, Francisco de Javier oraindik pertsonaia interesgarria da misiolari lanak egiteko modu modernoen aitzindari izateagatik, giro exotiko anitzetara egokitzeko zuen gaitasunagatik eta metodoei buruzko ikuspegiagatik. Ez da ahaztu, noski, Javier izan zela, inolako erreparorik gabe, japoniarren zibilizazio zoli eta fina miretsi zuen lehenengoetakoa; berak sortu zuela Goan misiolarien lehenengo seminarioa, indigenen artean apaizgorako deiera sustatuz; halaber, katixima zuzenaren bultzatzaile izateaz gain, katiximako eta bibliako testuak herri-hizkerara itzultzeko ahalegina egin zuela, etab.