Zinemagile gipuzkoarra, Errenterian 1946ko abenduaren 29an jaioa.
Batxilergoa amaitu ondoren, Madrilgo Goi Mailako Ostalaritza Eskolan (gerentzia eta zerbitzuak) titulatu zen, eta, gero, hotel-administrazioko ikastaro bat egin zuen Lausanako Ostalaritza Eskolan (Suitza). 1969tik Errenteriako Panier Fleuri jatetxe ezagunaren gerentea da. 1976an, zinemak erakarrita, "Gure Herria" Artisautza Saileko lehen film laburra ekoitzi zuen, Kaiku izenekoa, eta haren ondorengo izango dira: Mamia, Artillezko galtzerdiak, Uztarria, Makilla, Zestapunta, Aizkora eta Errota 1977-1981 urteetan. Baina 1974an, Los derechos humanos argumentua zuen lehen filma egin zuen, 10' 30"-koa. 1976an, Alcotaba asesinos filma egin zuen, eta 1979an, Día y lluvia, lluvia y viento, 14' eta 8'-koa, hurrenez hurren. Lehen bi film satirikoak izan ziren, eta hirugarrena haurren bizipenen ingurukoa.
