Literatoak

Eyara, Julio

Euskal idazlea eta publizista. Tolosan (Gipuzkoan) jaio zen, 1930ean, eta 1997an hil.

Hainbat entsegu eta antzerti-obra idatzi zituen. XX. mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadan, muntaia eta eszenaratze askotan parte hartu zuen, Donostian, eta baita argitalpen, errezitaldi eta beste kultura ekitaldi batzuetan ere. Noray literatur aldizkaria sortu zuen (Donostia, 1963), eta antzerkiari buruzko lan ugari argitaratu zituen bertan. Donostiako Hiriko Ipuin Lehiaketako hainbat ediziotan finalista izan ziren kontakizunak ere idatzi zituen, eta Veteres aldizkariak argitaratzen zituen liburu antologikoetan argitaratu ziren. Agora argitaletxeak editatutako Tiempo sin salida obrak (Donostia, 1963) ekarpen garrantzitsua egin zion antzerti-literaturari, eta Eyarak horren inguruko entsegu ugari eta beste obra original batzuk ere argitaratu zituen aipatutako Noray aldizkarian. Argazkigintza zale amorratua zen, eta argazkilari profesional bihurtu zen. Euskal Herriko historiari buruz idatzi zituen liburu asko bere argazki originalekin irudiztatuta daude.

Euskal historiari buruzko talde-liburu askotan parte hartu zuen, eta horietako gehienetan hark egin zuen lan nagusiena, baita irudiz hornitu ere. Hortxe dugu hamar liburukiz osatutako Historia de Euskal Herria lanaren kasua, Ediciones Vascas argitaletxeak argitaratutakoa. Lur argitaletxeak, geroago, berriz argitaratu zituen, eta Eyarak osatutako dokumentu-funtsa zabaldu zuen. Horrez gain, beste obra batzuk ere idatzi zituen, egile gisa jasota geratu ez zen arren. Naturazalea zen eta bidaiatzea atsegin zuen. Horregatik, ibilbideei buruz ere idatzi zuen, eta lan horren emaitza da Los Pirineos (Jucar, 1996). Azkeneko urteetan egin zuen lan ospetsuenetako bat Antología de Sabino Arana (Roger, Donostia, 1999) izan zen, eta bertan, EAJren fundatzailearen idazkien aurre-azterketa eta testu-hautaketa egin zuen.