Arkitektura

EUTG Unibertsitatea

Estudios Universitarios y Técnicos de Gipuzkoa (EUTG), jesuitek Donostian sortu zuten unibertsitatearen izena da, Ignacio Errandoneak 1956an sortuta.

1961an ikasketa zentroak Urumea ibaiaren ondoan oraindik egoitza finko bat ez zuenez, Mundaiz ikastetxearen alboan zentro berria altxatzea erabaki zuten. Ikasketa zentroaren ibilbidea oraindik luzea ez bazen ere eta, hasieran, eskaintza zenbait ikasketa zehatzetara mugatuta egon, hasieratik asmoak handiak izan ziren. Izan ere, eraikinak jaso behar zituen funtzioak programan bildu zirenean, ez zirudien arkitektonikoki lan erraza izango zenik. Proiektuak jaso behar zituen eginkizunen artean hauek nabarmentzen ziren: ikasgelak, irakasleentzako bulegoak, idazkaritzak, liburutegiak, bileretarako gelak, taberna eta jatetxea, eta gainera, jesuitentzat bizitzeko egoitza eta eliza bat.





Proiektua aurrera ateratzeko eskaintza Miguel Oriol e Ybarra arkitekto madrildar gazteak jaso zuen. 1960an Estatu Batuetan -Yale izeneko unibertsitatean- arkitektura ikasketak amaitu ondoren, berriro Espainiara itzuli eta Madrilen ireki zuen bere estudioa. Beraz, EUTG Unibertsitateko egoitzaren eraikina bere lehen lana izan zen. Oriol e Ybarrak ikastetxe zentroko arduradunetik jaso zuen aholku bakarra hauxe izan zen:bete beharreko funtzioak lortu ondoren eraikuntzaren formarekiko askatasuna osoa zuela, berak nahi zuena egin zezan. Eta orduan sortu zen sorpresa. Garai horretan Estatu Batuetan eta baita Europako Arkitektura Eskola gehienetan modernotasuna eta arrazionalismoaren ikuspegi zorrotzena, sinpleena eta soilena miresten zen -Mies van der Rohe arkitekto alemanaren "Gutxiago gehiago da" leloa jarraituz- eta, ondorioz, EUTG Unibertsitatea bezalako programa gehienetan material berriekin eraikitako forma geometriko lauen bitartez altxatzen ziren eraikinak. Oriol e Ybarrak aldiz, beste bide bat aukeratzea erabaki zuen, garaian organizista bezala ezagutzen zen bidea -eta erreferentzia nagusiak Frank Lloyd Wright arkitekto estatubatuarra edota Alvar Aalto finlandiarra izanik-, beste motatako eraikin bat eskainiz. Estilo honetan ezinbestekoak ziren hurrengo apustuak egitea: natura eta paisaiarekiko atxikimendua, historia eta iraganarekiko sentsibilitatea, eta orokorrean, arkitekturan formak eta materialak ulertzeko modu malguago baten alde egitea, funtzioari inoiz uko eginez, baizik eta beti gizatasunez jokatuz, gizakia eraikinen erabiltzaile eta protagonista nagusia dela pentsatuz eta, ondorioz, berarentzako altxatzen direla kontutan hartuz.

Miguel Oriol e Ybarrak hartu zuen lehen erabakia, eraikin bakar bat altxatu beharrean eraikin txikiz osatutako multzo anitza bat sortzea izan zen . Funtzio bakoitzari eraikin bat eskaintzea zen asmoz, ondoren guztiak espazioan lotuz, beraien arteko harremanen bitartez. Gainera, EUTG Unibertsitateak arkitekto madrildarrari eskaini zion orubea ez zen erraza eraikin bakar bat altxatzeko: Urumea ibaiaren beso batez inguratua zegoen,hiruki forma zuen eta ondoan, albo batean Mundaiz ikastetxea kokatuta zegoen eta beste alboan Maria Kristina Parkea.

Dena den, benetako sorpresa eta harridura Oriol e Ybarrak programaren eraikin bakoitza diseinatzen hasi zenean sortu zen, eraikin gehienak tamainaz txikiak egin baitzituen, formen aldetik laukiak kurbadunekin konbinatuz. Erabili zituen materialen hautaketa ere harritzekoa izan zen garai hartan: burnia eta hormigoia nagusiki eta agerian erabili beharrean, adreilua eta egurra erabili zituen. Multzoa osatzen zuten eraikin guztiak elkartzeko eliza eta patio handi bat kokatu zituen erdian eta, beraien arteko harremanak sortzeko, beste eraikinen artean patio txikiagoak eta pasabideez osatutako sare bat zabaldu zuen. Gainera, multzoari batasuna emateko asmotan, antzeko forma eta materialen erabilpenarekin batera, alde batetik hiruki formak eta hirugarren zenbakia eredu gisa aukeratu zituen eta, bestetik, eraikinen sabaian ere hiru isurialdeko teilatuak eraiki zituen -Euskal Herriko baserriei omenaldi bat egiteko asmotan-,guztietan teila berdina erabiliz, adreilua eta egurraren kolore tonoarekin bat egiten zuena.

Lanek luze jo zuten eta multzo guztia ez zen 1975era arte amaitu. Ondoren ere hainbat aldaketa egin ziren, unibertsitatea zabaldu eta handitu egin zelako -Deustoko Unibertsitatea bihurtu zen, ikasketa eskaintza sakonduz-. Horrela, 1979an eraikin berri bat altxatu zen aurreko estiloa errespetatuz, bertan gela berriak eta paraninfoa jasotzeko asmotan eta, larogeitamargarren hamarkadan, hasieran patio nagusiaren azpian gela gehiago egin ziren eta bukaeran eraikin berri bat altxatu zen, Ignacio Errandonea izenekoa, bertan funtzio eta zerbitzu gehiago jasotzeko asmotan.

Baina benetako aldaketa 2008. urtetik aurrera gertatu zen. Une horretan Deustoko Unibertsitateak ikasketa eskaintza guztiz aldatu zuen. Zuzendaritzak eraikin berrien beharra aurreikusi zuen eta aurreko eraikin asko botatzeaz gain berriak eraiki ziren, hiru nabarmenduz Patxi Altuna, Dionisio Aranzadi eta Francisco Garate eraikinak. Proiektu hau Iñigo Guibert de Encio eta Iñigo Arizpileta Olano arkitektoen lana izan da. Prozesu honen ondorioz egun gutxi dira jatorrizko proiektotik mantentzen diren elementuak.