1961eko otsailaren 18an Oñatin (Gipuzkoa) jaiotako euskarazko idazlea.
Gasteizko Irakasleen Eskolako irakaslea, Euskal Herriko Unibertsitatekoa. Bere espezialitatea haur eta gazte literatura ikastea da. 1997an argitaratu zuen Euskal Haur eta Gazte Literaturaren Historia (Pamiela), euskarazko haur eta gazte literaturaren historia bat, antzeko ezaugarriak dituen lehena, oso zehatza. Aurretik haur folklorearen antologia egina zuen, Haur folklorearen bilduma (Pamiela, 1986) izenekoa. Bi igarkizun bilduma ere baditu: Igarkizunak (Ed. Elkar, 1986) eta Zer da eta zer da? (Pamiela, 1993). Ipuinak idatzi ditu, hala nola, Nire belarriak (Elkar, 1984); Ilun (Elkar, 1987); Berdez jantzitako neska (Pamiela, 1988) eta Zazpi ahizpak (Pamiela, 1992). 2000. urtean, euskara batuaren grafiara pasatutako euskal herri-ipuinen bilduma bat prestatu zuen, Geure ipuinak (Pamiela) izenburupean.
Xabier Etxaniz eta Marijose Olaziregiren arabera (Euskarazko Haur eta Gazte Literatura Idazleak, Eusko Jaurlaritza, 1998):
"Herri-tradizioa, folklorea, jolasak eta abar daude egile honen obran, eta fantasiazko binomioa erabiltzen du bere lanetako batzuetan. Guztiarekin ere, folklorearen eta, batez ere, igarkizunen arloan egindakoa da bere lanik aipagarriena".