Irakasleak

Esnal Zulaika, Karmele

Andereñoa. Orion jaio zen 1932ko abenduaren 20an. 2012ko maiatzaren 30an zendu zen.

Bere jaioterriko eskolan hasi zen ikasten Karmele Esnal eta 1939ra arte bertan aritu zen; 1940. urtean baina, familia Donostiara lekualdatzearekin batera, San Bartolome ikastetxea eduki zuen eskola gazte hark harik eta batxilergoa amaitu zuen arte. Handik, Arabako hiriburura abiatu zen 1947an irakasle ikasketen aurreneko bi urteak egiteko asmoz; Gasteiz utzita Donostiara itzuli zen 1950an eta karrera amaitu zuen bertan.

Ikasketak bukatu aurretik eduki zuen Esnalek lan munduarekin lehenengo hartu-emana, eskola partikularrak eman baitzituen hainbatetan. Gerora, 1953. urtearen bueltan, Ikastolen historian aski ezaguna den Elbira Zipitria ezagutu zuen; honek, Donostiako Alde Zaharrean zeukan ikastola, eta bertan aritzeko eskaerak hazten joatearekin, andereñoen beharra ikusi eta irakasleak hezten joan zen, praktikak egin zitzaten bere etxean hartuz. Aurrenekoak, Karmele Esnal bera eta Jone Forkada izan ziren.

Hezkuntzaren historia Euskal Herrian, ikastola : Elbira Zipitriaren biografiarako jakingaiak, ikastola Donostian 1942-1969 urte bitartean lanerako, Karmele Esnal elkarrizketatu zuen Xabier Aranburu Puentek 1986ko abenduan:

"Magisteritzako karrera bukatu eta gero, 1952-53 urtean, nere lagun batek eta biok, Euskara genekienez gero, Elbira Zipitriarengana joatea pentsatu genuen, berarekin harremanetan jartzeko, eta bere eskutik euskal irakaskuntzan hasteko. Lehen aipatutako nere laguna Jone Forkada zen, gaur egun Txillardegiren emaztea dena. Elbira Zipitriak ikastola bere etxean zuen, Donostiako alde Zaharreko Fermin Calbeton kalean, 26. zenbakian, bere etxeko sala edo egongelan.

Elbira Zipitriarengana abiatu ginen, gu maistra ginela esanez eta ea berak gu lagundu nahi gintuen galdezka. Elbirak baietza eman zigun eta gogoz hartu gintuen.

Lehenengo kontaktu horretan konturatu ginen, garai haietan, ikastoletan jende gutxi zebilela."

Zipitriarekin hasitako bidea, bakarka jarraitu zuen 1955. Urtean Esnalek. Euskonews aldizkarian Ainara Iraeta Usabiagak Donostiako Ikastolen sorrera artikuluan andereñoaren hitzak jasotzen ditu:

"Elbiraren ikastolan praktiketan ari nintzela, haur kopurua izugarri handitu zen eta ume guztiak ez ziren Donostiako Alde Zaharreko lokalean sartzen. Erdialdetik ume asko etortzen zirela ikusi genuen, beraz, Pedro Egaña kalean lokal bat alokatu eta zazpi ikaslerekin hasi nituen klaseak."

Bere kasa ikastola ireki zuenean, Zipitriak egin bezala, Esnalek ere hainbat andereño hartu zituen berean praktikak egin zitzaten. Zazpi ikaslerekin hasi bazen ere, azkar egin zuten zifrek gora eta 1958an Artzain Onaren plazara lekualdatu zuen ikastola. Bertan izan zen harik eta 1965ean Santo Tomas Lizeoan gela bat alokairuan utzi ziotenera arte; eta bere haurrei ez ezik, batxilergoko gazteei ere euskara irakasten zien. Baina ez zen lizeoarekin harremanak zituen aurreneko aldia, ikastetxe horretan irakasle tituluak behar zituztela eta, Karmele Esnalek 1963an berea utzi zien eta.

Lizeoa tokiz aldatu zen 1969an, eta eskaintza hedatzea erabaki zuten arduradunek; ordura arte batxilergoko eskolak eman baziren soilik, urte hartatik aurrera, eskolaurrea eta lehen hezkuntzak ere tokia izango zuten bertan. Modu horretan txertatu zen Karmele Esnal ofizialki lizeoaren baitan; orotara, 13 urtetan zehar egin zuen klandestinitatean lan. Jubilatu arte jardun zuen lizeoan, 1997ra arte.

Arlo pedagogikoaz gainera, 1960an Jarrai antzerki taldeko kideetariko bat zen, besteen artean, Ramon Saizarbitoria edota Xabier Leterekin batera. Hainbat lan ere argitaratu zituen oriotarrak, esate baterako Zeruko Argian Gazte Naiz sailean Maribeltz moduan sinatu zituen zenbait lan; itzulpen lanak egin zituen haurrei zuzendutako Panpin aldizkarian; edota Arrate Irratian ere astero irratsaio bat egiten zuen emakumeak ardatz hartuta.

Euskaltzalea, Donostiako Bagera elkartearen sorreraren bultzatzaileetariko bat izan zen 1991an eta gerora, elkarte bereko Mintzalagun programako parte hartzailea.

Ohorezko euskaltzaina eta Euskal Idazleen Elkarteko ohorezko bazkidea da 1998tik. Gipuzkoako Aldundiak sorturiko Abbadia Saria eman zioten 1999an.