Erromanizazio hitza, Erromatik kanpo (probintzietan) ezagutzen den erromatar kultura adierazteko erabiltzen da. Hispaniako erromanizazioa edo Britaniako nahiz Afrikako, Brindisiko, Dueroko Haraneko edo beste toki askotako erromanizazioa aipatzen denean, Erromatarren kolonizazioa eta konkistaren eragina azaldu nahi da. Eta hor dago kakoa, zeren ez da gauza bera menperatzea eta erromanizatzea. Are gehiago, erromatarrek ez zuten sekula inor erromanizatu nahi izan. Egia da erromatarrekin bertako ohiturak erabat aldatu zirela; hiri berriak sortu ziren plano erregular batean oinarrituta, eta horiekin batera kale zuzenak, foro eta tenpluak, bainu etxeak, antzokiak, merkatuak, etab. Gainera errepide onak egin zituzten, beraien hiriburua -Erroma- inperioko edozein punturekin lotzeko aukera emanez; zubiak, ostatuak, zaldiak aldatzeko eta postariek atseden hartzeko geltokiak, guztiak ere haien ondoriozkoak; zuzenbide aurreratua ekarri zuten, janari berriak, ezagutzen ez ziren fruituak, mineralak ustiatzeko abangoardiako moduak, teknologia aparta, zergak, txanpon eta neurri batuak, kanpoko jainko eta jainkosak, latinaren erabilpena eta abar, eta abar. Baina hori dena aurrera eraman zuten indar militarrez konkistatutako lurraldeak administratzeko
-eta horrela beraien menpe luzaro mantentzeko- asmoarekin. Bestalde, erromatarra izateak abantaila asko ekartzen zituen eta indigenak saiatu ziren nortasun juridiko hori lortzen, bai legioak atxikita zituzten tropeletan urte askotan soldaduskan egon ondoren, edo modu batean ala bestean konkistatzaileei lagundu ondoren. Zentzu horretan, erromatar estatuarekiko harremanetan sortutako eraldaketen aldetik, onartutako hitza da (Ortíz de Urbina, 2006, 225 or.), baina gaur egun, erromanizazioa, nahiz eta ohiko hitza izan eta nahiz eta asko erabilia den eta liburu testuetan agertzen den, gero eta baztertuago dago. R. Syme historialari ospetsuak (Syme, 1988, 64 or.), adibidez, argi eta garbi adierazi du hori: "Erromanizazioa hitzaren adierak aldez aurretik landutako asmo politiko bat adierazten du. Baina hori Erromaren jarduna gaizki ulertzea da, bai Errepublika garaiko Erromarena eta bai Inperio garaiko Erromarena. Erromatar gobernuak hiri izaerako bizimodua sustatu zuen, zalantzarik gabe, eta tribuak hiri bihurtu zituen, batez ere administrazio lana errazteko. Baina ez zuen inola ere leku guztietan bertakoak latina erabiltzera behartu nahi izan".Hori dela eta, Symek argi adierazten du "erromanizazioa" hitza "ugly and vulgar, worse than that, anachronistic and misleading" dela; alegia "itsusia eta baldarra, edo okerragoa, anakronikoa eta engainagarria". Eta asko eta asko dira iritzi hau berresten duten adibideak. Egia da gerrek eta inmigrazioak latina sartu zutela, eta honekin batera erromatarren usadioak eta instituzioak ere heldu zirela. Geroago, erromatarren eta tokian tokikoen arteko bategitea ondorio logikoa izan zen. Baina ez zen hala gertatu beti eta toki guztietan, eta ez zen behartze asmorik izan, salbuespenak salbuespen. Ez zen latinez hitz egitera derrigortzen. Erromatar Egiptoko biztanleek grezieraz hitz egiten jarraitu zuten, eta halaber, haien ezkontza kontratuak eta testamentuak grezieraz sinatzen jarraitu zuten, nahiz eta herrialdean administrazioa erromatarra izan. Kartagoko merkatariek, nahiz eta bere garaian erromatarren arerio galantak izan, oraindik Kristo ondoren bigarren mendean bere kargamentuen zerrenda hizkuntza punikoan idazten jarraitu zuten. Dena den, erromatarrek gogor zapaldu zituzten aurre egin zieten herriak eta beraien lurraldeak. Tácito historialariak Agrícola izeneko bere lanean hala adierazi zuen; bere liburuko britainiar buruzagi batek halaxe zioen: "Lapurtzeari, erailtzeari, bortxatzeari...haiek inperio hitza ematen diote, erabat ezegokia; eta basamortua sortzen duten lekura bakea eraman dutela esaten dute" (ubi solitudinem faciunt, pacem appellant, Tácito). Zalantzarik gabe hala izan zen erromatarrek Iberiar Penintsula menderatzen hasi ziren lehenbiziko urratsetan, lehenbiziko berrehun urteetan, alegia (Urteaga eta Arce, 2011, 23-25 orr.).
Iberiar Penintsulako herri gehienek erromatarrak iritsi zirenean jokaera berdintsua izan zuten, batez ere iparraldeko herriek, Gallaeciatik Kantabriako ekialdeko muga bitartekoek, alegia. Augustok hamar urte behar izan zituen mendialdeko eremuak menderatzeko. Hamar urte eta zazpi legio. Azkenean, garaileak zabaldu zuen propaganda gisako mezua hauxe izan zen: Hispania baketu egin dugu (Hispania pacata, Res Gestae deritzotenetan dioen bezala). Aurreraxeago, erromatar disidente batek pax hori bikain zehaztu zuen: cum domino, pax ista venit ("despotismoarekin bakea iritsi zen" Lucano) Hori zen hain zuzen ere erromatarren bakea: Despotismoaren bakea. (Koch, 1997, 87-92 orr.)
Ondorioz, mundu erromatarrari buruzko zapalkuntza, menderatzea, eta integrazioa izango ditugu mintzagai. Dena den, zehaztu beharra dago Erromako zein eremu geografikotan eta Historiako zein unetan kokatu behar den fenomeno hau. Ez da lan erraza.
Euskal Herria osatzen duten zazpi edo sei lurraldeak ez ziren erromatar garaian, ezta Euskal Herria bera ere. Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa, Lapurdi eta Zuberoa Erdi Aroko dinamika historikoen emaitza dira. Oro har, muga geografiko horiek garai horretan zehaztu ziren, nahiz eta duela ez asko aldaketatxoak izan dituzten. Ingurune kronologikoari dagokionez, erromatar Errepublikaren azken zatitik Mendebaldeko Erromatar Inperioaren suntsipena bitartekoa da. Are gehiago, hurrengo mendeetan ere antzera gertatu zela esan genezake, VIII. mende hasierako musulmanen inbasioa arte.