Zinekoak

Erreporteroak

Cooperativa Leitzarrak produkzio-etxeak produzitu zuen filma, 1983an, eta Iñaki Aizpuruk zuzendu.

Zinemagile hori erreportajearen mundutik zetorren (erreportari free lance gisa aritua zen Visnews-entzat), eta honako film dokumental hauek zituen eginak: Cooperativas de Arrasate, Aberri Eguna-78 eta Elecciones 79. Erreporteroak egiteko, bi adiskideren arteko adiskidetasuna darabil aitzakiatzat.

Biak erreportari free lance dira, Aizpuru bera bezala, eta euskal errealitatearen lekuko ezin hobeak. Filmak laurogeigarren hamarkada hasierako Euskal Herriko egoera deskribatu nahi du. Gidoia egitean, egia esan, ez zuten sobera nekatu burua. Bi adiskideek jarrera politiko desberdinak dituzte. Horri esker, garbi ikusten da nola aurre egiten dioten euskal auziari euskal alderdi abertzale guztiek. Imanol, kameralaria, abertzaletasun moderatuaren aldekoa da. Javik, berriz, abertzaletasun erradikalagoarekin bat egiten du. 1981eko otsaila hil gogorra izan zen: Lemoizko zentral nuklearreko Ryan ingeniaria hil zuten, Joxe Arregi ere bai torturatuta, Tejerok estatu-kolpe saioa egin zuen... Erreportarien jarrerak gogortu egiten dira. Adiskidetasuna poliki-poliki hondatu eta hautsi egiten da. Protagonisten lanbideak hartaratuta, gainera, beste gai batzuk ere ageri dira traman: arrantzaleen problemak, Donostiako maratoia, zentro psikiatriko bat eta euskal sukaldaritza bera, Karlos Argiñano sukaldariaren agerpena eta guzti.

Une oro darion kutsu amateurra da Erreporteroak filmaren aje nagusia. Argumentuaren haria galdu egiten da hainbeste problemaren aurrean. Lana, teknikoki, kaskarra da; antz handiagoa du iraganeko boluntarismoekin, euskal zinemak jadanik iritsia duen maila duinarekin baino. Antzezleak gaizki gidatuta daude. Sekulako eztabaida politikoetan galtzen dira, eta ikusleak, lo hartzeraino aspertzen. Filma Donostiako 1984ko Zinemaldiko Errealizadore Berrien Atalean aurkeztu zen, eta harrera hotza izan zuen, bai ikusleen aldetik, bai kritikarienetik.

  • Larrañaga, Koldo; Calvo, Enrique: Lo vasco en el cine (las películas), Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Caja Vital Kutxa Fundazioa, 1997, 583 or.
  • López Echevarrieta, Alberto: Cine Vasco: de ayer a hoy -época sonora-, Bilbo, Mensajero, 1984, 331 or.
  • Miguel, Casilda de; Rebolledo Zabache, José Ángel; Marín Murillo, Flora: Ilusión y realidad. La aventura del cine vasco en los años ochenta, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 1999, 295 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: El cine del País Vasco: de Ama Lur (1968) a Airbag (1997), Donostia, Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos, Ikusgaiak-Cuadernos de Cinematografía, 3 zk., 1999, 407 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2003, 351 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera 2, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 311 or.
  • Unsain, José Maria: El cine y los vascos, San Sebastián, Eusko Ikaskuntza /Sociedad de Estudios Vascos-Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca, 1985, 355 or.
  • Zunzunegui, Santos: El cine en el País Vasco, Bilbo, Bizkaiko Foru Aldundia/Diputación Foral de Vizcaya, 1985, 603 or.