Enpresariak

Entrecanales Ibarra, Jose

Errepideen Ingeniaria eta bilbotar enpresaria. Bilbo, 1899-12-16 - Madril, 1990-02-12.

Jose Entrecanales errepide-ingeniari handi bat izan zen, Espainian eraikuntzaren arloko izarretariko baten sortzailea: Entrecanales y Távora, S.A. Horrez gainera, unibertsitate irakasle bezala urrats sakon bat utzi zuen, bere heriotzara arte iraunez. Hemen, arinago esandako guztiagatik baino, euskal ingeniaritzaren historian rara avis den irudiagatik bere irudia azpimarratzen dugu: berak izendatzen zuen "bikaintasun teknikoari" buruz betidanik izan zuen sentiberatasunagatik eta erakutsitako arduragatik.

Mende berria hasi baino hamabost egun arinago Bilbon jaioa, mediku pediatra baten semea, Entrecanalesek ume aurreratu bat zirudien, 16 urterekin Bilboko institutua Madrilekoagatik aldatuz, eta bertako Akademia Krahe izenekoan prestatu zuen -beti ere zorrotza zen-- ingeniaritza eskoletarako sarrera-azterketa. 1917an, bere bizitza guztian zehar atxikimendu berezi bat erakutsi zuen Portu, Ubide eta Errepide-Ingeniarien Eskolan matrikulatu zen, eta bertan -urtebetez Malagan soldadutza parentesia egin ondoren- bere promozioko lehen postuan lizentzia lortu zuen.

Beharbada sendia arrazoiengatik hartu zuen lehendabiziko lanbide-erabakia, bere jaioterrira itzultzea izan zen. Inolako eskarmenturik ez zuen arren bertan Bilboko portuko Lanen Batzordearentzako lan egin zuen, Santurtzi-Portugalete trenbidearen eta uhin-puskalekuaren eraikuntzan era bikainean, lankide izanez. Urte biko epean zehar, 1926an, enpresa publikoa pribatuagatik aldatu zuen; firma hauxe izan zen: Construcciones Hidráulicas y Civiles. Bertan bulego teknikoko buru bezala jardun zuen baina enpresa munduan ere bere burua ezagutzera ematerik izan zuen: Eugenio Riverak, agian garaiko Errepide-Ingeniaririk eragingarriena zenak, bereganatu zuen, enpresa gizon bihurtu zedila adieraziz.

1927an ingeniari gazteak behin betikotasunez Bilbo utzi zuen, bere lanbidezko ibilbidean arrakasta bideak zabalduko zizkon egitasmoa Sevillan bideratzen hasiz: San Telmo zubiaren eraberritzea. Bertan, lanaren zementazioa, lehorrean, zulatzeko aire konprimitua -Estatuan lehenbiziko aldiz- erabili zuen. Ikaragarrizko arrakasta lortu zuen, 1929ko Iberoamerikar erakusteka zelata abiarazi eta burutua. Berehala, Manuel Távora enpresariarekin batera, euren proiektu bakoitzean teknologiarik aurreratuenak, sofistikatuenak erabilgarri zituen eraikuntzarako lan- eta proiektu-enpresa bat posible zitekeen azaldu zuten.

1923an Entrecanales y Tavora S.A. sozietatea sortu zuten, bikaintasun teknikoa euren bezeroei beti eskaintzean oinarritzen zen filosofia zuen firma; geroago eta handi eta korapiloagotsuak ziren eraikuntza berrien eskariari erantzun nahi bazitzaion, langileen prestakuntza teknikoa eta heziketa etengabe bermatzea beharrezkoa zenaren ideia zuten. Beti bilatu nahi zen "Lehiakortasuna", egia da, baina hori bikaintasun teknikotik zetorren, eta gainerakoa inertziaz zetorren. Zuzendari Gerenteak lan-arduradunei aldizkari teknikoetako zati eta oharrak igortzen bazizkien, gauzarik aurreratuenen ezagutza izango lukete, eta abiarazitako proiektu bakoitzean emaitza sistemarik aurreratuenen erabilera litzateke. Itsas- hidrologia- errepide- edota zentral nuklearren eraikuntzak bezalako hain arlo desberdinetako sektoreen aurrean izan zen sei hamarkaden zehar sozietateak sustatutako proiektuak filosofia honetara ezin hobeto egokitu ziren.

Eraikuntzarako sozietatearen sorkuntza ondorengo sei hamarkadan zehar, Entrecanales, lehendabizi zuzendari kudeatzaile bezala (1931-1969), gero ohorezko lehendakari (1969-1974) eta azkenez aholkulari bezala (1974-1981), enpresa-buru izan zen eta karguotatik bikaintasun teknikoa bilatuz, teknika eraberritzaileak sartzerik izan zuen guztietan eraikuntzaren sektorea lideratzen ahalegindu zen. Hara hemen adibide batzuk. 1960ko hamarkadan Francoren plangintza hidrologikoaren baitan italiar eta suitzar enpresen teknikak ezarriz munduko bobedarik handiena zeukan presetariko bat (Almendrakoa, Tormes ibaiaren gainean) eraiki zuen. Handik gutxira, REDIA (edo herriko errepide-sarearen hobekuntza) Plangintzaren baitan Serin-Gijon-Avileseko errepidea eraikitzen hasi zen, horretarako hormigoi armatu jarraituko pabimentatuaren -Estatuan berriz ere- aitzindari izan zen teknika erabiliz. Azkenez, hamarkada horren amaieran, Francoren Gobernuak onartutako energia plan berriaren esparruan, Frantziara eta Estatu Batuetara teknikoak hezi zitezen bidaliz, zentral nuklearren eraikuntzan buru-belarri inplikatu zen. Enpresak izan zuen protagonismoaren ideia bat izateko, eraiki ziren zortzi zentraletatik Entrecanales y Tavorak zapitan (artean Lemoiz eta Garoña) parte hartu zuen. Jose Entrecanalesek biribiltasun teknikoagatiko izan zuen hainbesteko inplikazioa hurrengo hau idatzi zuenean nabarmentasunez adierazi zuen.

"Giza jarduera guztiak hain azkar aldatzen joan diren berrogeita hamar urteetan irauteko eta, batez ere, hazteko, eremu guztietan probatu eta erabilitako teknikak ezagutu behar izan dira. Izan ere, teknikaren eta zientziaren arloan beharrezkoa da mestizajea, emankorra baita." [Begoña Morenok aipatutakoa, 2000: 388, ingeniari bilbotarrari buruzko biografiarik osoenaren egilea].

Agian horrelakorik gehien nabaritu zen sektorea itsaso-lanena izan zen. Izatez, filosofia hori arlo horretan sortu zena ahanzterik ez dago, zeren enpresaren eraketa-proiektua bera (San Telmo zubia) eta baita kai-mutur lehorra eraiki zuen Cadizko portuaren lanak eurak ere, teknika aurrendariz egin ziren. Enpresak 1930-1970 bitartean egin zituen lanak aztertzerakoan, Entrecanalesek, kaiak, kai-muturrak eta aterpe-lanak bezalakoetan zerabiltzan tekniketariko batzuen modernitateak harritu egiten gaitu. Anklaje handidun teknika berriak saiatuz jarduten zuenaz aurkitzen gara eta kai-muturren eraikuntzan hidrogeologiara (Matagordako Ontzitegi Espainiarretan bezala) jotzen zuena ikus dezakegu, edo, beste adibide bat aipatzearren, portu-lanetan (Empetrolen, Tarragona, itsas zabalean egindako atrakalekua bezala) Espainian ezezagunak ziren egikaritza-metodoak sartu zituen.

Bere enpresa-jardueraren intentsitate ikaragarria gorabehera, Entrecanalesek irakaskuntzan jarduteko denbora eta kemena eta aurkitu zituen. 28 urte luzetan -hor da ezer- zehar bere Errepide-Eskolako maisua izan zen, lehendabizi Portuen katedran laguntzaile bezala arituz eta 1931.urtetik aurrera Fabrikako Zuzi eta Zimenduen katedradun bezala, geotekniari buruzko bere ezagutzak, Espainian doktrina horren sartzaile bihurtuz, irakasten saiatuz. Izatez, neurri handi baten behintzat, lurraren ingeniaritzari buruzko suediar eta austriar egileen teoria berriak, berari esker ezagutzerik izan ziren. Bere irakaskuntza-nortasunak lortu zuen dimentsio ikaragarriaz jabetu gaitezen ikerketa-laguntzarako beka eta sariak banatzeko 1999an bere izena daraman Fundazio bat eratu izana aipatu beharra dago. Jada, borondatezko eszedentzia -eskola teknikoak Hezkuntza Ministerioaren menpeko izatera zetozen 1957ko legeagatiko ezadostasunengatik hain zuzen ere- eskatu zuenean fabrika-zubi eta zimentazioei buruzko doktore tesirik hoberenarentzako urteroko saria eskaini zuen.