Kontzeptua

Emakumeak meatzaritzan

Meategi ustialekuetako eskariaren ondorioz, meategien inguruan lehergai-lantegiak sortu ziren. Bertan burdin minerala erauzteko lehergaiak egiten ziren, eta guztien artean garrantzitsuena "La Magdalena de Explosivos Modernos S.A." lantegia zen, Sanfuentesen (Abanto-Zierbena) 1934an ireki zena.

Lantegi horretan, lehergaiaren nahasketa egiteaz gain, kartutxoak ere egiten zituzten. Nahasketa gizonezko langileek maneiatutako errota mekanikoen bidez egiten zen. Kartutxoak, berriz, eskuz egiten ziren. Emakumeak bakarrik aritzen ziren horretan, gehienbat ingurukoak. Hasiera batean bost emakume aritzen ziren lan horretan, baina bi urte geroago, hirurogei ari ziren.

Kartutxoa paper lodi orri kiribilduz egindako hodi batekin egiten zen. Hodi horretan sabulita lehergaia sartzen zen, hauts beltz eran.

Hodiak egiteko, paper orriak tamaina ezberdinetan mozten ziren, kartutxo tamaina bakoitzaren arabera. Lan hori emakumeek etxean egiten zuten, lanalditik kanpo, horrela "soldata osatzeko". Egunero, langileek 1000 orriko bi plegu eramaten zituzten etxera, eta asteburuetan, bikoitza, "igandea aprobetxatzeko". Behin etxean zeudela, papera metalezko hodi baten inguruan, eredu gisa erabiltzen zutena eta mandril izenekoa, kiribiltzen zuten. Jarraian, ahoetako bat doblatu eta hodiaren zuloan sartzen zen. Hodiak, bata bestearen gainean jarrita, kaxetan sartu eta lantegira eramaten zituzten.

Lantegian, aipatutako hodiak lehergaiez betetzen ziren. Lan hori lehergai hautsa egiten zen tokitik urrun eta beste eraikin batean egiten zen, istripurik gertatuz gero, arriskua gutxitzeko. Langileek ontziratu gabeko hauts beltz eran jasotzen zuten lehergai hautsa. Hori ontziratzeko makinaren toberan isurtzen zuten, eta pita batetik ateratzen zen, torloju birakari baten mugimenduaren ondorioz.

Langileek, makinaren aurrean eserita, esku batekin paperezko hodia hartu, pitan ahoratu eta bete egiten zuten. Beteta zegoenean, kendu eta jarraian beste hodi bat jarri behar zuten. Bitartean, beste eskuarekin irekita zegoen ahoa itxi eta zuloan sartzen zuten, lehergaia isurtzea ekiditeko. Makina gelditzen ez zenez, oso garrantzitsua zen hodiak azkar ordeztea, hautsik gal ez zedin.

Lehergaiez betetako kartutxoak metalezko saskietan pilatzen ziren, bertikalean. Saski hori parafina likidoan sartzen zen, paperak sustantzia hori xurgatu eta hezetasunik har ez zezan.

Azkenik, kartutxoak bidaltzeko prestatzen ziren. Langileek, mahai gainean, eta betiere eskuz, 2,50 kilogramoko paketetan pilatzen zituzten kartutxoak. Gero, paperean biltzen zituzten, paketea kotoizko zinta batekin lotzen zuten, eta jarraian, berriz ere parafina likidoan sartzen zuten. Azkenik, egurrezko kaxetan ontziratzen ziren paketeak. Kaxa horiek arotz batek egiten zituen bere lantegian, eta horrela, lehergaiak kaxetan bidaltzen ziren meategietara.

Azaldu berri dugun eran lan eginez, emakume batek 1500 kartutxo bete zitzakeen 8 orduko lanaldi batean.

Gerra Zibilean, lantegi horretan eskuzko bonbak egiten aritu ziren. Metalezko zatiak kanpotik jasotzen zituzten, eta emakumeek lehergaiez betetzen zituzten, kartutxoak betetzen zituzten era berean. Gero, betiere eskuz, itxiera eta jaurtiketa sistemak muntatzen zituzten.

Garai hartan, gauez egiten zen lan, bonbardaketak saihesteko. Zorionez, bonbardaketek ez zuten lantegia harrapatu, baina behin baino gehiagotan atera behar izan ziren korrika, hegazkin bonbaketariak zetozen sirenaren ondorioz.

Lana errepikakorra zen, eta esku-trebetasun handia behar zen ondo egin ahal izateko. Lan arriskutsua zela esaten bazen ere, langile zaharrek ez dituzte benetako istripu larririk oroitzen.

Eskualdea okupatu zenean, emakumeek "gerra materiala fabrikatu izanaren erantzukizunak" jasan behar izan zituzten.