Kontzeptua

Emakumeak eta Euskal Hezkuntza

Gerra aurreko euskal eskolagintzak segida xume eta isila izan zuen, nagusiki Donostian, 40. hamarkadaren erdialdetik aurrera. Bi maistra euskaldun aipatu behar dira esperientzia horren protagonista gisa: Elbira Zipitria eta Mª Dolores Goia. Biak Donostian irakatsi arren, ez du ematen elkarren arteko harremanik zutenik, alabaina biek bazituzten ezaugarri komunak:

  1. Gerraurrean ikasitako eta aritutako maistra tituludunak izan ziren biak.
  2. Eskola zabaltzeko, gerraurrean existitzen zen "eskola eredu" batez baliatu ziren: bederatzi urte baino gutxiagoko umeak eskolatzeko nahikoa zen maistra titulua zuen pertsona batek lokal bat eskuratu eta ume talde bat batu, gurasoek ordaindutakoa soldatatzat hartuta. Bederatzi urte betetzean ikasle horiek "ingresoko azterketa" gainditu behar zuten eta handik aurrera ikastetxe publiko edo pribatuetan eskolatzen ziren. Sarri askotan maistra hauek euren etxeetan bertan antolatzen zituzten eskolatxoak.
  3. Biek irakasten zieten euskaraz euskaldun umeei, bederatzi urte bete arte. Euren eredu pedagogikoari erreparatu ezkero gerraurreko euskal eskolaren ezaugarriekin egiten dugu topo: euskara eta euskal kultura (folklorea, historia, geografia...) curriculumaren ardatzak dira; erlijiotasunari garrantzia; Eskola Berriko teorien eragina (Decroly, Montessori...).
  4. Elbira Zipitriaren kasuan geroago sortuko zuten ikastolekin harreman zuzena aurkitzen dugu. Bere eskolatxoan urte betez ikasten egon ondoren zenbait maistrak zabaldu zituzten euren etxe-eskolak nahiz eta apurka apurka Zipitriaren eredutik aldentzen joan ziren ikastolak izango zirenetara gehiago hurbilduz.

Eskola saio hauen kokagunea "etxea" da, espazio pribatua, afektiboa, emakumeena, nahiz eta bertan emango den irakaspena formala izan. Bitxia iruditzen zaigu Teresa del Vallek emakume nazionalisten espazioen ikerketan luzatzen digun hausnarketa hau: "La transmisión de la lengua se ha considerado también como una consecuencia directa de su rol de madre. La frase de que las ikastolak tienen su nacimiento en la cocina, es una realidad. Quizás el primer embrión de las futuras ikastolak, fueran las clases de euskara que las mujeres de EAB organizaron para los niños en el local de "Emakume". Posteriormente en el franquismo se organizan las primeras ikastolak clandestinas en las cocinas de algunas casas. La responsabilidad de esas primeras ikastolak estaban en manos de las mujeres" (Valle, 1985, 250 or.). Zentzu horretan gerraurreko euskal eskolen, etxe eskolen eta gerora, 60.ko hamarkadan etorri ziren ikastolen artean badago jarraikortasuna, lokarri bat zeinean emakumeak haurren heziketaren arduradun nagusi legez agertzen baitziren eta, eredu nagusiarekiko koherenteki, etxearen eremuan gauzatzen baitzen.

Hala ere, Donostiako etxe eskolen esperientziaren tamaina eta mugak estuak zirela, eta emakume sare baten parametroetan irakurri behar ditugula ez dugu ahantzi behar. Ideia zehatza egiteko esan dezagun E. Zipitria 1946.ean hasi zenetik 1960.era zortzi bat etxe eskola funtzionatu zutela: Elbira Zipitria (1946), Mª Dolores Goia (1951), Jone Forkada (1952), Karmele Esnal (1953), Mari Karmen Lasarte eta Mari Karmen Mitxelena (1957) sei bederatzi urte bitarteko umeekin, eta, Itziar Artzelus (1950) eta Faustina Karril (1953) lau eta sei urte bitarteko umeekin.