Kontzeptua

Elizatea

Bizkaian elizate izenez ezagutzen ziren politikoki garrantzitsuenak ziren Bizkaiko 105 herriak. Herri horiek hartzen zuten lurrari Lur Laua edo infantzoia esaten zitzaion, baina ez topografikoki lurra laua zelako, baizik eta bizilagun guztiak baldintza juridiko eta sozial bakarraren baitan zeudelako. Lur lau edo infantzoi horretako bizilagunak baserrietan sakabanatzen ziren. Baserriak elkarrengandik urrun kokatzen ziren eta bakoitzak bere lur edo jabetzak zituen inguruan. Gauzak horrela, zein herritako jurisdikziopean zeuden bereizten ez zenez eta leku guztietan ia itxura bera zutenez, sarritan bi baserrik edo gehiagok herri bakarra osatzen zutela (edo alderantziz) uste zen. Elizak egiten zuen banaketa ere ez zetorren bat zibilarekin, izan ere, parrokia batzuk ez zuten haien kokapeneko herri guztia baitaratzen eta, aitzitik, beste herrietako zatiren bat baitaratzen zuten; modu horretan, bai alderdi zibiletik so eta bai elizaren alderditik so, nahaspila egoten zen jurisdikzioari zegokionez. Infantzoia zazpi merindadetan banatzen zen eta hurrengo herriak barneratzen ziren.

Uribeko merindadean honako elizate hauek barneratzen ziren: Derio, Lezama, Morga, Zamudio, Barrika, Begoña, Berango, Erandio, Fika, Fruiz, Gamiz, Gauka, Laukiz, Lemoiz, Galdakao, Leihoa, Loiu, Meñaka, Mungia, Urduliz, Getxo, Sondika, Sopela, Maruri, Zaratamo, Bakio, Abando, Alonsotegi, Deustu, Barakaldo, Etxebarri, Basauri, Arrigorriaga, Arrankudiaga, Zollo, Arakaldo eta Gorliz.

Busturiako merindadea honako elizateek osatzen zuten: Ajangizko kontzejua, Amoroto, Arbatzegi, Arratzu, Arteaga, Bedarona, Kortezubi, Ereño, Forua, Gizaburuaga, Lumo, Mendata, Mendexa, Aulesti, Murrueta, Nabarniz, Natxitua, Ibarrangelu, Ispaster, Busturia, Sukarrieta, Mundaka, Muxika, Arrieta, Berriatua, Ziortza eta Elantxobe.

Arratia eta Bediako merindadean honako elizateak barneratzen ziren: Santo Tomas de Olabarrieta edo Zeberio, Zeanuri, Dima, Iurre, Lemoa, Bedia, Kasullo eta Elejabeitia, Arantzazu eta Ubidra.

Markinako merindadean Xemein eta Etxebarriako elizateak baino ez ziren barneratzen eta Zornotzakoan berriz Amorebieta, Gorozika, Ibarruri eta Etxano. Enkarterrietan Gueñeseko kontzejua, Turtziozko harana, Galdames, Zalla eta Sopuertako kontzejuak; Artzentales, Gordexola eta Karrantzako haranak; Santurtzi, Sestao eta San Salvador del Valle, azken horiek hiru kontzeju izenez ezagutzen ziren orokorki; eta San Pedro de Abanto, Santa Juliana de Abanto, San Julian de Musques (Muskiz) eta San Roman de Ciervana (Zierbena), azken horiek lau kontzeju izenez ezagutzen ziren.

Azkenik Durangoko merindadean honako elizateak barneratzen ziren: Abadiño, Atxondo, Arrazola, Axpe, Garai, Mallabia, Mañaria, Iurreta, Zaldua edo Zaldibar, Berriz eta Izurtza. San Agustin de Echevarriako elizatea, Durangaldekoa, Elorriora atxiki zen.

Barne-antolaketari gagozkiola, antzina merindade guztiek foru-alkateak izan zituzten, baina, gerora Arratia, Bedia, Uribe eta Busturiako merindadeetan barneratu ziren. Alkate horien jurisdikzioa nahiko mugatua zen, izan ere, kontu zibiletan baino ez zuten eskumena. Kontu horiek, lehenik eta behin Jaurreriko Korregidorearen eta haren Getariako tenientearen eskutik ezagutzen zituzten; azken horiek ziren infantzoiko ohiko epaileak, bai arlo zibilean eta bai kriminalean. Elizate bakoitzak erregidore leial bat zuen edota bi eta baita hiru ere, elizatearen garrantziaren arabera. Urtero aukeratzen ziren hautaketa edo zozketa bidez eta korregidorearen eta haren Gernikako tenientearen auzo-epaile modukoak ziren. Udaletxeetako buruzagi lana egiten zuten, udaletxeetako arielak jasotzeaz arduratzen ziren, jai publikoak baimentzen zituzten eta herri bakoitzeko administrazioari zegozkion zeregin berezien ardura ere haiena zen. Jaiegunetan meza nagusiaren ondoren kontzejuaren etxeetan edo elizaren atarietan elkartzen ziren, hain zuzen, hortik dator elizate izena. Nahiz eta elizateak, orokorrean, Jaurreriko herri txikienak izan, haien oroimen historikoa garrantzitsuagoa da hiribilduena baino. Bizkaiko historia zaharra haietan garatzen da ia erabat eta, Erdi Aroan ere, izaera berri batekin sortutako herriei itzal egiten die.

Erreferentzia. Juan E. Delmas. "B. S. V.".