Pérez Ollok baseliza bezala aipatu zuen, aspaldian eliza eta parrokia izan zela aitortzen badu ere. Hilerriaren kapera ere izan zen, eta gaur egun hondatua dago. Badirudi tenplu hau monasterioa izan zela XII. mendearen lehen laurdenean, Urraca Semenoiz bere jabeak Izkue herriari eman zionean. XII. mende berean García Ferrándiz Iruñeko gotzainak arrazoi ezezagunengatik Danimarkara bidaiatu zuenean, monasterio hau erabili zuen mailegu baten berme bezala, Normandia dirurik gabe geratu zenean. Aro Modernoan, XVII. mendean Elizaberriko San Pedro eliza hau izenaz aldatu zen, Santa Eulaliari dedikatu zitzaionean, eta XVIII. mendean tenplua berreraiki zuten.
Muino jaso baten gainean dago, herritik nahiko urrun, eta gaur egun XIII. mende hasierako fabrika da, gotiko goiztiarra. Habearte bakarreko oinplanoa du, barneko espazioaren banaketarik gabe, eta burualde absidial erdizirkular peraltatua du, habeartea baino zertxobait estuagoa. Sarrera Epistolaren aldeko murruan dago.
Murruak harlanduxka luze eta txikiaz egina daude. Burualdearen ardatzean gezi-leiho edo argizulo bat ikus daiteke, erdi puntuko arkutxo batez bukatua, eta barnealderantz abozinatua. Atea, hegoaldeko murruan, zutoinen gaineko erdi puntuko arku xume bat da.
Elizak ganga batekin estalita egon zen, arku fajoien azpian zeuden mentsulak besterik gelditu ez bada ere. Burualdean labe-ganga batek iraun du.
Barnealdean, presbiterioan Gurutziltzatu moderno bat ikus daiteke, eta alboetan Ama Birjinaren eta San Joan Bataiatzailearen eskultura erromanistak. Gertu, Arrosarioko Ama Birjinaren irudi barrokoa dago, XVII. mendekoa, burua geroago gehitu diotelarik.
- CARO BAROJA, J.: La casa en Navarra, Pamplona, II. tomoa, N.A.K. 1982, 434-435 orr.
- FERNÁNDEZ-LADREDA, Clara: Imaginería medieval mariana, Iruñea, Nafarroako Gobernua, 1988, 361 orr.
- GARCÍA GAÍNZA, M.C. (et. alt.): Catálogo Monumental de Navarra, V** tomoa, Merindad de Pamplona, Imoz-Zugarramurdi, Iruñea, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutegia, Nafarroako Unibertsitatea, 1996, 433-438 orr.
- PÉREZ OLLO, Fernando: Ermitas de Navarra, Iruñea, N.A.K, 1983, 134 orr.
- LACARRA DUCAY, Mª Carmen (et. alt.): Navarra, guía y mapa, Lizarra, N.A.K. 1983, 218 orr.
