Pintoreak

Elissague, Helene Marie Lucie

Elizaga.

Euskal margolaria, Sarakoa, Bagneres de Bigorren jaio zen 1896ko martxoaren 3an, eta Donibane Lohizunen hil 1981eko irailaren 25ean.

13 urte zituela hasi zen margotzen Ingalaterran. Parisen ikasi zuen, Jullien-en.

1918an, Henry de la Tourasse erretratugilearekin ezkondu zen; Elizagak baino 11 urte gehiago zituen. Parisen, Urruñan eta Donibane Lohizunen bizi izan ziren.

1930eko Baionako Erakusketan lortu zuen lehenengo arrakasta handia, bai eta 1937ko Parisko Nazioarteko Erakusketan ere, baina ez zituen erakusketa gehiegi egin. Artista askoren lagun izan zen, Maurice Denisen eta Ramiro Arrueren lagun bereziki. Azken horren eskutik, 1932an Euskal Artisten Elkartean sartu zen ("Elkartean aurkez dezakedan artista bakarra zara alde honetan" (itzulpen moldatua gazteleratik)). Arruerekin eta senarrarekin batera, txangoak antolatzen zituen Philippe Veyrinekin eta Mle Orbegozorekin, mugaren beste aldean atari zabalean margotzeko. Libro de Oro de la Patria lanak ezagutzera eman zuen Hegoaldean, bai eta, gerora, Auñamendi argitaletxeak ere.

Erretratuak, euskal gaiak eta itsasoko eta landa-guneetako paisaiak margotu zituen, nolabaiteko kubismo-estiloarekin, indar handiz eta kolorearen zentzu bikain batekin. Plano handiak margotzen zituen batez ere, eta bere konposizio ederragatik nabarmentzen zen. Euskal Museoan daude Partie de pelote eta Portrait des frères Arrayet, champions de pelote lanak; azken hori bere lan modernoenetako bat da. Bere lanak aurki ditzakegu, baita ere, Euskal Pilotaren Federazioan. Elizagak eta haren senarrak -Henry du Sorbiers de la Tourasse-, gerra ostean, koadro gutxi saltzen zituztela ikusita, zaharberritze- eta artisautza-lanak egiten zituzten. Elizagak sortzeari utzi zion isilean. 1950etik aurrera, koadroak zaharberritzen jardun zuen, bere senarrarekin batera askotan.

Idoia Estornesek eta Edorta Kortadik elkarrizketa bat egin zioten 1980an Donibane Lohizunen, bertan bizi izan baitzen bere bizitzako azken 46 urteetan. Muga aldizkarian argitaratutako elkarrizketan, bere bilakaera azaltzen du:

"Paristik itzultzean, lan inpresionistak egin nituen, inpresionismoa ordurako amaituta bazegoen ere. Ez figurazioak ez ninduen inoiz ere erakarri. Zuei nire koadroetako batzuk ahalegin kubistak iruditzen zaizkizue; agian, nire izaera zela eta, indarkeria handiz jarduteko aukera bilatzen nuelako, eta, batez ere, askatasun handia, askatasuna ukituan eta pintzelkadan (.) Kubismoarena nik bakarrik asmatu nuen. Haragiaren gainean borobilean modelatu beharrean, kolore-segmentuka margotzen hasi nintzen. Pertsonaientzat soilik izan behar zuen teknika hori aplikatu nuen nire gainerako koadroetan. Erretratu gutxi batzuetan soilik erabili nituen argazkiak. Giza irudiak zituzten eszena handietan nik neuk egiten nuen konposizioa, eta ondoren posatzen zuten modeloak erabiltzen nituen".

(Itzulpen moldatua gazteleratik)".