Eleberria

Elgeta (1995). Joxean Agirre

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Elgeta Joxean Agirreren (Azpeitia, 1949) laugarren liburua dugu. Egin eta Gara egunkarietan lanean aritu eta gaur egun Bertsolari aldizkaria zuzentzen diharduen kazetariak bazituen aurretik zenbait argitalpen, hala nola Longa kapa beltza (1984), Lehen triptikoa (1986) eta Gizon bat biluzik pasiloan barrena (1991). Ondoren ere idazten jarraitu du eta Hitza hitz. Txillardegirekin solasean (1996), Mozketaren maisua (1999), Osaba Txirrita (1999) eta Romain zuen izena (2003) liburuak eman ditu argitara. Elgeta eleberriak garrantzia berezia du egilearen bibliografian 1995ean Irun Hiria Literatur Saria jaso zuelako.

Nahiz eta Elgeta eleberriaren oinarrian Jazinto Rivas, ezizenez "Elgeta", soinujolearen bizitza egon, egilearen helburua ez da haren biografia zehatza egitea. Xabier Mendigurenek dioen bezala, trikitilari klasikoaren bizitza aitzakia besterik ez da (Mendiguren 1997). Zertarako aitzakia? Bada, liburuko protagonista diren hiru pertsonaia iheskorren deserrotze eta isolamendu sentipenak adierazteko. Helburu horrekin, elipsiz beteriko narrazio ez lineal eta fragmentarioa garatzen du Agirrek:

"Argudioaren haria kontatzeko orduan ere, Agirrek ez digu eleberrian hasierakoa hasieran eman, ez eta bukaerakoa bukaeran; Saizarbitoariaren ildotik, "ez da zertan historia bat hasieratik kontatu". Lehendabiziko kapituluek argumentuaren bukaera kontatzen digute, Elgetaren ehorzketa eta hortik aurrera etengabe atzeraka-aurreraka dabilen argudioa osatuz joango zaio irakurleari"

Olasagarre 1999.

Eleberriak argazkilari anonimo baten (narratzailea aldi berean), Elgeta trikitilariaren eta Teresa izeneko dantzariaren gorabeherak kontatzen ditu. Hiru pertsonaiek sentipen komun bat dute: atzerritar dira beti, kanpotar, euren herriko plazan baldin badaude ere lekuz kanpo ikusten dute bere burua eta, ezkutatzeko premiaz, iheska dabiltza. "Intruso" (5), "lekuz kanpo" (6) edo "arrotz" (8) bezalako hitzak behin eta berriz azaltzen dira testuan. Atzerritartasun sentsazio hori azpimarratzen duten metaforak eta konparaketak, halaber, sarri agertzen dira: "Ordua baino lehen iritsitako gonbidatuen antzera sentitu nintzen" (12) dio narratzaileak bere buruaz; "iheska bezala ibiltzen omen zen edo itzal-gaizka, bizien mundura ustekabean agertu eta berriro itzultzeko bide bila dabilenaren tankeran" (8), dakar, kasurako, soinujoleaz ari dela.

Azken horri buruz berri gehiago ere baditugu: umezurtz lehen urtetan -familia batek Billabonako hospizio batetatik jaso eta Intxuzabalgo baserrian zaindu zuen- eta arlote zahartzaroan -Donositako Amara Zaharreko karitate etxe batean hil zela dirudi-. Orduan ere atseden egiteko leku bat aurkitzea ez zen erraza izan: "Bere bizitza bidaia luze bat izan da. Eta hil eta gero ere bide luze bat egin behar izan du betiko babestuko duen lurraren bila" (53), esaten du apaizak Elgetaren hiletan.

Baina pertsonaiok izan al zuten noizbait eurena senti zezaketen lekurik munduan? Nekazari edo baserri mundua aberri galdu bat balitz legez deskribatzen du narratzaileak eta, beharbada, hura izan zen, haurtzaroan edo, hiru pertsonaia malenkoniatsuen "mundua". Egun, ordea, desagertzeko zorian dago: "heriotzara kondenatutako kultura" (10) dela esaten du argazkilariak.

Jon Benitok aztertu bezala, Elgetak nekazari mundua eta mundu urbanoaren (Donostiak eta batez ere Madrilek irudikatzen dutena) arteko kontrastea azaltzen du. Lehenengoan isiltasuna eta bakea dira nagusi; bertan haurtzaroko paradisu galduaren aztarnak antzeman daitezke: "haurtzaroarekin lotzen ninduen usain gozo eta sarkori hori" (1); bigarrenean, berriz, zarata eta presa gailentzen dira.

"Lehenengo munduaren ezaugarri nagusia, nekazari munduarena nahi bada, baretasuna eta oreka da. Paradisuaren halako irudi bat ematen du. Baina itogarria da, itxia, aldi berean. Eta handik alde egitera behartuta daude pertsonaiak, hiltzera baitoa mundu hura. (...) Hiria jendez betetako leku bakartia izango da"

Benito 2007: 145-146.

Espazioaren semantizazioa kontutan hartuta, ez da harritzekoa nobelako eszena argitsuena, Elgetak eta Teresak elkar ezagutu zuten erromeri eguna, nekazari munduan kokatua egotea; eta eszena ilunena, berriz, Elgetak Teresa kabaretean ikusten duen unea, Madrilgo auzo lizunenean.

Pertsonaia baztertu hauek badute, hala ere, aterperik: artea. Hiruretako bakoitza trebetasun baten jabe da: narratzaileak eta Elgetak bizkarrean zintzilik daramatzaten argazki kamera eta soinuak, hurrenez hurren, argazkilaritzarako eta musikarako joera ematen dute aditzera; eta Teresaren ibilera arinean, grabitate ezean bizi balitz bezalako horretan, dantzarako dohaina islatzen da. Behatu, musika jo eta dantzan egin: hori da arloteon salbazioa... eta era berean kondena.

Mundua kanpotik ikusi arren, barrutik ez bizitzera kondenatua dago. Jon Benitok argazki kamera sinbolo urbanotzat jotzen du (Benito 2007: 144). Nire ustez kamara narratzailean nagusi den zentzuaren anplifikazioa da, ikusmenarena alegia -egitez, narratzaileak bere burua "begiradaren profesionala" (49) hitzekin definitzen du-, eta ikusle soilaren egoera ematen du aditzera. Bizi beharrean, argazkilariak bizitza begiratu egiten du. Bistaz baino ezagutzen ez dituen emakumeekin maitemintzen dela ez da ahaztu behar (Teresa ere bistaz du ezagun; argazki batek hurreratzen eta aldi berean urruntzen dio maitea).

Soinujoleari dagokionez, musika egiten du, eta musika eta bizitza pareko direla pentsatzen du -beraz, Elgetak bizitza bizi duela esan daiteke- baina ez da dantzan egiteko gai (musikak hurreratzen eta aldi berean urruntzen dio maitea). Azkenik, Teresaren kasuan, dantzan egiteko aurkitzen duen kide bakarrak prostituzioaren mundura bultzatzen du.

Pertsonaia bakartion kondena, azken batean, sekula elkartzerik ez izatea da. Nobelan zehar bata bestearen atzetik jarraika dabiltza: argazkilariak Elgeta iheskorrari jarraitzen zaio, Elgeta Teresari, Teresa soinujolearen bila bueltatzen da urteak pasa ostean, argazkilaria Teresaren atzetik abiatzen da... Hiru pertsona bakarti baino ez dira, elkarri konpainia egitea bazutenak, baina egiten ez diotenak. Horren irudi garbia da azken eszena, non argazkilariak eta Teresak amodioa egiten duten, baina bigarrenak Elgetaren izena duelarik ezpainetan.