Arkitektura

Elexaldeko Andra Mariaren eliza. Galdakao

Andra Mariari eskainitako eliza Galdakaoko Elexalde auzoan dago, hiriko auzorik altuenean. Bizkaiko erromanikoaren eraikuntzarik garrantzitsuena dela esan daiteke eta herrialdeko elizarik zaharrena dela ere esan izan da, kontserbatu direnen artean. Ez dago bere jatorria azaltzen duten datu historikorik, baina iritsi zaizkigun errestoei erreparatuz, XII. mendekoa izan daiteke. Ziur aski lehenagotik ere egongo zen elizaren bat leku horretan, baina ez daukagu ez daturik ez hondarrik baieztatzeko.

Gaur egun bisitatu daitekeena kronologia ezberdinetan egina dago eta ohikoa den bezala, historian zehar eraldaketa asko izan ditu. Parterik zaharrena oinaldea da, nabea. Bi tramu ditu eta erromaniko berantiarra da, XIII. mendearen bigarren erdialdekoa gutxi gora behera. Tramu hauek harlanduz eginak daude, horma sendoak dituzte, eta gurutze-ganga sinplez estaliak daude. Oinean kanpai-horma bat du, triangeluarra eta erdi puntuko bi arku txikirekin. Ohikoak izaten dira Euskal Herriko erromanikoan kanpai-hormak, dorrearen ordezko merkeak baitziren. Nabe honen hegoaldeko horman badago dorre poligonal bat, gangetara igotzeko eskailerak dituena eta saetera txiki batzuei esker argiztatzen dena. Kanpotik kontrahorma batzuk ere ikusi daitezke.

Elizaren hormetan badaude mentsula batzuk, agian eraikuntza zaharrago baten errestoak izan daitezkeenak. Giza irudiak dituzte eta estetika erromanikoa daukate.

Zati erromaniko honen parterik interesgarriena hegoaldeko portada da, eliza zaharraren sarbide nagusia, eta benetan berezia dena Bizkaiko artearen historiarentzat. Sarrera arku zorrotz bat da eta tejaroz batek enmarkatzen du, konposizio erromanikoek izaten duten bezala. Tejaroz honetan harburu batzuk daude teilatutxoa sostengatzen, giza irudi trauskil batzuekin. Portadak arkibolta ugari ditu, txarabeldua baita eta denetan ditu erliebeak. Esfingeak, aingeruak tronpeta jotzen, animaliak, animalia fantastikoak, gizon eta emakumeen aurpegiak eta begetalak agertzen dira, baina baita gai bat garatzen dituzten irudiak ere. Hala, kanpoko arkiboltan Azken Judizio egunean gertatuko den hilen berpiztea agertzen da irudikatua, gizon eta emakumeak haien hilobietatik altxatzen irudikatua baitago. Horrekin batera aingeru batzuk daude, Judizioaren eszena honetan agertzen direnak, eta badaude neska batzuen irudiak ere, ikerlari batzuen arabera Birjin tuntunen eta Birjin zentzudunen parabola irudikatzen dutenak.

Portiko honen berezitasuna da duen arkubarnera trilobulatua, tinpanoaren ordez. Bertan dago irudikatua Deikundea, alde batean San Gabriel Goi-angerua eta bestean Ama Birjina dituelarik. Eskulturari dagokionez oso trauskila da, irudiak ez dira oso naturalistak, eta tratatzen duen gaia Erromanikoan oso ohikoa zen. Baina arkubarnera trilobulatua izatea eta eta arku zorrotza edukitzea gotikotik hurbil daude. Hori dela eta portada hau Erromaniko berantiarra edo protogotikoa dela esan izan da. Edozein modutara, kontutan hartu behar dugu Bizkaian Erromanikoak ez zuela gainontzeko herrialdeen garapena izan, eta Erromanikoaren eta Gotikoaren ezaugarriak batera ikusteak ez du esan nahi eboluzio artistiko bat egon denik, baizik eta elementuen justaposizioaren seinale dela. Bizkaian ez zegoen botere zentrorik, beraz zentro artistikorik ere ez, eta Erromanikoa oso berandu iritsi zen, ez zuen eraikuntza nabarmenik utzi eta nahastuta agertzen da Gotikoarekin. Horregatik ez da erraza Erdi Aroko aztarna hauek modu zehatz batean datatzea. Bertako Erromaniko berantiarrean adibidez gurutze-gangak egiten dira, edo arku zorrotzak, gotikoaren ezaugarriak direnak, baina horrek ez du esan nahi hemen Gotikoa ezartzen zenik, baizik eta zentro artistiko sortzaileetatik teknika eta elementuen oihartzunak iristen zirela eta hemen denak nahasita ikusten ditugula. Hala eta guztiz ere, honek ez dio garrantzia kentzen Galdakaoko elizari, ezta gutxiago ere. Periferiako eliza izanik, ia bakarra da horrelako ezaugarriekin Bizkaian eta hori dela eta eliza Erromanikorik garrantzitsuena da.

Eliza erromaniko hau XV. mende bukaeran txiki geratu zela pentsatu behar dugu, Euskal Herrian oro har zehar gertatu zen bezala, eta horregatik XVI. mende hasieran handitze bat egin zioten. Burualdea kendu eta berri bat egin zioten, askoz handiagoa. Oinplanoan ongi ikusten da zati berri hau: gurutzadura bat balit bezala eraiki zuten bi tramuko beste gorputz laukizuzen bat, hiru nabekoa. Zati hau ere gurutze-gangaz estalita dago, baina dekoratuagoa daude hauek, tertzeletezkoak baitira. XVI. mendean ohikoa den legez, koloma sendo batek sostengatzen ditu gangak, hallenkirche bat balitz bezala, eta kanpoan kontrahormak ditu. Zati honek leiho gehiago dauzka, kasu honetan okulu borobil batzuk barruan trazeria begetal bat dutelarik. Zati honen burualdea laukizuzena da, tramu erromanikoaren zabalera berarekin. Beraz, bi zatiak uztartzeko ideia ikusten da.

Eliza honek bere hegoaldean arkupe bat du, harlangaitzezko horma baten gainean egurrezko estruktura bat duena. Euskal Herriko arotzen lana dago ikusgai hemen, mihiztatutako egurra baita. Eliza babesteko egiten ziren elementu hauek, baina baita udaleko batzarrak egiteko ere. Ezaguna da udaleko batzarrak edo herriaren gaiak tratatu edo arazoak konpontzeko elizpean elkartzen zirela herritarrak, beraz, beharrezkoa zen euri eta haizearengandik babesa zuen toki bat egitea. Eliza askotan XIX. eta XX. mendean kendu egin diote jatorrizko itxura berreskuratzearren, baina Galdakaoko tenplu honek kontserbatu egin du historiaren testigantza ematen duen elementu hau.

Eliza honek baditu ere altzari interesgarri batzuk, erretaula nagusia adibidez. Markina-Xemeingo erretaularekin batera, Bizkaiko Errenazimenduko erretaularik aipagarrienetariko bat dugu. Biak ere 1530 ingurukoak dira eta egitura bera dute, kutxatilez osatua, eta Errenazimenduaren lehen fasean kokatu behar ditugu. Beheko partea 1660koa da, barrokoa beraz, nahiz eta egitura aldetik Errenazimenduko erretaula jarraitu, estetika modu bortitzean ez hausteko. Markinako erretaula bezala, honek ere "arau hispanoa" darrai, alegia, urrearekin egindako bikromia. Kasu honetan urrea eta kolore gorria konbinatzen ditu bikromia hori sortzeko. Helburu didaktiko argia izaten zuten garai honetako erretaulek, eta horregatik dituzte erliebez betetako kutxatilak. Erliebe hauetan Genesiko pasarteak eta Jesukristoren bizitzaren eszenak irudikatzen dira hurrenez-hurren eta sekuentzia batetan, XVI. mendeko komiki erraldoi bat balitz bezala. Erretaula honek duen berezitasuna da hauts-babes handiak dituela alboetan, eta bazter guztietako kutxatiletan ikusten diren txirlak, benetan orijinalak eta Euskal Herrian bakarrak.

Erretaula honez gain badaude erretaula gehiago alboetan eta nabean, barrokoak direnak.

Galdakaoko Andra Mari eliza Bizkaiko Erromanikoaren aztarnarik garrantzitsuena dugu, aipatutako ezaugarriengatik eta baita garai honetako aztarnen eskasiarengatik ere. Baina ez hori bakarrik, Errenazimenduko erretaulen artean pieza nabarmen bat ere gordetzen du barruan, eta guzti horrek tenplu hau monumentu bikaina bihurtzen dute.