Dramaturgoak

Eleizegi Maiz, Katalina

Antzerki idazle donostiarra. 1889ko apirilaren 6an jaio zen Donostian (Gipuzkoa) eta 1963ko azaroaren 19an hil Lizarran (Nafarroa).

Irakasle ikasketak egin zituen Burgosen baina euskal antzerkia elikatzen pasatu zuen bere bizitza, gerra aurretik Donostian (Gipuzkoa) eta gerraostean Lizarran (Nafarroa).

Hiru neba-arrebetan nagusiena izan zen. Bere atzetik Joxe jaio zen eta urte batzuk beranduago Jesus Mari. Kaietano arotz urnietarra eta Juana etxekoandre donostiarra ziren euren gurasoak. Txikia zenean, bospasei urterekin, katarro bat txarto osatu eta handik aurrera bronkitis kronikoa eduki zuen bere bizitza osoan. Gaixotasun honek ganoraz arnastea galarazten zion, asma zeukan eta eztarria urratuta.

Burgosera joan zen bertako Irakasle Eskolan ikasteko. XX. mendearen hasieran 'Escuela Normal' delakoetara joaten ziren emakume asko maistra izateko ikasketak jasotzera (batzuk lan egiteko eta beste batzuk kultura izateko), eremu publikoko jarduera femeninoa zen hau, sozialki legitimazio eta prestigio handiena zuena eta arbuiorik sortzen ez zuena.

Tituludun euskal maistren lehen belaunaldikoa izan zen, baina ia ez zuen eskolarik eman, familiak ematen zion errenta batekin bizi izan zen, beraz, ezkongabe eta etxean idazten geratzeko egoera aproposa zuen. Virginia Woolfek esaten zuen emakume batek idatzi ahal izateko norberaren gela eta errenta bat behar zituela. Katalinak baldintza hauek betetzen zituen eta hortan aritu izan zen bere bizitza osoan zehar.

Ez zen ezkondu, bere garaian emakumeen helburua hori bazen ere. Eta ez zuen seme-alabarik izan, orduko emakume izaeraren ezaugarri gorena bete gabe utziz. Gainera, maistra izateko ikasi zuen eta antzezlanak idazten zituen; ezohiko jarduerak orduko emakume batentzat, hamarkada haietan literatur generorik ugariena, antzerkia, idazten zuten egile kanonikoen izenek (Lauaxeta, Lizardi, R.M. Azkue, Abelino Barriola, Toribio Altzaga, Antonio Labaien, Pierres Larzabal ...) aditzera ematen diguten modura.

Bere gaztaroan bidaia asko egin zituen eta Euskal Herria ondo ezagutu (Gipuzkoa eta Nafarroa batez ere), baina bere bizitzaren bigarren erdia Lizarran pasatu zuen, zehazki azken hogeita zazpi urteak. Gerra Zibilaren hasieratik hil arte, esan bezala, herri horretan senar-emazte batzuen maizter bizi izan zen Katalina.

Lizarran idazten jarraitu zuen, bisitak hartzen eta gero eta gutxiago irteten. Bere neba Jose eta Maria Luisaren seme-alabak edo bere etxeko andre Josefinaren ilobak Lizarrako etxera joaten zirenean ipuinak kontatzen zizkien. Helduekin, ordea, berriketa luzeak izaten zituen, bere iloba Migelek zioenez oso solaskide on eta atsegina zen, eta beti zeukan kontatzeko zerbait, oso jakintsua zelako. Josefinaren iloba Rikardo Zufiaurrek hitz hauekin gogoratzen du: "oso heziketa onekoa baina maitakorra aldi berean, mototsean bilduta zeraman ilea eta potolatxoa zen. Bere ahotsa latza zen, marrantak jotakoa".

Katalinaren beldurra asmak itota hiltzea zen arren, ez zen halakorik gertatu. Heriotzak ezustean harrapatu zuen hirurogeita hamalau urte zituela. Ahoan infekzio bat izan zuen eta medikuak injekzio bat ipini zion. Honek erreakzio alergikoa egin zion eta horrela joan zitzaigun Lizarran 1963ko azaroaren 19an.

1994ko abenduan Azpeitian egin zen XII. Antzerki Topaketetan omenaldia egin zioten bere jaiotzaren 105. urteurrenean. Bere lanik arrakastatsuena izan zen Garbiñeren berrargitalpena egiteko aprobetxatu zuten orduan. Antzezlan honek hamar urtetan hamar aldiz antzeztu zuten, Toribio Altzagaren Ramuntxo baino bi aldiz gehiago. Argi dago bere hasierako lanek arrakasta handia izan zutela, bai kritikari eta antzerki mundukoen artean, baita ikus-entzuleen artean ere.

1926an Toribio Altzagari egin zioten elkarrizketa batean honek esan zion kazetariari Katalina Eleizegi eta Abelino Barriola zirela orduko euskal antzerkiaren klasikoak eta geroago, kazetariak eskatu zionean antzezlan onenen zerrenda egitea, Altzagak Eleizegiren Garbiñe aipatu zuen lehenengo lekuan eta Bost urtian, bere lana, bigarren. Bistan da oso desberdin baloratu izan dutela Katalinaren lana bere garaian eta gaur egun. Hona hemen Katalinaren lanei buruz orduko aldizkari eta egunkarietan esandako batzuk:

"el grandioso drama de época Garbiñe, original de la señorita Catalina Eleicegui (...) Si la noche del estreno causó Garbiñe una impresión de asombro, esta llegó a su maximum de intensidad en la segunda representación, en que pudieron apreciarse las grandes bellezas de todos órdenes que encierra tan hermosa producción. Bien lo manifestó el público con sus nutridas ovaciones, obligando además a la autora a salir repetidas veces a escena a recibir el homenaje de admiración tributado por la electrizada concurrencia"

(Euskalerria 1917)

"No decae un momento el interés siempre creciente del asunto, el diálogo está salpicado por pensamientos en que se descubrió el ingenio y delicadeza de la autora y el lenguage reveló un casticismo recomendable. Y ahora sólo nos resta presentar a la autora; es la señorita Catalina Eleicegui, quien ha sorprendido con una obra dramática de altos vuelos, de desarrollo maravilloso, en que ha salvado por modo sorprendente escollos en que resbalan con frecuencia autores avezados en lides teatrales. Garbiñe no parece la obra de una autora que empieza, sino de una que llega. De donde se deduce que la señorita Eleicegui al empezar ha llegado. Que sea enhorabuena"

(Altzaga 1917)

Bere garaiko egile gehienek egunerokotasunari eta hurbileko inguruari buruz idazten zuten bitartean, Eleizegik beste garai eta lurralde batzuetara garamatza: Erdi Arora edo Brujas hirira, besteak beste, eta Euskal Herriko historia eta usadioak kontatzen dizkigu, bereziki, emakumeei dagozkienak. Emakumeak baiziren bere antzezlanetako protagonistak izenburuetan ikus daitekeen moduan.

Euskal literaturaren historian askotan aipatzen dute Eleizegi, baina gutxitan aurkitu dugu bere obrak garaian izan zuen garrantzi eta lekuari buruzko hausnarketarik. Salbuespen nabarmenetakoa, ezbairik gabe, Harkaitz Cano dugu, "euskal antzerki modernoaren ama" izendatu baitzuen.

Eleizegiren helburuetako bat euskal nazionalismoa zabaltzea zenez, txapelketaren sistemarekin bere lanek bidea egiteko aukera zutenez eta garai hartan modan zegoen generoa zenez, ulergarria da antzerkiaren aldeko apustua egin izana.