Ekonomikoak eta sozialak

EKGK - Euskadiko Kooperatiben Goren-Kontseilua

Euskadiko Kooperatiben Goren-Kontseilua - EKGK formalki 1983ko urtarrilaren 28an eratu zen. Kooperatibismoa sustatzeko eta zabaltzeko topaketa-organoa da, eta baita Euskal herri-administrazioen aholkularia kooperatibismoari buruzko gai guztietan.

Lehenengo ekitaldietan euskal kooperatibismoa egituratzeko jardunean aritu zen, Kooperatiben Federazioak martxan jartzen eta erakundeari nazioartean maila goreneko presentzia emateko lan egin zuen (1988ko urrian bihurtu zen EKGK Nazioarteko Kooperatiba Aliantzaren kide).

Kooperatiben Federazioak 1988 eta 1991 artean hasi ziren lanean eta EKGK-k erakunde horien bidez bideratzen ditu mugimendu kooperatiboaren kezkak eta proposamenak jokaleku berrian bere identitate kooperatiboarekin kokatzeko. Kooperatiba-legerian aditu diren pertsonekin, proposamenak aztertu eta, aurreproiektuaren zirriborroa prestatu zuten; hortik sortu zen Euskadiko Kooperatiben 4/93 Legea.

Euskadiko Kooperatiben Goren-Kontseiluaren Osoko Bilkuran erakunde anitzek dute ordezkaritza. Modu honetan osatzen da, beraz:

  1. Eusko Jaurlaritzako 3 ordezkari.
  2. Kooperatiben Federazioek 7 ordezkari dituzte:
    1. Euskadiko Lan Elkartuko Koop. Federazioa - ELEKF (2)
    2. Euskadiko Nekazari Koop. Federazioa - ENKF (1)
    3. Euskadiko Irakaskuntza Koop. Federazioa - EIKF (1)
    4. Euskadiko Kontsumo Koop. Federazioa - EKKF (1)
    5. Euskadiko Garraiolarien Koop. Federazioa - EGKF (1)
    6. Euskadiko Kreditu Koop. Federazioa - EKKF (1)
  3. Euskal Herriko Unibertsitateetakoak 3 ordezkari:
    1. Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU)
    2. Mondragon Unibertsitatea (MU)
    3. Deustuko Unibertsitatea

Kontseiluaren sorreraren XXV. urteurrenaren harira, 2009an, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren Historia (1983-2008) liburua argitaratu zen; bertan, gertaera garrantzitsuenak laburbiltzeaz gainera, argazkien bitartez, erakundeen azpian izan diren gizon eta emakumeak azaldu ziren.

  • Web orria EKGK [Kontsulta data: 2012ko urtarrilak 11].