1963ko maiatzaren 24an Errenterian (Gipuzkoa) jaiotako idazlea.
Bermeon (Bizkaia) bizi da 1993tik. Filologia Hispanikoan lizentziatua, Gipuzkoa eta Bizkaiko batxilergo institutuetan lan egin zuen, eta 1995az geroztik irakaskuntzari buruzko ikerketen ISEI-IVEI erakundean egiten du, lehen Hezkuntzako Curriculum Garapenerako Institutua deitzen zena eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren menpe dagoena.
Ezezaguna zen euskal letren panoraman, harik eta 1998. urtean Printzesa puzkertia lanagatik gaztetxoentzako narratiba Baporea Saria irabazi zuen arte. Lana hurrengo urtean argitaratu zuen erakunde antolatzaileak, SM argitaletxeak, eta digestio arazoak tarteko, puzker asko botatzen dituen neskato baten istorioa kontatzen zuen. Printze bat ezagutu duenean, sendatzea erabaki du. Horretarako, proba batzuk gainditu behar ditu.
Hala ere, Egañak aurretik ere eginak zituen gaztelaniazko hainbat literatur lan, eta 1992. urtean Salamancako Atenea Sarian geratu zen lehen postuan, eta Gipuzkoako hiriburuko Donostia Hirian bigarren.
Baporea Saria jasotzean aipatu zuen eragin handia izan ziola Mariasun Landa gipuzkoarraren pertsona eta obra literarioak, eta idazle horrek eman ziola animorik gehien euskarazko haur literaturan aritzeko.
Ondoren, haurrentzako lan hauek argitaratu ditu: Mari (Baigorri, 2000), Eskolan (Baigorri, 2000), Benetako pirata (Elkarlanean, 2001) eta Maritxu (Erein, 2001). Horrez gain, helduentzako ipuin bat ere argitaratu zuen, Protesia izenekoa, Gutiziak (Txalaparta, 2000) bilduman, hogei bat idazleren lanak biltzen zituena.
Benetako pirata lanak Arrate Egañaren beraren marrazkiak zituen, eta arte plastikoen sariren bat ere irabazi du.
Hezkuntza-testuen arloan, bi lan argitaratu ditu, biak taldean eginak, beste pertsona batzuekin batera: Euskal hizkuntza eta literatura, gaztelania eta literatura, atzerriko hizkuntza (ingelesa) (Pedagogi Berrikuntzarako Zuzendaritza, 1997) eta Prentsa Tailerra (Pedagogi Berrikuntzarako Zuzendaritza, 1997).