Urriaren 30ean eta 31n eta azaroaren 1ean, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren lehenengo edizioa antolatu zuten Santa Maria Uribarri elizaren elizatean. Gerediaga Elkarteak, urte bereko uztailean eratu zenak, euskal liburuen erakusketa berreskuratu zuen neurri batean, Eusko Ikaskuntzaren eskumeneko Baraibar taldeak 1935eko irailaren 1etik 8ra Arabako Aldundiaren jauregian egin zuen eran.
Azokaren xedea zen ikusgai jartzea euskarazko edo euskal gaiei buruzko argitalpenak, argitalpen-merkatuan bazeuden ere liburutegietara eta irakurleengana, oro har, heltzen ez zirenak. Bertan izan ziren lau euskal aldundietako argitalpen-zerbitzuak, kultura-erakundeak, argitalpen-etxe komertzialak eta erlijiozkoak, bai eta zenbait diskoetxe ere; 18 erakustokitan jarri zituzten haien argitalpenak.
Berrikuntza gisa, katalogo bat egin zuten, salgai zeuden liburuen eta diskoen erreferentziak biltzen zituena. Katalogo hori erreferentziazko dokumentu bihurtu zen euskal kulturaren zale guztientzat.
Lehenengo edizio horretatik aurrera, argitalpenen erakusketa- eta salmenta-toki izateaz gainera, euskal kultura maite zutenentzako topaleku bihurtu zen Durango. Azoka-egunetan, elizatean bertan, folklore- eta musika-ekitaldiak gauzatu ziren, bai eta XIX. mendean zehar eta XX. mendearen hasieran Durangoko inprimategietan argitaratutako liburu zaharren erakusketa bat ere.
Alderdi ekonomikoari dagokionez, asko saldu zen azokan, eta hurrengo edizioetan parte hartzeko pizgarri izan zen hori erakusketarientzat.
1966an, bigarren edizioan, gaztelaniazko 396 lan eta euskarazko 284 jarri ziren ikusgai 17 erakustokitan. Urte horretan, ekitaldi-programan sartu zituzten Bizkaiko Bertsolari Txapelketa (Jon Jon Lopategi izan zen txapeldun), eta Ez dok amairu taldearen kontzertua. Aurreko urtean sortua zen talde hori, eta, gerora, euskal kantagintza berriaren oinarrizko erreferentzia bihurtuko zen.
Santa Mariako elizatea berriztatu egin zuten 1967an, eta, hori zela eta, ezin izan zen Durangoko azoka egin. 1968an egin zuten hirugarren edizioa. Edizio horretan, azoka sendotu egin zen, gero eta erakustoki gehiago jartzen baitzituzten; urte horretan 28 izan ziren.
Euskararen eta euskal kulturaren inguruan lan egiten zuten taldeek eta pertsonek isilpean egindako lan jarraituari esker, Durango ezinbesteko topaleku bihurtu zen azaroaren 1eko jaietan zehar. Eragile kulturalek iritziak eta esperientziak azaltzen zituzten bertan, proiektuak prestatzen zituzten, edo, besterik gabe, erreferentziazko gai beretan interesa zuten jendearekin biltzen ziren. Euskal liburuek eta diskoek, egun horietan zehar Durangon ikusgai egoteaz gainera, gero eta garrantzi handiagoa hartu zuten euskal gizartean.
Azokak agerian utzi zuen bere bokazioa iritzi kulturaleko belaunaldian; hitzaldiak antolatu zituen, hala nola 1973an Nicolas Alzolak emandakoa, irekiera-ekitaldi gisa, Durangaldeako idazleei buruzkoa. Alabaina, ez zegoenez instalazio egokirik, hasiera horretan hitzaldi gutxi egiten ziren.
Erregimen frankistako zenbait pertsonak eta erakundek ez zuten gustuko azoka kultura-topagune izatea. 1974an, Fulgencio Coll de San Simon militarrak, 1968az geroztik Bizkaiko Gobernadore Zibil eta Mugimenduaren Buru zenak, Durangoko Azoka debekatu zuen.
Hala eta guztiz ere, Marcelino Oreja Aguirrek, Informazio eta Turismoko idazkariorde eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide zenak, azokaren alde egin zuen, eta, horri esker, hura antolatzen jarraitu ahal izan zuten, Merkatu plazara eraman beharra izan bazuten ere.
1975eko edizioan, Gerediaga Elkarteak erabaki zuen kulturarekin lotutako jarduerak sustatuko zituela programan, ekitaldi folklorikoen kaltetan.
Ziurgabetasun-giroa zen nagusi edizio horretan, Franco hilzorian baitzegoen; hain zuzen ere, hilabete horren 20an hilko zen. Diktadorea hil ostean, zeharo aldatu zen argitalpenen eta diskoetxeen egoera, argitaletxe berriak sortu baitziren, adibidez, Hordago, Elkar eta abar, ordura arte debekatuta egondako gaiak jasotzen zituzten liburuak eta diskoak aurkezten zituztenak. Gobernuak "aurrez administrazioaren mende uzteko" beharra xedatu zuen horietako batzuen gainean, baina errealitatean ez zeukan eraginik.
1979ko udal-hauteskundeek aldaketa handiak ekarri zituzten udaletan eta aldundietan, eta 1980an Eusko Jaurlaritza eratu zen; horri esker, azokak laguntza handiagoa jaso zuen erakundeengandik.
Gerediaga Elkartea, berriz, krisialdian zegoen, kide ugari beste arlo batzuetara bideratu baitziren, hala nola gizarte, politika eta sindikatu arloetara. Dozena erdi bat pertsonak egiten zuen militantzia-lana, eta Durangoko Azoka eta beste ekitaldiren bat antolatu besterik ez zuten egiten ia. Azoka oso garrantzitsua zela ulertuta, eta indarrik ez bazuten ere, azoka eraldatzea erabaki zuten garai berrietara egokitzeko.
1980an, gobernu zentralak lan-egutegia aldatu zuen, eta azaroaren 1ak jaiegun izateari utzi zion. Andra Mari Sortzez Garbiaren jaiegunera, hau da, abenduaren 8ra, pasatu zuen azoka Gerediaga Elkarteak. Urte horretan bertan, elkartearen egoera berriari aurre egin ahal izateko, Gerediaga Elkarteak pertsona bat liberatu zuen ekitaldia antolatzeko.
Azokaren esparruan bertan, kultura-jardueretarako espazio bat prestatu zen, eta, urte horretatik aurrera, gai jakin baten inguruan antolatu ziren horiek. 1982an amaitu zen azokaren lehenengo eraldaketa hori; stand zaharrak kendu eta irudi berritzaile eta modernoarekin bat zetozen beste batzuk jarri zituzten.
Ikasle eta irakasle eguna ere antolatu zuen Azokak, txikienei zuzendutakoa. Jarduera espezifikoak biltzen zituen jardunaldi horren xedea zen kultura eta euskara zabaltzea. Gerora, xede hori sendotu egin zen, 1990ean Haur Literatura Txokoa sortu baitzuen Berbaro Elkarteak.
80ko hamarkada horretan, aldaketa- eta askapen-mugimenduak ziren nagusi, eta euskal kulturaren inguruko topaleku eta erakustoki nagusi bihurtu zen azoka. 1982an, azokaren egunetan zehar, Durango Euskal Idazleen Elkartea sortu zen, eta 1984an Euskal Editoreen Elkartea.
Merkatu plazan ez zegoen behar adina leku azokarentzat. Beraz, 1985an banandu egin zituzten erakustokiak; Merkatu plazan jarri zituzten liburuenak, eta diskoetxeenak, berriz, Santa Mariaren elizatean. Hurrengo urteetan espazioa handiagotzen saiatu ziren; alboko kalea edo Merkatu plazaren atzeko plaza ere betetzen zituzten.
Gerediaga Elkarteak, 1986 eta 1988 urteen artean, Euskerazko Liburu eta Disko Azokaren hiru edizio antolatu zituen udaberrian. Abenduan egiten zenaren antzekoa zen, baina euskarazko materiala soilik biltzen zuen. Durangoko 1886-1986 Euskal Jaien mendeurrena ospatzeko jardueren esparruan antolatu zuen lehenengoa, martxoaren 29tik apirilaren 1era. Hurrengo bi urteetan ere, hau da, 1987an eta 1988an, antolatu zuten, baina ez zuenez erantzun onik izan ez parte-hartzaileen, ez bisitarien aldetik, horrekin ez jarraitzea erabaki zuen elkarteak. 1990ean, 25. urteurrena ospatzen zela eta, jarduera-programa sendo bat prestatu zuten; beste jarduera batzuen artean, nabarmentzekoa da Xabier Lete eszenatokietara itzuli zenekoa Antton Valverde musikariak lagunduta.
1992an, Durangoko Argizaiola urteroko saria sortu zen "gau luzean argi izan zirenentzat"; horren xedea zen batez ere frankismo garaiko une gogorretan euskararen eta euskal kulturaren alde egindako pertsonen eta taldeen lana saritzea. Lehenengo edizio horretan, Jon Bilbaori eman zioten saria, euskal bibliografiaren arloan egindako lanagatik.
1996an, azoka Merkatu plazan egiten jarraitu ezin zutela ikusita, Durangoko beste orube batera eraman zuten eta karpa handi bat jarri zuten bertan. 206 stand jarri zituzten karpan 31. edizio horretan; multimedia-salgaien eta teknologia berrien ingurukoak ziren horietatik 12. Aurreko edizioan, Merkatu plazan egindakoan, 183 stand egon ziren.
Liburua eta diskoa kultura eta jakintza zabaltzeko euskarri huts bihurtzen ari zirenez, azokak ateak ireki zizkien teknologia berriei, eta arlo horretako salgaiak lantzen zituzten taldeei eta enpresei gorde zien toki bat.
1999an, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka birtuala izeneko merkataritza-proiektua sortu zen durangokoazoka.com domeinuan. Alabaina proiektuak ez zuen aurrera egin, eta, gaur egun, ekitaldia kudeatzeko eta horren gaineko jakinarazpenak egiteko erabiltzen da web-orri hori.
XXI. mendearen hasieran, azoka-esparru bat eraikitzeko lehenengo pausoak eman zituen Durangoko udalak. 2003an, Landako Erakusazoka ireki zuten; 3.750 m2-ko pabilioia da, eta irudi eta aukera berriak ekarri dizkio Durangoko Azokari.
Azken urteotan, Gerediaga Elkarteak lan ugari egin du ekitaldi hori euskal kulturaren diziplina anitzeko topaketa-ekitaldi bihurtzeko. Pixkanaka, sendotzen doa merkataritza ekitaldiarekin batera gauzatzen diren kultura-ekitaldien programa. 2006an Eslovenia gonbidatu zutenetik, beste kultura gutxitu batzuen urteroko erakusketarekin aberastu da Durangoko azoka.
2009an espazio espezifiko bat finkatu zen, Ahotsenea izenekoa, euskaraz sortzen duten egileek haien literatura- edo musika-lanak erakutsi ahal izateko. Azokaren zenbait alderdi sarean ere zabaltzen dira, edo ikus-entzunezko bitartekoen bidez; horren erakusgarri da Azoka Telebista proiektua. 45. edizioan, 138 erakusketarik hartu zuten parte 285 standetan, eta 505 salgai berri aurkeztu zituzten azoka-egunetan zehar.