Bilboko ospitale zibileko zuzendaria.
Prestigio handiko medikua izan zen, baina, batez ere, gaixoei eta txiroei eskainitako arretagatik egin zen ezagun. Medikuntza ikasketak lizentziatura horretako Karrera Amaierako Aparteko Saria jasoz amaitu zituen. 1901ean Udal-benefizentzian sartu zen eta handik gutxira Bilboko ospitale zibil santuko irakasle kliniko izendatu zuten eta beranduago bertako klinikako buruzagi. 1930. urtean, Areilza doktorea hil zenean, ospitaleko zuzendari izateko aukeratu zuten. Mediku-ikerketa asko egin zituen, horien artean hauek azpimarratu behar dira: Abcesos cerebrales detrás del lóbulo frontal, Casos clínicos de úlcera gástrica perforada, Afecciones del segmento inferior de la Médula y de la Gota de Caballo, Caso clínico sobre comprensión medular por cáncer vertebral secundaria o cáncer de mama eta Dos casos de fístula yeyunocólica consecutivas a úlcera péptica yeyunal. Bilboko Medikuntza-Zientzien Akademiako presidente ere izan zen. Bilboko Udalak hiriko kale bati haren izena ematea erabaki zuen.
