Militarrak

Diaz de Rada, Eustaquio

Nafarroako Jeneral karlista, Andosillan jaioa, 1815ean. San Pedro de Abanton hil zen, 1874. urtean.

Lehen karlistadan parte hartu zuen eta 1847ko amnistiari atxiki zitzaion, bere komandante-graduazioa baliatu eta San Fernandoren Gurutzea lortuz. Vicalvaradan parte hartu zuen (1854), eta horregatik O'Donnellek teniente koronel maila berretsi zion. 1863an koronel izatera heldu zen, eta 1868an brigadier. Prim jeneralak Burgoseko komandante jeneral izendatu zuen baina ez zuen karguan luzaroan iraun, D. Carlosekiko zaletasuna susmagarria zelako. "Rada koronel izan zen Isabel II.aren garaian -Oyarzunek idatzitakoaren arabera-, hainbat konspiraziotan parte aktiboa izan zuen Primen alboan, azken hori ideia aurrerakoien ordezkari bazen ere". 1870eko apirilaren 18an Veveyko Biltzarrera joan zen; bertan "Cabrera kasuaz" aritu ziren, baita altxamendu berri baten prestakuntzaz ere. Bilkura horretan karlismoaren bigarren arduradun militar gisa azaldu zen, Elioren ostean, eta Euskadi eta Kataluniako mugen ardura eman zitzaion. Diaz de Radak boluntarioen tropak zuzendu zituen horiek Beratik gertu dagoen mendate batetik sartu zirenean eta berehala atzera egin behar izan zuten, Escoda karabineroen komandanteburuaren traizioaren berri izan zutenean, 1870eko abuztuan.

Bi urte geroago, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eta Nafarroako jeneral gisa, bigarren gerra karlistako lehen altxamenduko buru izan zen. Oraingoan, Diaz de Rada Beratik sartu zen berriro ere, eta zertxobait beranduago muga errepasatu zuen Orokietako hondamendia baino lehenago. Urte honetako bertako bigarren altxamenduak bigarren gerra piztea lortu zuen, eta Nafarroako eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako komandantzian Dorregaray jarri zuten Diaz de Radaren tokian; zenbaiten ustez aldaketa hori bere aurkako traizio-salaketek (funtsik gabekoak) eragin zuten, beste hainbaten iritziz, Diaz de Rada Cabreraren zale izateak. Edonola ere, Radak -ez da Radica ospetsuarekin nahastu behar- Carlos VII.aren zerbitzuan lanean jarraitu zuen, Cabrerak eta bere jarraitzaileek, Radak horien artean, Alfonso XII. aitortu zuten arte.