Medikuntza

Delay, Jean

Baionako neuropsikiatra, Pariseko Medikuntza Fakultateko irakasle eta Frantziako Akademiako kide. 1907ko azaroaren 14an jaio zen Baionan. 1987ko maiatzaren 29an hil zen Parisen.

Hiriko zirujaua zuen aita (Adur). San Luis Gonzaga ikastetxean eta Parisen egin zituen ikasketak. Hogeita hamar urte zituela ospitaleko mediku zen eta hogeita hamaika urterekin medikuntza orokorreko irakasle.

Bitartean filosofiako lizentziatura prestatu zuen eta hogeita hamabost urte zituela Las disoluciones de la memoria doktorego-tesia aurkeztu zuen. Tesi horrekin, Ribot eta Bergsonek horrenbeste eztabaidatu zuten arazo bat jorratu zuen, hots, psikologia eta medikuntzaren bateragarritasuna erakusten saiatu zen; lan horretan Sorbonako eta Frantziako eskolako psikologo ezagunen eragina nabari da (Georges Dumas eta Pierre Janet). Hogeita hemeretzi urterekin J. Delay buruko eta garuneko eritasunen katedrako titularra zen Pariseko Fakultatean. 1950ean psikiatriari buruzko lehen Mundu Kongresuan presidente lanak egin zituen, Parisen.

Bere lan zientifikoetan psikiatraren ikerketari buruzko alderdi anitzak barneratzen dira eta biologiako datuen eta psikologiako datuen arteko sintesi bat egiteko premia antzematen da. 600 memoria baino gehiago taxutu zituen eta guztiak hogei lanetan laburbildu daitezke. Honatx azpimarragarrienak: Las disoluciones de la memoria, Las alteraciones del humor, La psicofisiología humana, Los aspectos de la psiquiatría moderna, Introducción a la medicina psicosomática eta zientzia-elkarte ugaritara egindako adierazpenak. Elektroentzefalografiari buruzko gaietan jarri zuen arreta berezia eta teknika berri horrek eskaintzen zituen aukeretan. 1940 eta 1950 bitartean biologiako esplorazio metodoek psikologiaren esparruan zuten baliozkotasuna eta shock-tratamenduen eragintza-mekanismoak (elektroshock, etab.) aztertu zituen eta, horrez gain, shock horien eraginpean jarritako giza-organismoaren aldaera fisiologiko eta kimikoak aztertu zituen.

1952an Frantzian topatutako droga berri batek buruko eritasunean zituen eraginak deskribatu zituen. Klorpromazina izeneko droga horrek aipatu gaixotasunen sintomak nabarmen eta zenbaitetan erabat arintzen zituen. Urte horretan bertan, Pierre Deniker kolaboratzailearekin batera, psikosia sendatzeko terapia baten barnean, shock-metodo terapeutikoei buruzko ikuskapen-lan bat egiten ari zela, ordura arte hain ohikoak ziren tratamendu somatikoak nabarmen aldatuko zituela jakinarazi zuen. Orduan erabilitako fenotiazinak, ordutik gero eta gehiago hedatu diren psikofarmakoen abiapuntu izan ziren. Horrenbestez, data hori psikiatriaren, psikofarmakologiaren edo buruko eritasuna sendatzeko terapeutika kimikoen aro berri baten hastapen-data izan zela esan daiteke. Izan ere, gaur egun arrunki erabiltzen dira bai neuropsikiatrian eta bai medikuntza psikosomatikoan ere, azken horretan jarri zuen, hain zuzen, Delayk arreta berezia.

Baionarra 1959an sartu zen Frantziako Akademian. Baina ez medikuntza arloan egindako lanagatik, literaturaren esparruan egindako ekarpenengatik baizik, izan ere, beste batzuen artean, honako eleberriak idatzi zituen: La ciudad gris, Los descansantes edo Hombres sin nombre. Baina, batez ere, Andre Gideri buruzko psikobiografia itzelaren egile izateak ireki zizkion Akademiako ateak, izan ere, lan hari esker bere garaian literatura-kritikaren sari nagusia jaso zuen. Roger Martin du Gard lagun handia zuen eta haren testamendua ere berak gauzatu zuen. Zeregin horretarako bere lagunaren gutunei buruzko edizio bat prestatu zuen eta baita Nietzscheri buruzko psikobiografia bat ere. Azken lan horretan urte asko eman zituen. Azkenik, titulu anitz eskuratu zituela aipatu behar da, esate baterako: Paris Hiriko Domina Nagusia (1961), Pariseko Unibertsitateko Psikologia Institutuko zuzendari, Frantziako Aliantzaren presidenteorde, Medikuntza Akademiako eta Frantzia eta Europako elkarte ugaritako kide, Zurich, Montreal eta Bartzelonako Unibertsitateetako Honoris Causa Doktore, Ohorezko Legioko eta Arte eta Letretako komendadore, etab. Eta datu bitxi modura, Nurembergeko prozesuan zehar Rudolf Hessen erotasunari buruzko mediku-txostena Delay berak prestatu zuela gaineratu daiteke.

Tratamendu somatikoen metodo modernoek psikiatriaren esparruan
historian zehar izan duten garapena
1917Paralisi aurrerakorraren arintzeaJ. Wagnes von Jauregg
1920Barbituriko bidezko lo-tratamenduaJ. Klaesi
1923Ergoterapiaren aplikazioaH. Simon
1931Raumolfia serpentiak manian duen eragin lasaigarriaren frogaG. Sen, K. C. Bose
1934Kardiazolak eragiten duen konbultsioaL. von Meduna
1935Intsulina-terapiaM. Sakel
1935Leukotomia prefontalaE. Moniz, A. Lima
1938ElektroshockU. Cerletti, L. Bini
1952Fenotiazinak psikofarmako modura sartzeaJ. Delay, P. Deniker
1954Raumolfia serpentia buruko eritasunak sendatzeko erabilpen klinikoaE. Veber