Oso ezaguna begitantzen jat, Bizkaia aldean behintzat, eta hemendik kanpo be bai "Aitte San Migel Ijorretako", "Garaiko plazan otia loran", "Aitte Periko seme Juaniko zer dogu afaritteko?" dantza koplok ahoz aho erabili izan direla bai dantzan egiteko edo polifonia koruetan baina dantza melodia mantenduz. Aitaturiko horrein antzera "Zotzak eta paluek estudiantien kontuek" edo "Txotxangillo Kaminerok eztauko dirurik".
Tanbolitteruak ensaiu guztietara etorterik ez eukan alde batetik baina bai mutilak ala neskak trebatu beharra eukon dantzan. Plazaratzeko dagoen gazteak behin eta barriro ekingo deutso puntapijua ostikada antzean, hau da tempo bitan aintzen, geroago gorago. Burutik gora, oina buruaren atzekaldera jasoten ahaleginduko, abarketa puntiagaz bere buruko txapela jaurtiten saiatuko da. Ahalik eta lekurik txikienean Banangoa egitea gura izango dau, txapelaren gainean edo kuartien gainean, edo zergatik ez! buelta bakarraren ordez bueltabikoitza egitea gura izango dau dantzaren erritmoa galdu barik.
Abileziak eskuratu egiten dira. Eguneroko izerdiaren emoitza, egun askotako ordu mordoaren emoitza izango da plazan ikusiko doguna. Jakina, dantzariak plazan tanbolitterua izango dau lagun baina eta bien bitartean? Ba, ha hor ba! Hemen sortzen, hemen sartzen dira koplak. Beharbada bateon batek abestuz lagunduko deutso, etxekoren batek edo auzokoren batek, edo bestela norberak bere kautan ekingo deutso. Doinu hutsa izan beharrean letragaz batuago sentiduko da gure jantzaria. Letraren zein zatitan gurutzetxoak egin, puntapijue bota, grabilletie eragin, jagije, bueltie... kopla izango dau lagun.
Nik neuk, eta nire anaiak eta arrebak be bai, baserriko eskaratzean gure aitak kortako beharrak amaitzen zituenean afal aurretxoan edo bestela ostean errosarioa errezau aurretik, aitak hartzen gintuezan belaun buruan eta larai laralarai lai larai aitte san migel... edo txotxangillo kamiñerok... kantatuz erritmoan sartzen ginen. Kantuan amak zein attitte amamak be ekiten eutsoen. Hor ikasi genduen dantzan eta kantuan, laratz baltzaren inguruan. Ume nintzela lotu neban sutondoko kopla eta herriko jaietan plazako txistu tanboliña. San Migeletan tanbolitterua bazkal ostean etorri be hor etorriko zan baserriz baserri albogerie batzen, pattar kopatxu bat eta lau txakur edo..., ba eskaratzean kopla doinuan ikasitakoa tanboliñean jantzan egiten genduan etxeko danok. Nire kasuan hau izan zen nire iniziazioa eta plazaratu nintzenean, plaza-mutil, beste dantzariekaz lehian, hemezortzi-hogeitabi urtegaz gazte izanik nor ez da lehiatzen!, plazaratu nintzenean gure dantzen nondik norakoa eta zergatia aztertzen hasi ginen taldean. Harremonak estutu genduzen Durangaldeko beste dantzari taldeekaz. Lehia eta harremona. Euskal Dantzarien Biltzarra sortu zen garaia. Hor geunden. Iztueta, Humboldt, Markos Alkorta, Aita Donostia, Azkue, Argia, Egiguren, Irigoien, Urbeltz, Lizartza, Julian Toledona, Errotari, Amezua, Aldekoa, Linuaren penak... liburuak, partiturak, elkarhizketak, aztertu, interpretatu, plazaratu... hemen aurkitzen ditut gure eskaratzetik haruntzago be Mañarian, Ixurtzan, Abadiñon, Berrizen tanbolitterua falta zanerako dantzariak geldi egon beharrean koplaz lagundurik dantzan egiten zala.
Bestalde, Mañari, Ixurtza, Abadiño eta Berrizko koplok galzorian egon daitekezenez ea lantxo hau ziri zorrotza den eurontzat, kantu gehiago batzerik izango dabe-ta! Gainera, behin eta birritan baino gehiagotan kantau izan ditugu koplok dantzan egiteko, barriak sortu baino lehen.
1868 urte inguruan Mañarian izandako jantzariei jarritako koplak, LUZIA ARTEAGAk kantetan ebazan erara 1985ean.
"Launangoa" deritxon doinua erabiltten eban. Baten izan ezik beste zazpiretan euron baserri izena ageri da. Hara hor:
Zortzi jantzari ondo kunplitu
Jose Ramon bandererua
haren laguntzan jantzan eiteko
Juan Manuel Azkoitibekua
tra la la...
Erretxinien pantorrilakin
Bixenti Mendibutzukua
haren laguntzan jantzan eiteko
Ziprian Landaluzekua
tra la la...
Don Koronelo Geretakua
da jantzari famosua
haren parian jantzan eiteko
Kasero Garaitorrekua
tra la la...
Txontxongilluen buruarekin
Josetxu Galtzarakua
haren parian jantzan eiteko
Paskual Mañazkobekua
tra la la....
Ixurtzan, Abadiñon, Berrizen eta Ijorretan baturiko hainbat jantzari kopla. Eurotariko askotan baserri izena agertzen da. Nikolas Alzola Gerediagaren eskutik heldu jakuz. Nikolasek Ixurtzakoak Markos Gerediagarengandik jaso zituen, Abadiñokoak aldiz Jose Luis Lizundiarengandik.
Agure trikili trakulu bat
gure atien eguen bart
ezetz ta ezetz iñuen baiñe
andrie nahiko zuen hak
lastozkue zan atie
buruko orratza trangie
ha edeitteko etzan aguriek
zetako ete jok andrie
Ixurtzarrak
Kardantzilluen mosuarekin
Jose Sasikolakue
haren parien jantzan eiteko
morroi Urezandikue
Txibita paluaren hankakin
Santi Altunakue
haren parien jantzan eiteko
Joakin Garauntzakue
Kardulatzaren mosuarekin
Fermin Leixartzakue
haren parien jantzan eiteko
Kursulu Kamiñogoikue
Bere buru gorri ta guzti be
Patxi Etxanogoikue
haren parien jantzan eiteko
Benito Goitikue
Artakamara Motxoliñua
Domingillua lepuan
eraijok hire eperdi horri
marruekuen moduan
Aitte San Migel Ijorretako
zeru altuko loria
agure zaharrak jantzan ikusi
t'harek eitten jok barria
Aitte Periko seme Juaniko
zer dogu afaritteko
orioazak gozogozuak
arto beruaz jateko
Perretxikuten nenbillenian
Mendiolako basuan
dama gazte bat billatu neban
elorri baten onduan
Gaztie nintzen, zorue nintzen
jarri ninjakon onduen
amantaltxoa zabaldu eta
altzuen hartu niñuen
Garaiko plazan otie loran
Ermuan Asentziñue
jantzan ikasi gure dabenak
Trumoitteazpire bejue
Berriztarrak
Dantzari-dantzan nonbratu dabe
Angeltxo Dukienekue
tximizdeporrost, tximizdeporrost
Agustin Bekoerrotakue
Zesto zarraren eperdijekin
Zizilio Olakuetakue
zenteno laston kaderarekin
Erramon Ujartekue
Okan berdien koloriekaz
Kazintto Dukienekue
haren guztien tanborrerue
Dionisio Deskargakue.
Abadiñarrak
Dantzari ontzat apartau dabe
Tomas Iberrekue
haren parien jantzan eiteko
Sotero Solozabalgue
Krabeliñia belarrijen da
Patxi Lebarijokue
haren parien jantzan eiteko
Antonio Uxarkue
Larrosatxuen koloriekaz
Martzelo Malukurtukue
haren parien jantzan eiteko
Ebaisto Gaztelugoikue
Albaka adarra ezpanien da
Lorentzo Zenunbekue
harien parien jantzan eiteko
Longatxiki-Arrokue
Zortzi jantzari nonbratu dabez
San Migel Ijorretakuen
beratzigarrena bandererue
tanbolitteruen onduen.
Biñangorako
Hor goiko larretan
eperrak dabiz kantetan
gure auzoko gizontxu hori
kaka darijola praketan
Azak eta porruek
estudiantien kontuek
hamalau oilo jan deutsozela
Basiliori katuek
Hor goiko landetan
eperrak dabiz kantetan
gure herriko alkatieri
kaka ein deutsela praketan
Banango zaharrarentzat
Dantzatu daigun sonbraillu
bagille jaku azaldu
bagille datorrenien
zarrok hilgo'ituk
zarrok hilgo'ituk
gaztiek hurrengo urtien
lara larala laralai
zarrok hilgo'ituk
zarrok hilgo'ituk
artien olgadu gaitien
lara laralarai laralai
Dantzatu daigun sonbraillu
Maria jaku ezkondu
harexen eztegurako
txarri buztana
laban labana
gatz eta arrozetan daukagu
lara larala laralai
txarri buztana
laban labana
guztiok pozik jango dogu
lara laralarai laralai
Txankaerrenkua
Ai ze gizon zuhurra dan
Matxintxo guria
prakatxu zaharrak eta
ona umoria
igaz artorik ezta
aurten hil andria
ze bizimodu dok hori
Matxintxo guria
Txankurriño Kamiñerok
eztauko dirurik
hiru alaba daukoz
ezkondu gurarik
laugarrena semia
kapote zaharrakin
konejutxua dirudi
bere bizarrakin
eztot iñoz ikusi
gure Matxin lotan
orduen bere al dauko
pipia ezpanetan
Pipiak hilten deutso
barruko gosia
pipa horri esker bizi da
Matxintxo guria.
