Kontzeptua

Comète Sarea

"Comète" sarea II. Mundu Gerran iheslariei alemaniarrek okupaturiko Europatik ihes egiten laguntzeko sare klandestinorik famatuena eta eraginkorrena izan zen. Alemaniaren aurkako aire-erasoetan eraitsitako hegazkinlari aliatuak jasotzen zituzten, eta Madrilgo britainiar enbaxadaren zerbitzuen laguntzarekin, Euskal Herriko muga igaro ostean, Gibraltarrera eramaten zituzten.

II. Mundu Gerra hasi ondoren, naziek 1940ko maiatzean eginiko erasoaldiaren ondorioz, belgikar talde bat Angelura iritsi zen; horien artean zeuden De Greef senar-emazteak, Freddy eta Manine seme-alabekin. Handik gutxira, Frantzia garaitua izan zen, eta Europako zati handi bat nazien agindupean geratu zen. Bien bitartean, Bruselan -jada alemanek hartuta zeukatela-, Andrée De Jongh hogeita lau urteko gaztea, Dedée ezizenez ezaguna zena, lehen erresistentzia-mugimenduetan sartu zen, eta hor Arnold Deppé ingeniaria ezagutu zuen. Mugimendukoen xedea zen okupaturiko eremuan harrapatutako soldadu britainiarrak aliatuen eremu aldera eramatea. Hori burutan, biak Euskal Herrira etorri ziren, izan ere, Dedée gaztea gerra aurretik hemen lanean aritua zen. Behin hemen, laster hasi zituzten De Greeft senar-emazteekin lehen harremanak Angelun. Horiek direla medio antolatu zuten frankismo garaiko Espainiara iheslariak ekartzeko sarea, Espainia alemaniar diktadorearen aldekoa izan arren, aliatuen aldeko enbaxadek -batez ere, Britainia Handikoak eta Estatu Batuetakoak- aliatuen interesen alde egiten zuten betiere. Dedéek berehala hasi zituen britainiarrekin harremanak Bilboko kontsulatuen bidez, eta, 1941eko udatik aurrera, Comète sarearen euskal adarra antolatu zuen De Greeftarren laguntzarekin. Horretarako, Agirre Miramon kalean garaje bat eramaten zuen Bernardo Aracamaren laguntza erdietsi zuen, izan ere, garaje horretaz baliatzen baitziren, besteak beste, hainbat kontrabandista. Horien artean zegoen Hernaniko Altzueta baserriko Florentino Goikoetxea, zeina Frantzian errefuxiatua egonik, sarearen konfiantzazko mugalaria bihurtu baitzen. Aliatuek Alemania eta okupaturiko Europaren aurkako bonbardaketak hasi ondoren, Comète sarea etengabe aurkarien kontra eginiko erasoaldietan lurperatutako abioi-gidariak ateratzen hasi zen, Madrileko aliatuen enbaxadekin harremanetan jarri ostean. Comète sarekoek, Belgikan, Holandan edo Frantzia iparraldean lurperatutako abioi-gidariak jasota, bide luze, arriskutsu eta konplikatua egiten zuten Donibane Lohitzunera. Gero, hortik aurrera azken etapa hasten zuten askatasuna erdiesteko asmoz. Tartean, Bidasoa gurutzatu behar zuten orduko Espainia frankistan sartzeko, eta, ondoren, aliatuen zerbitzuek lagunduta, Gibraltarrerako bidea egiten zuten. Handik -jada seguruago- Britainia Handiko baseetara joaten ziren, gero, berriro, abioiekin borrokara joateko.



Alabaina, merezi du aitatzeak Bidasoa gurutzatu arteko gurutzbideak. Izan ere, abioi-gidariak behin Donibane Lohitzunera iritsitakoan, Kattalin Agirreren etxean elkartzen zituzten. Ondoren, Urruñako Bidegain Berri baserrirainoko bidea egiten zuten gauez, eta bertan Frantxia Usandizaga eta Hernaniko Juan Larburu euskal errefuxiatuak jaso ostean, Florentino mugalaria aurrean eta Dedée taldearen atzeko aldean, Bidasoa aldera jotzen zuten gauez lau bat orduko bidea eginez. Bidasoa erreka, berriz, Endarlatsarako bidean dagoen (Irundik Irunera doan N-121-en 83. km-a) eta egun "San Miguel" izenarekin ezaguna den lehengo tren-geltokiaren etxe ingurutik pasatzen zuten. Gero, Oiartzun alderako bidean, Pagogaña eta Erlaitz igo behar izaten zituzten, eta maiz aski lehertuta iristen ziren. Hurrengo helmuga Sarobe baserria izaten zuten, eta, hor, Iriarte Berasategi familiak jaso edo edukitzen zituen. Ondoren, Garaiar eta Arbide familien laguntzarekin, Altzibar auzoan barrena Oiartzun zeharkatuz Errenteriara iristen ziren. Bertan, Donostiako trena hartu eta Aracamaren etxera joaten ziren, eta, hori atxilotu ondoren, Armendariz senar-emazteenera. Behin hara iritsitakoan, euren burua salbatutzat ikusten zuten. Bizkitartean, Bernardo Aracama, iheslariak eraman ahal izateko, Donostiako belgikar kontsulatuorde Luis Lizarriturri edo Madrileko aliatuen zerbitzuekin harremanetan jartzen zen.

Haatik, Comète sareak Euskal Herrian hainbat kolpe jaso zituen, izan ere, naziek eta frankistek ahaleginak egin zituzten berori desegiteko. Horrela, 1943ko urtarrilaren 15ean, salaketa bat tarteko, Urruñaako Bedegain Berriko gordelekua harrapatu zuten: Juan Larburu, Frantxia Usandizaga eta Dedée bera atxilotuak izan ziren eta Alemaniara deportatuak. Dedée atxilotu ostean, bere lagun Jean-François Nothomb-ek, Franco ezizenez ezaguna zenak, ordezkatu zuen, eta muga pasatzeko pasabide alternatiboak bilatu zituen. Ezpeleta eta Zudaire inguruetatik Elizondo aldera jotzen zuten Jean Pierre Elhorga eta Marthe Mendiararen laguntzarekin.

Istorio honetako gertakaririk tristeena, berriz, 1943ko Eguberri bezperan gertatu zen; izan ere, Florentino gripeak jota gaixorik zegoen, eta ezin izan zuen egun horretarako antolatuta zeukaten Bidasoa gurutzatzeko lanetan jardun. Bere ordez, beste bi mugalari bidali zituen, eta erreka ere hazita zetorren. Taldearen buru Jean-François Nothomb Franco delakoa zihoan, Dedée atxilotu ondoren haren ordez jarri zena, hain zuzen ere. Taldeak nonbait Guardia Zibilarekin topo egin zuen, eta horiek ilunpetan tirokatu zituzten iheslariak. Jim Burch estatubatuar pilotu eta Comète sareko partaidea eta Belgikako Antoine d'Ursel antolakuntzaren arduraduna itota hil ziren. Taldeko gainontzekoak, bi mugalariak eta Jean-François Nothomb izan ezik, atxilotuak izan ziren.

Bidasoa inguruan, zorigaitzeko beste gertakari bat okupazioaren amaiera aldera jazo zen, hots, aliatuak Normandian sartu eta nazien aurka gogor borrokatzen ari zirenean. Horrela, 1944ko uztailean, pilotuen ihesa amaituxea zegoen, hain zuzen, borrokak Frantzian bertan egiten zirelako eta Donibane Lohitzunerako bidea egitea ia-ia ezinezkoa zelako. Bien bitartean, Florentinok bere lanean muga gurutzatzen jarraitzen zuen, besteak beste, De Greeftarrek Donostian zeuden britainiar zerbitzuei bidaltzen zien posta eramanez. Bidaia horietako batetik bueltan zetorrela, alemanek, gudaren amaiera ikusten zutelako edo, mugako zaintza-lanak zorroztu zituzten, eta Florentino Bidasoa gurutzatu eta Ziburu aldera gauez zihoala, bat-batean atera eta tirokatu zuten. Florentinok hankan, izterrean eta sorbalda-hezurrean lau tiro jaso eta gero, lurrera erori zen, baina, halere, atxilotua izan aurretik, zekarzkien agiriak ezkutatzeko lain kuraia izan zuen. Gero, Gestapok aitor zezan ahaleginak egin bazituen ere, ez zioten ganorazko esaldirik atera. Ondoren, Baionako ospitalera eraman zuten. De Greeftarrek, bien bitartean, ez zuten denborarik galdu, eta Angeluko Udaleko erresistentzia-taldearen laguntzarekin, ezusteko ederra eman zuten bi polizia frantses gazterekin -Antoine Lopez eta Jules Artola-: alemenez mozorrotu eta Florentino ateratzea erdietsi zuten. Gero, gerra-amaiera arte, Miarritzen gordeta egon zen Florentino.

Horrela, Comète sareari esker, osotara, ia-ia 800 abioi-gidarik lortu zuten nazien hatzaparretatik eskapatzea. Gainera, 1.700 lagunek egin zuten lan Comète sare osorako.

Tartean, ordea, 290 lagunek galdu zuten bizia, horien artean 4 euskaldunek: Frantxia Usandizaga eta Juan Larburuk kontzentrazio-esparruan, eta Alejandro Elizalde eta Edouard Dassiek deportatuta.