Eskolak

Colegio de las Vizcaínas Ikastetxea

...Denek laguntzen dute, denek iritzi bera dutelako "karitatezko obra santu" deitzen dioten irakaskuntzako ekintza horretan.

XVIII. mende erdialdean oraindik Espainia Berrian emakumeari ez zitzaiola heziketa sakonegia eman behar uste zen eta lekaimeen komentuetan neskak onartu eta irakurri eta idazten irakasten zitzaien arren, bere prestakuntza etxeko lanekin eta kuriositateen fabrikazioekin osatzeaz gain, emakumezkoentzat ez zegoen ikastetxerik.

XVIII. mendeko hirugarren hamarkadatik aurrera, euskal talde heterogeneo bat Mexikon elkartu zen hutsune kultural honi irtenbidea emateko asmoz; emakumeei heziketa eta formakuntza emango zion instituzio bat sortu. Aipatzekoa da bultzatzaileak posizio altukoak zirela eta Hispania Berriko bizitzako hainbat arlotan nabarmentzen ziren. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide ziren eta klero, noblezia, kultura eta enpresa mundutik zetozen. Lotura estuak zeuzkaten ekonomi munduarekin, era berean, merkatari ertain, industriari txiki eta langile soilekin loturak zeuzkaten.

Interesgarria da aipatzea euskal taldearen hezkuntza-interesa beste sozio-esparru batzuetan ere jartzen zutela, batzuetan espiritualtasunez beterik, Arantzazuko Amaren Kofradian gertatu zen bezala. Instituzio honek Hispania berriko talde soziala osatzen zuten kideei, gizarte-laguntza, behartsu, alargun eta umezurtzei laguntza emateko asmoz sortu zen. Kofradia elizak arautzen zuen baina independientea zen, Estatuari nahiz Elizari zegokionez eta Mexiko hirian zeukan presentzia XVII. mendeko azken tertziotik zetorren, 1681eko abenduaren 18an notario bidez sortu zelarik. Ez dago esan beharrik, lehen momentuaz Bizkaiko jaurerritik, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako Erreinuan jaio edo jatorria bertan zutenek osatzen zutela taldea.

1730 aldera Mexikoko Errege Unibertsitate eta Pontifizeko errektorea zen Jose de Eguiara y Eguren, hispanoamerikar kulturaren defendatzaile ospetsuak, Kofradiaren helburuak seinalatu zituen. Beste asko bezala Mexikon jaiotako euskaldunen semea zen. Errektorea zen garaian hasi ziren dontzeilei zuzendutako ikastetxe bat sortzeko hizketaldi eta akordioak. Bertan erlijio-heziketa sakona jasoko zuten arren, ez zen elizak zuzendurik egongo, baizik eta, errege babesa zuen instituzio independiente batek, bere konstituzio propioak zeuzkanak eta bertan ikasten ari zirenei kultura eta moral arloan hezituko zituztenak, klaustroak jarritako betebehar eta mugarik gabe. 1732an 50 kidek Loiolako San Inazio Errege Ikastetxea sortzeko erabakia hartu zuten Euskal Herrian jaio edo jatorriz bertakoak ziren neskei zuzendua eta hein batean Espainiako arrazako edozeinentzat; alargunak ere babestuko zituzten. Honekin Espainia Berrian eraberritze pedagogikoa zabaldu zen, neska gazteek gizonezkoek zeukaten heziketara hurbiltzeko aukera izango zuten.

Zeregin honen bultzatzaileak hauek izan ziren: Manuel Agesta, Jose Davalos Espinosa, Pedro de Ugarte, Francisco Santa Marina, Francisco de Fagoaga eta Miguel Amasorrain, proiektu hau egi bihurtu arte ez ziren gelditu. Bi urte geroago, 1734ko uztailaren 31an lehen harria ezarri zuen Jose Antonio de Vizarron eta Eguiarretak, erregeorde, Espainia Berriko kapitain jeneral eta Mexikoko artzapezpikua, Martin de Elizacoecheak lagundurik, Durangoko gotzain hautetsia, Arantzazuko mahaiaren kideak, kofradiakide eta beste euskaldun batzuk denak batera altxatuko zuten, kanpoko laguntzarik gabe, ikastetxe handia.

"Langile nagusiak" titulatu ondoren, kofradiakideen artean, San Inazio Ikastetxeko eraikuntzarako laguntzak emateaz gain bere denbora, adimena eta borondate hertsia ere eskaini zuten ikastetxea errealitate batean bihurtu zedin. Tartean zeuden Manuel Aldaco eta Urbieta eta Francisco de Fagoaga Irragorri suhia biak jatorriz Oiartzungoak, Francisco de Echeveste kapitaina, Usurbilekoa; Ambrosio de Meave eta Castillo Veitia, Durangokoa (Bizkaia); Jose de Garate, Juan de Urrutia eta Lezama, Miguel de Llantada Ibarra eta Juan Jose de Fagoaga, Apartadoko markesa, eta beste batzuk tartean kofradekideen emazte eta alabak, kolegiatak mantendu, mediku-arreta eta irakaskuntzarako beharrezko materiala (liburu, orratz, hari, klabikordio, organu, flauta eta nesken heziketarako beharrezkoak ziren beste hainbat material) eskuratzeko beharrezko kapitala jarri zuten. Beste batzuk azpiegitura on batzuk emanaz lagundu zuten, hala nola, oraindik kontserbatzen diren eliza apaintzen duten freskoak.

Mexikoko euskal elite ekonomikoak, Kofradiatik ateratzen ziren proiektu guztiak babestu zituen: Jose de Aguirre Elizondo, Manuel Iriarte, Domingo de Guraya, Jose de Garate, Jose de Lanzagorta komunitate honetako kide batzuk dira. 1731ko urriaren 23an idazten hasi zen liburuxka batean, Joan Miguel Portu kofradekideak idatzia, (Colegio de las Vizcainas ikastetxeko Artxibategi Historikoan gorderik dago), eraikina altxatzen lagundu zuten ehun eta hogeita hamazazpi pertsonen izenak eta diru-laguntzen zerrendak daude. Orduan ez zekiten ekintza hau Hego Amerikan nesken heziketarako eraikiko zen adibide adierazgarriena izango zela.

Ostera, proiektu honen garrantzia eta ondorio soziala eduki arren, Koroa urteetan proiektua babesteko mesfidati egon. Carlos III Ilustratua koroara iritsi zen arte itxaron behar izan zen, 1754ko irailaren 1eko, konstituzioa onartzeko, handik gutxira bi milioi baino gehiagoko kostua izan zuen eraikuntza aparta bukatu zelarik. Konstituzioaren zuzenbide zentzudunak, Mexikon jazotako gatazka zibil nahiz kanpoko parte-hartzeek gainetik, ikastetxea errespetatu eta babestu du. Eguiarak idatzi zuen Francisco Xavier Gamboa abokatu ezagunaren laguntzaz. Azken hau kofradekide zen, Arantzazuko errektore eta "Comentarios a las Leyes de Minas" lanarekin ezagutzera eman zena. Lan honekin meategi-sektorea goren mailara eraman zuten Espainia Berrian XVIII. Mende bukaeratik XIX. mende hasierarte, eta esklabu beltzaren egoera arautuko zuen lehen kodea.

Eraikuntzaren alderdi legala konponduta zegoen arren, bere ate-irekitzea 13 urte beranduago iritsi zen Mitra eta Kofradiaren arteko tirabira baten erruz. Azkenean 1767ko irailaren 13an inauguratu zen, errektorea Espainia Berriko Jose Ignacio de Guraya mexikarra izan zelarik. Eguiarak hasierako ideia hura errealitate bihurtzen ikusiko zuen.

Ikastetxearen zentzuan oinarrituta, Espainia Berrian euskal asoziazionismoaren iraunkortasun eta eraginkortasunaren testigantza emateko, Loiolako San Inazio Ikastetxea garai kolonialetik gaur egun arte etengabe lanean aritu den ikastetxe bakarra dela esan daiteke.

Heziketa postulatuen barnean, hasieratik bertan eskaintzen zen heziketa morala eta erlijio baloreetara loturik egon zen. Heziketa bertute kristauaren barruan, "emakume balorea" sozietatera azaleratu nahi zen, Gamboak deskribatu zuen bezala "klaustro erlijioso, familia emankor bihurtu, eta errepublika aberasten duen bertutea" (itzulpena gazteleratik moldatua). Erakundearen beste ezaugarria sortu zen momentutik irakasleen laikotasuna eta patronatu independiente batek zuzendurik zegoela zen. Ezin zuen beste modu batean izan; ikastetxea laikoen ideala zen eta Espainia Berriko euskaldun guztien artean osatua.

Ikastetxearen konstituzioan, bertako oinarriak ezarri ziren, aktibitatetan parte hartzen zuten pertsonen eginkizunak argi utziaz. Eginkizun hauek neska, emakume ezkongabe eta Espainiako alargun edo alabei, esan bezala euskaldun jatorrikoek lehentasuna zuten, babesa eta ikaskuntza eskaintzea zen bereziki. Aldi berean ikastetxeak fundatzaileen beste itxaropen batzuk bete zituen eta herri bezala ezagutzera ematea izan zena. Euskal-mexikar kofradiak etniar elkarte eredugarri bezala sortua, euskal kulturaren eremu bat sortu zuen, taldearen identitatea mantentzen lagundu zuena; eta sortutako Colegio de las Vizcainas ikastetxeak euskal-mexikar emakumeek kultura hori trasmititu zezaten lagundu zuen.

Aspektu honen eszenatoki aproposena heziketa-esparruaren antolakuntza bera zen. Barneko neskak andereñoaren bidez (lehen bizilekua), bakoitzaren beharren arabera eta inongo plan zorrotzik gabe irakaskuntza pertsonalizatu bat jasotzen zuten, famili-bizitzaren itxura zuena (adin ezberdinetako pertsonekin bizikidetza) bizileku sistema batean antolata. Azpimarratu behar da "colegiala" hitza, ikasle edo barneko ikasle hitzen sinonimo bezala erabili zela. Barneko ikasleen adinak 4 urtetik 60 urte edo gehiagotara zioazen. Etxebizitzako lehen emakumeek hartzen zuten ama ordezkoaren papera, Colegio de las Vizcainas ikastetxeko nesken zurztasun sentimendua konpentsatzeko asmoz, euskal amek etxean betetzen zuten paperaren islada. Etxebizitza edo familia txikien sistema jarraitzen zen, eguneroko bizitza, beraien etxekoa bezalakoa izan zedin. Ez da harritzekoa euskal komunitateak musika-kulturari lehentasuna eman izana, musikaren irakaskuntzak ardura berezia eduki zuen emakumeen formakuntzan. Ikastetxean, organoa, klabokordioa, flauta eta banjoa nota bidez jotzen erakutsi zen.

Ikastetxeko heziketa esparru pribatua izateagatik bereiztu zen -etxekoa bezala- XIX. mende erdialderarte, orduan aldaketa nabarmena gertatu zelarik, beste sektore sozial batzuk zeuzkaten heziketa arazoetara hurbildu zelarik. Honela dohainiko "kanpoko klaseak" ezartzea erabaki zen, inguruko neskei zuzenduak. Neurri hauek Patricio Fernandez de Uribe kofradekideari zor zaizkio.

Gaixo zaudenentzat enfermeria zabal bat zegoen, erizain-buru batek zuzendurik zegoena eta erizain eta auxiliarrek kopuru handi bat bertan lanean. Mediku eta zirujau bat zuten, orduan lanbide bereiztuak, eta farmazia-zerbitzu bat. Lehen medikua izan ezik, gainontzeko guztiak Protomedikatoko Errege Auzitegiko kideak ziren, eta zirujau guztiak, hiriko Zirujauen Errege Kolegioko zuzendariak izan ziren. Kolegioaren irakaslana ikastetxearen aldi berean hasi zen ia. Odol-ateratzailea ere bazeukaten, garaiko dentista zena.

Ikastetxeak kofrade eta patroi euskaldenekin zeuzkan harremanez gain, hirugarren esku baten eragina ere jaso zuen; Baskongaden eragina, garaiko aurrerapenaren punta-puntako erakundea; euskal-mexikarrak asko estimatu zioten Baskongada erakundeari Espainia Berrirako "aurrerapena" eskuratzen lagundu izana.

Ikastetxearen historia luzean hiru garai ezberdindu daitezke; Lehena, 1767tik 1861era, jatorrizko agintearen estruktura mantendu zen garaia. Bigarrena, 1861etik 1912rako garaia, mesede ofizialaz gozatu zuten, ordainetan zuzendaritza Batzordeko kideak izendatzeko ahalmena galdu zuten. Hirugarrena, 1912tik gaur egunerarteko garaian ahalmen hau berreskuratu zuten. Kofradia Melchor Ocampo, Ogasuneko Ministroaren 1861eko urtarrilaren 6ko Orden bategatik desagertu zen. Bere funtzioa 179 urtez mantendu zuen, azken batzarra 1860ko azaroaren 17an burutu zuelarik. Jabetzak ikastetxearenak izatera pasa ziren eta beraz benefizentziatik zetozen fondo eta kapitalak beraiek administratzera pasa ziren. Ikastetxearen bigarren garaian bi denboraldi ezberdintzen dira: lehena 1861etik 1867ra artekoa, biziera tradizional batekin, eta bigarrena 1878tik aurrera, modernizatu eta ikasketa tekniko eta profesionala ematen zuen erakunde batean bihurtu zenean.

Gaur egun, Mexiko hiria eta euskaldunak arro daude, mendeetan zehar euskaldun haien lan izugarri eta guztiz bizia aurkeztean. Patronatu ezberdin eta euskaldunen hainbat belaunaldiei eske egin ahal izan zen gorabehera eta izen aldaketa askoren artean: Loiolako San Inazio Ikastetxe Nazionala, Bakearen Ikastetxea eta 1997ko apirilaren 5etik aurrera, Loiolako San Inazio Ikastetxea, Vizcainas.

Eraikuntza estilo barroko erresolutibokoa da, barrokotik neoklasikorako trantsiziokoa, aurrealdea tezontle eta harrobiko harriz egina dago eta balkoi eta barnekaldeko eskubandak Bizkaiko burdin sendoz. Las Vizcainas kalearekin muga egiten du, iparraldera 129 m.; luzeeraz, Manuel Aldaco kalea, ekialdera, 138,4 m., Las Vizcainas Plaza, hegoaldera, 126.66 m .eta San Ignacio kalea 137.61 m. mendebaldera. Hamaika barne-patio eder dauzka. Kapilara sartzeko atea landuena da: kurba eta erlaitz ugari dauzka, bere estiloa "txurriguresko" erakoa da eta bost erretaula doratu eta oraindik mantentzen den garaiko organu bakarra gordetzen duen koru eder bati ematen dio sarrera.

Loiolako San Inazio Ikastetxeak, Vizcainas, 2000. urtean oraindik heziketa eta gizarte-laguntzari ateak zabaltzen dizkio, historiako momentu bakoitzera egokitzeko gai dena. Sortzaileen idealak eta urteetako esperientziak, Mexikoko historiako garai ezberdinetan zehar, heziketa sistemen aintzindari izan da. Bere printzipioei leial eta beti etorkizunera begira, ikastetxeak bere ikas-metodoak modu planifikatu eta oinarri akademiko sendoetan sortu, berretsi eta zuzendu ditu, garaiko errealitatearekin bat eta baldintza aldakorren eragina ahalik eta modu positiboenean hartzeko helburuarekin. Gaur egun duen konpromezua heziketa integrala ematea da, hau da, alderdi akademikoa, sortzeko ahalmena eta baloreak edukiko dituena, enfasi berezia ikasleen garapen intelektual, afektibo eta sozialean jarriz. Horretarako heziketa ofizialeko eredurako ikasketa-plana ekintza eta tailerrekin osatzen da. Misio eta helburuek garai bakoitzean zentzu berrikatzailea hartzen dute aktibitateak indartu eta helburu horiek lortzeko bide aproposenak zehazten dituenak: "Irakasleen formakuntza integrala, beraien gaitasun intelektual, moral, sozial eta fisikoaren bidez sustatu" (itzulpena gazteleratik moldatua).

Gainera, emakumeak eta familiak babesteko tradizioa mantentzeko, Ikastetxeak Bidea Izartu Institutua sortu du. Bere egitekoa generoaren ikuspuntutik, garapen integrala lortzeko bitartekoak bilatzeko esparru bat eskaintzea da, hau da, bizitza pertsonal, familiar, sozial eta kulturalerako balore eta eskubide propioak ezagutzen lagundu.

Institutua laneko hiru ataletan banatua dago, eta komunitateetako emakumeen egoera hobetu, ikerketa, heziketa eta orientazio proiektuak bultzatzera zuzendutako programak eskaintzen ditu. Gizarte-languntzari dagokionez, Bidea Izartu elkartearengana jotzen duten emakumeei laguntza psikologia, medikua eta lege-arreta eskaintzen zaie.

Heziketa-arretari dagokionez, Patronatuak baliabide gutxiko ikasleei zuzendutako beken programa berezia dauka.

Erakundearen izaerak berak tradizioak bizirik mantentzea bultzatzen du, jatorri sakon eta nortasun mexikar, bilakaera historikoko esparru baten barruan. Aldi berean, garrantzitsua da kontsideratzea ikastetxeen barruan ikastetxeak eduki duen ibilbidea, bere izaera historikoa ikertuz eta berreskuratuz, orain mikrofilmaketa prozesuan dagoena.

Mexikoren historia ezagutu eta baloratzeko ikastetxearen ondarea babestu, kontserbatu eta zabaltzea beharrezkoa da eta horrek instituzioaren bi proiektu haundi eskatzen ditu: Bata, Artxibo Historikoa ikertu eta babesteko kontsulta-sistema moderno baten instalazioa. Ondare honek, XVI. mendetik hasi eta gaur egunarteko dokumentuak gorderik dauzka eta Mexikoko emakumeen heziketa ezagutzeko beharrezko informazio guztia dauka. Bestea, Museo baten eraketa jada martxan dagoena eta San Inazio Ikastetxearen historia irudikatzen duena; bertan, pintura eta eskultura lanak erakusten dira eta erakundearen eta Mexikoko euskaldunen memoria historikoaren testigantzak kontserbatzen dira.

Artxiboan aurkitutako musika-partiturak, tartean meza bat eta San Inaziori zuzendutako ereserki bat, kanonizatu zuten eguneko mezan jo ziren, hain zuzen, martxoaren 12an, ikastetxearen jai eguna. XVII eta XVIII. mendeko emekumeen musika berpiztu zuten Eskoletetan, Espainia Berriko emakumeen musika kontzertuak eskainiz Luis Lledias musikariaren laguntzaz eta "Capilla del Colegio" taldearekin, organua berriztatu eta musika interpretatzeko beharrezkoak ziren garaiko instrumentu berak egin ondoren. Hauek laster agertuko dira Antiguos textos de la enseñanza musical en los colegios de doncellas de la Nueva España. (Becerro de Elecciones Feo, Leo eta Jerusalem) lanean Josefina Murielen ikerlan historikoarekin eta Luis Lledias eta Lourdes Carrilloren transkripzioekin. Aranzazu audituriumean ospatu zen "Los vascos en las regiones de México" Nazioarteko VI. Kongresua. Auditorium honek modernitatea eta erosotasuna isladatzen du. Loiolako San Inazio Ikastetxea erakundea bezalaxe, ezinezkoa dena berdin bat aurkitzea mundu guztian.

2000. urtean ikastetxearen ateak euskaldunei irekita daude, kultura zabaltzen du eta Mexikoko Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen eta Euskal Ikasketen Bibliotekaren egoitza da.