Literatoak

Claveria Arza, Carlos

Idazle eta politikari nafarra. Iruñean jaio zen 1923ko abuztuaren 3an. Iruñean hil zen 2009ko otsailaren 25ean.

Politikari eta literaturari emaniko bizitza izan zuen.

Egin zuen ibilbide politiko luzea beti egon zen EAJri lotua. Napar Buru Batzarreko kide izan zen klandestinitatean, Foru Kontseiluko kide (1974-79), foru parlamentario (1979-83) eta Napar Buru Batzarreko presidente ere bai (1984-87); baita Sabino Arana fundazioko kide ere.

1960an Iruñeko Euskalerriaren Adiskideen Elkartean modu aktiboan hartu zuen parte eta bera izan zen, hain zuzen, elkarte horretako lehen presidentea. Hamarkada hartan bertan Iruñeko lehen ikastolaren fundazioa, Uxue, sustatu zuen eta ikastola huraxe izan zen Paz de Ziganda eta San Fermin ikastolen aitzindaria.

Literaturari dagokionez, El Pensamiento Navarro eta Vida Vasca kazetetan hartu zuen parte 1948tik. Hainbat artikulu idatzi zituen euskal gaiei buruz; besteak beste, "El cuento y la leyenda popular en el País Vasco" (1954, XXXI, 161-163 or.) eta "Los Judíos en Vasconia" (1959, XXXVI, 155-159 or.). Formazioz autodidakta zen eta bere prosa espontaneoa eta lirikoa zen.

Honako lan hauen egilea da:

  1. Niebla en el alma, Irungo El Bidasoa egunkarian kapituluka argitaratutako eleberria, 1951; eta
  2. Leyendas de Vasconia (Iruñea, Ed. Gómez, 1959, 1963, 1974 eta 1982).

Azken hori da bere lanik irakurrienetakoa. Ipuin historiko-kostunbristak eta iraganean girotutako kondaira historikoak biltzen dituen liburua da. Bost atal ditu: kondairak eta ipuin herrikoiak, kondairen irakaspena, elezaharretako pertsonaiak, kondaira ezagunak eta kontakizunak. Lehenengo hirurek ahozko tradizioko ipuinak eta materialak idatziz biltzen dituzte eta azken biek, berriz, euskal herrixketako bizimodu idilikoa islatzen dute poesiaz eta erromantikotasunez betetako istorio xumeen bidez.

Literatura-lan gehiago ere egin zituen, azkenerako sorta oparoa osatuz:

  1. Reflejos del "goticismo"español en la fraseología del siglo de oro (Madril, Gredos, 1960);
  2. Relieves del genio vasco (Iruñea, Gomez, 1962 eta 1973);
  3. Los vascos en el mar (Iruñea, Aramburu, 1966);
  4. Historia del Reino de Navarra (Iruñea, egilearen edizioa, 1971, 1979, 1987, 2001, Inp. Gomez);
  5. Los amigos del país de Pamplona en el siglo XIX (Iruñea, Gomez, 1974);
  6. Los judíos en Navarra (Iruñea, egilearen edizioa, 1992, Line Grafic); eta
  7. Navarra,cien años denacionalismo vasco (Bilbo, Sabino Arana Fundazioa, 1996).