Enpresariak

Chavarri y Salazar, Victor Francisco

Ingeniari eta enpresari portugaletetarra. Portugalete, 1854-12-23 - Marseilla, 1900-03-29.

Bizkaiko industria-hedakuntza ezaugarri berdin batzuk partekatzen zituzten negozio-tradiziodun sendietatik zetozen enpresa-gizon jakin batzuen belaunaldi batek bideratutakoa izan zen: euren aurretikoek baino prestakuntza handiagokoa izan zuten -enpresari alemanen mailaren antzerakoa ere esan daiteke (eta britainiarrengandik askoz jasoagoa !!!)--, gehienek ingeniariak izan ziren eta teknologia berriak sartu zituzten.

Industria zientzia eta teknikarekin uztartzen zen siderurgia-metalaren, argi-indarra edo kimikoa bezalako arloetan, onurarik nagusienak jaso zituztenak izan ziren. Victor Chavarrik, benetan ere, eremu honekin bat egiten du. Baina are gehiago, beraz esan daitekeena oso gutxigatik esan daiteke: bere ekimenak ikaragarrizko energia eta abiaduraz hedatu zituela, ozta-ozta 21 urteko epealdian, beste batzuekin batera Bizkaiko ekonomia garapenaren oinarriak ezarriz. Berari buruz, bai bere izaeragatik eta baita bere lorpenengatik ere, iparramerikar-historia eratzen duten "inperioen eraikitzaile" enpresarien (John Rockefeller edo Andrew Carnegie) berdina dela esan izan da.

Bere aitonak bere aitarekin meatze batzuen jabe bezala hasitako leinu ospetsu baina gutxiagora etorritako sendia baten kide, Chavarri Bizkaiko Ikastetxe Nagusian ikasketan egin ondoren "bere sendiaren iraganarekin kontuak garbitzera" igorria omen zen. Beti bereiziko duen "emaitza-beharrizan" gorri hau, bere Liejako egotaldian indartu besterik ez zen egin, bertako unibertsitatean Eskulan eta Arteetarako Ingeniari bezala graduatuz (1878). Ez zen, aldiz, bakarrik, euskal burgesiaren beste seme batzuez gain, gerora ingeniaritza mekanikoa ikasiz bere bazkide banaezin izatera iritsiko zen bere Benigno anaiak lagun egin baitzion. Bere Liejako esperientziatik, Alemanian jarraitutakoa, industria-harremanak eta baita aurrera egiteko kemena ere izan zituen, Bizkaian, 1878an (izatez, "fue siempre muy belga de inspiración y gustos", Jose Felix Lekerikaren hitzetan) garaile izatekoa bertara etorriz.

Belgikatik, industria-antolaketarako ideia berriak ere ekarri zituen eta baita nolabaiteko arrisku-onarpenik ere, lehenbiziko negoziorako aukera izan zuenean erabiltzen jakinez: Eraikuntza eta Metalurgiarako Vizcaya Elkartea, 1882an. Vizcaya siderurgia-fabrika handia izan zen, Euskal Herriko bietatik --bestea Bilboko Labe Garaiak izan zen (Ybarra sendiarena)-garrantzitsuenetako bat. Egitasmoaren jatorrizko bururakizuna Chavarrik berak 1883an idatzitako txosten baten laburbilduta ikusi daiteke. Bururakizuna, minerala ustiatzea zen esportaziorako burdinazko totxoak ekoizteko; Bessemer altzairua izatera antzaldatzera bideratutako lingoteak, gerora ijetziz eta barrak, burdinbideak, gurpilak, ardatzak,...etab, azken finean, "Trenen eraikuntza eta ustiaketarako beharrezkoa zen guztia" egin ahal izateko. Eta, geroagoko aplikazio bezala, itsasontzientzako, eltzeentzako eta eraikiko zituzten ontzitegietara igorriko ziren gainontzeko osagarrientzako ere. Hori guztia bideratzeko Chavarrik bere belgikar harremanengana jo zuen, teknologia eta sorospen teknikoa John Cockerill etxeari aginduz.

1888an, hala ere, kanpo-merkatuen itxiera eman zen, eta gertaera horrek Chavarri altzairua egitera bultzatu zuen; horretarako, Buttner eltzeak eta Robert eta Martin-Siemens labeak (azken hauek, garai hartan, teknikarik aurreratuena ziren, Bessemer labeak baino askoz ere aurreratuagoa) ezarri zituen. Sistema hauek ezartzean, Chavarrik zeregin onuratsu eta nahitaezkoaren, etengabeko teknologia-berrikuntzaren (nahitaezko, enpresa-biziraupenaren ikuspegitik) aldezpena egin eta enpresari bihurtutako ingeniariaren irudia sortzen lagundu zuen. Hori bai, ea beti atzerritik ekarritako teknologiaren transferentzia eta inportazioaren bitartez.

Edozein kasutan, Bizkaiko industria-hedapena azaltzeko teknologia-berrikuntzaren gaineko indarra bakarrik aipatzea ez da nahikoa. Chavarrik inportazioek gutxitu beharra zutenaren estrategia erabili zuen, tresneria eta ekoizpen metalikoak, etxetik, atzerrira jotzeko beharrizanik gabe, egin zitzaketen enpresak sortuz. Ikuspegi horretatik, integrazio bertikala enpresa-egiturarik egokiena zen. Izatez, Chavarritarrek sustatutako meatze-elkarteek (eta bere bazkideek) siderurgia-lantegiek mineralez eta ikatzez hornitzen zituzten, aldi berean lantegiok ekoizpengintza-enpresei lehengaiak ematen zizkiotelarik. Negoziorako edozein aukera ustiatuz, Chavarrik berriztatzeko --teknologia eta/edo ekoizpenak-estrategia bikoitza burutu zuen, Estatuan ordura arte gutxi garatutako arloetan aurrendari izatera iritsiz. Lehenengoari dagokionez, beruna eta burdina urtzetik brontzearen (Alexandre Diclak Belgikan asmatua) antzeko metal berri bat ekoizten zuen Delta (1889) bezalako elkarteak nabarmentzen dira, eta Lamiakoko Beira-Lantegia (1890) ere. Bigarrenean, Kadaguako Paper-fabrika (1890), Basconia (1892) eta Vasco Belga (1892), euretariko batzuk besterik ez aipatzearren, paper-industriaren, hojalataren eta trenbideei dagozkien esparru modernoen sormenean aitzindari bezala, hurrenez-hurren, aintzat hartzen dira. Euretan guztietan, baltzu ezezaguna, arriskuen sakabanatzea eta egitasmoaren ziurgabetasuna bezalako ezaugarri berdinak ikus ditzakegu.

Chavarrik garatutako estrategia enpresa-integrazioa izan zen. Izatez, elektrifikazioari ere ezarri ziola esan dezakegu, bera ere bazkide zen Jose I. Amann eta Cia Elkarteak ekoiztuko zuen argi indarraren bitartez jardungo baitzuten Chavarriren meatze- eta merkataritza-negozioetarako neurriren baten 1894ko urtean bereganatutako bi tranbia-lineak (Bilbao-Santurtzi eta Bilbao-Areeta). 1897an Compañia Vizcaina de Electricidad izen berria hartuko zuen sozietate hau garraio linea bi ustiatzeaz bakarrik ez eze, enpresa eta herritarrentzako argi-indarra ekoizteaz ere arduratuko zen.

Estrategia hau hartzerakoan, gizarte eragin nabarmenez, Chavarrik mineralaren zuzkidura eta baita lehengaiok bideratu zitzaten burdinbideak ere, eta, nola ez, ikatzaren etorrerarako eta landutako burdinarentzako (altzairua eta totxoa) irteera emateko nasadun interes uztartuak zituzten enpresa-sare korapilatsua sortzen lagundu zuen, batez ere, asmoa, zioagun bezala, inportazioa esportazioagatik ordeztea zelako. Horretarako, negozio nagusi bezala meatze-ustiapena [izatez, Chavarrik eta bere anaiek "meatze-jabedunen goi-maila" izenekoaren, Triano inguruan bakarrik hamabi meatze zituzten, partaide ziren; baina Asturiasen ere bazituzten, bertan Hulleras del Turón (1890) sortu, eta Almeria eta Cordoban baita] mantentzea funtsezkoa izan zen. Lortu zena, azken finean, Bizkaian burdinaren negozioaren inguruko ekonomia oso bat egituratzea izan zen, altzairu bihurtzea lan nagusi izateaz gain garraio eta metalurgia-ekoizpenerako enpresa osagarriz osatuz; Ingalaterrarako burdina esportatzean baino bestetan oinarritutako antzinako siderurgiarekin, zalantzarik gabe, zerikusirik ez.

Baina bizkaitar industrializazioaren sustraitzerako Estatuaren laguntza beharrezkoa zen. Antzinako egikaria bazen ere, monarkia liberalarekin enpresarien asoziazionismoak (ez zen 1886ra arte, behin Bilboko Merkataritza Ganbara sortu zenera arte, eta honek ea ez zuen eraginik) indarra galdu zuen. 1893ko abenduan, Arriaga Antzokian eta Chavarriren lehendakaritzapean, gerora lehen euskal "presio-talde" edo lobby bezala ezaguna izatera iritsiko zen protesta-mitina ospatu zen: Ekoizleen Bizkaitar Ligaren eraketa, euskal burgesiaren organo entzutetsua. Bertan onartu zen Chavarrik azaldutakoa: Madrilengan presioa eragitea, arantzelen statu quori eustea, elkarte patronalak sortuz industria-interesen alde jardutea. 1988rako, bizkaitar ekonomiaren hedapena gauzatzen zen, eta horretan guztian Ligak zeresan handia izan zuen.

Areago, 1897ko apirilaren 2an, Chavarrik, Pablo de Alzolarekin (1841-1912) batera --beste ingeniari ospetsu bat baina bere ikasketak Madrilen egin zituena, Nasa, Ubide eta Errepideetan espezializatutakoa; eta alkate eta diputatu bezala ibilbide politikoa ere jorratutakoa-- geroago eta gehiagoko goi teknikarien beharrizanari erantzuna eman ziezaion Bilbon Industria-Ingeniarien Eskola bat sortu zedin baimen politikoa eman zuten. Sorospen pertsonal honek industria-garapenagatiko ardurarekin bateragarria zen hezkuntza-erantzukizun --zalantzarik gabe, mailarik gorenekoa- eta kultura teknikoa erakusten dizkigu.

Ezinezkoa litzateke, hala ere, berritzaile honen izaera eta arlo ugariak tarte honen muga meharrotan laburbiltzea. Chavarrik enpresa- (meatzetatik siderometalurgiarako bidea zabalduz) eta finantza-arloan (Merkataritza Banketxea sortuz hautabidezko bankari lagunduz) bakarrik ez eze, arlo politikoan ere (gogora bedi 1886tik 1890era bitartean Gorteetako diputatua izan zena, eta 1891tik 1900era bitartean senatorea, Mateo Sagastaren liberalismotik Antonio Cánovas del Castilloren kontserbadorismorako garapen izanez) eragina izan zuen. Agian, bere jardun ugaria sakonen ikertu duen Eduardo Alonsoren hurrengo aipua eginez amaitzea baino hobarik ez: "En definitiva, si alguna conclusión cabe señalar de las sucesivas iniciativas de Chávarri es sin duda la innovación. Innovación técnica, desarrollo de la sociedad anónima y de la captación de capitales ajenos, innovación en diferentes sectores, como el siderúrgico, el ferroviario, pero también en el inmobiliario.... Innovación geográfica también, puesto que traspasó los estrechos límites de su Portugalete natal...para dar el salto hacia Bilbao, Sestao,..., Madrid, Almería, Palencia, Burgos, Inglaterra...".