Politikariak eta Kargu publikoak

Castells Artetxe, Miguel

Busturian 1931ko abuztuaren 26an jaiotako politikari eta abokatu penalista ospetsua.

Miguel Castells Arteche Valentziako notarioa zen Miguel Castells Adriaensens (1904-1987) eta Maria Isabel Artecheren sei seme-alabetako bat zen. Madrileko Unibertsitate Zentralean zuzenbide ikasketak burutu zituen, 1953an lizentziatura erdietsi arte. 1958an abokatu lanetan hasi zen.

Bere ibilbide profesionalean segituan ospea eskuratu zuen politika kontuak zirela eta jazarriak ziren lagunak defendatzeagatik. Horrela, 1964an Jose Ramon Recalde abokatua atxilotu eta torturatu ostean burutu ziren protesta ekimenetan ere parte hartu zuen. Horrexegatik handik bi urtera hilabete bat kartzelan eman zuen ezarritako isuna ordaindu nahi ez zuelako. Kartzelan eman zuen tarte horretan euskal preso politikoekin harremanetan jartzen da, abokatu gazte eta merkeen bila baitzebiltzan. 1970ko Burgoseko Prozesuan garrantzi handia izan zuen Mario Onaindia defendatu baitzuen (bi heriotza zigorrera -konmutatuak- eta 51 urteko presoaldira kondenatu zuten). 1975ean FRAP taldeko Vladimiro Fernandez defendatu zuen, berau aske utzi zutelarik, eta horrekin batera ETAko kidea zen Jon Paredes, Txiki, fusilatua izan zena. Handik zenbait urteren buruan Amedo eta Dominguezen aurkako epaian GAL auzia zela eta akusazio partikular bezala aritu zen.

Herri Batasunako kidea izan zen eta 1979ko hauteskunde orokorretan senatari hautatu zuten eta 1980ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan ere hautatua izan zen Gipuzkoako Lurralde Historikoa ordezkatuz. Legebiltzarrean ez zuen inolako ekimenik burutu. Halere, 1999tik 2001era bitartean Autonomia Erkidegoko hauteskunde batzordean Eusko Legebiltzarraren ordezkaria izan zedin aukeratu egin zuten.

1981eko Gernikako Batzar Etxean gertatu ziren istiluetan parte hartu zuen eta Herri Batasuneko beste kideekin batera epaitua izan zen Erregearen aurkako irainak aditzera emateagatik. Horretarako, 1982ko amaitzean Senatuak suplikatorioa onartu behar izan zuen (hirugarren aldiz), horren alde 94 boto izan zirelarik, eta beste 80 aurka. 1983ko urriaren 31ean Epaitegi Gorenak urte beteko kartzela zigorra ezarri zion eta abokatu lanetan aritzeko ezgaitu egin zuten 1979ko ekainean Punto y Hora de Euskal Herria aldizkarian argitaratu zuen artikulua zela eta ("Insultante Impunidad"). Artikulu horretan zioenez, Iruñeko German Rodriguezen (1978ko Sanferminetan) eta Donostiako Joseba Barandiaranen (Iruñeko gertakarien ondorengo protesta ekitaldietan) heriotzak zigorrik gabe geratu omen ziren. Epaitegi Konstituzionalak 1985ean epaia berretsi bazuen ere, 1992an Giza Eskubideen Europako Epaitegiak zioenez, halako epaiak Castellesen adierazpen askatasuna urratu egin zuen.

Politakari uko egin ostean, abokatu lanetan aritu izan da.

Idazlanak:

  1. El mejor defensor, el pueblo (1978)
  2. Radiografía de un modelo represivo (1982)
  3. ¿Proceso al jurado?: conversaciones con Miguel Castells (1997) Eva Forest-ekin batera.
  • BARBERIA, Jose Luis. "El linaje de Lopez", El País, 2009-02-15.
  • Nafarroako Legebiltzarreko Bilkura egunkaria. [Kontsulta data: 2012-12-20]
  • Eusko Legebiltzarreko Bilkura egunkaria. [Kontsulta data: 2012-12-20]
  • Kongresuko Bilkura egunkaria. [Kontsulta data: 2012-12-20]
  • Senatuko Bilkura egunkaria. [Kontsulta data: 2012-12-20]
  • EGUIGUREN IMAZ, Jesus. Historia del socialismo vasco (1886-2009). Donostia: Hiria, 2009.
  • GUIMON, Julen. Euskadi y la Transición. Una narración en marcha. Bilbo: Burguete, 1996.
  • HUNEEUS, Carlos. La Unión de Centro Democrático y la transición a la democracia en España. "Monografías" Bilduma. Madril: Siglo Veintiuno, 1985.
  • MICCICHE, Andrea. Euskadi socialista. El PSE-PSOE y la Transición en el País Vasco (1976-1980). Madril: Pablo Iglesias, 2009.
  • SAINZ MORENO, Fernando, HERRERO DE PADURA, Mercedes, argit. Constitución Española. Trabajos parlamentarios. 4 ale. Madril: Cortes Generales, 1989.
  • UGARTE TELLERIA, Javier, koord. La transición en el País Vasco y España: historia y memoria, Leioa: Euskal Herriko Unibertsitatea, 1998.