Farmazialariak

Carrera, José María

Uruguain finkatutako emigrante euskalduna. Arrasaten jaio zen 1836. urtean eta 1909. urtean Montevideon hil zen.

Oso gazte zela Montevideora (Uruguai) joan zen. Han fisika eta kimika ikasi zituen, beranduago Farmazia karrera egiteko.

Uruguaiko Gobernuak Higieneko Kontseilu Nazionaleko kidetza eskaini eta hamabost urte eman zituen kargu horretan.

Bi tratatu idatzi zituen: Especulaciones físico químicas eta Consideraciones sobre la moderna teoría cinética.

Bere botika 18 de Julio kaleko lehen atarian kokatzen zen, Montevideon. Baina botika izateaz landa, inprenta-zerbitzua ere bazuen eta bertan inprimatu ziren hainbat argitalpen zientifiko, esate baterako, Botánica de Gilbert.

1876an Laurak Bat Euskal Etorkinen Babeserako Elkartea sortu zuen, gerora, munduko lehen Euskal etxea izango zena.

Halaber, elkartearen barnean Euskaro eremua sortzea bultzatu zuen. Onibar handi haren barruan pilotaleku erraldoi bat, dantzarako plaza bat eta estropadetako pista bat eraiki ziren. 1886an inauguratu zen eremu hori, baina hura izango zen gerora elkartea likidazio judizialera eramango zuena, izan ere, ezin izan zien aurre egin obra gauzatzeko pilatutako zorrei. Eremu itzel hura gerora zezen-plaza izan zen. Gaur egun ez da haren arrastorik geratzen.

Militante karlista sutsua izan zen eta Carlos Juan Isidro de Borbon hautagaia, Madrileko dukea, 1887an Uruguaira iritsi zenean harrera egin zion; eta hark hala eskatuta, dukeak Argentinan egindako bisitaldian ere lagundu zion. Abagunea probestuz, bere semeak, Enrique Carrerak, poesia bat idatzi zion eta Gernika'ko Arbola doinuarekin abestu behar zela adierazi zion.

Ia berrogei urtez borrokatu zuen Uruguaiko agintariekin Santa Lucia ibaia kanalizatu ahal izateko baimena eskuratzeko; modu horretan, Montevideo eta Canelones departamenduetako zonalde handiak ureztatzeko xedez. Bere aberkide eta Montevideoko hiriaren sortzaile Bruno Mauricio de Zabalaren omenez, proiektuari Canal Zabala izena ezarri zion. Azkenean, proiektu erraldoia egiteko baimena eskuratu zuenean, ordura arte Amerika osoan inoiz gauzatuko zen proiektu handiena izango zela aipatu zen.

Baina zortea ez zuen lagun izan eta, alde batetik, herrialdearen egoera ekonomiko kaskarrak eraginda eta, beste alde batetik, bere konfiantzazko pertsona batek egindako iruzurrak eraginda, hondoa jo zuen proiektu itzel hura gauzatu gabe.