Margolari bizkaitar hau Bilbon jaio zen 1931ean, eta 2003ko abuztuan hil.
Osasun-teknikari laguntzaile izateko ikasketak egin zituen, baina pinturara dedikatu zen bete-betean. 50. hamarkadan diru-laguntza jaso zuen, Joaquin de Zuazagoitia Bilboko alkatearen eskutik. 1966an, ohorezko saria irabazi zuen, Bilboko Aire Libreko Pintura Lehiaketan, eta erakusketak egiteari ekin zion. Urte berean, bakarkako erakusketa egin zuen Bilboko Illescas Aretoan. Hurrengo urteetan, erakusketak egin zituen beste hainbat lekutan: Bilboko Arte Aretoan (1973), Gijoneko Marques Uranga Galerian eta Laredoko Club Naútico Aretoan(1974), Bilboko Caledonia Galerian (1975) eta Gasteizko Tartalo Arte Galerian(1977). Luis de Castresanaren hitzetan,
"orain, figura hazi egin da, eta erraldoi bihurtu. Koadroa bereganatu du, nolabait, eta paisaiarekin modu harmonikoan bateratzen da. Horrela, gizakiaren eta lurraren arteko zilborrestea ezartzen da. Gizakiaren eta ingurunearen arteko palpitazioa eta sinbiosia da, gizakia bizi den lurrarekin sentsibilizatuta dago"
(Itzulpen moldatua gaztelaniatik).
1978an, erakusketa berria egin zuen Caledonia Galerian, eta artistak berak honela aitortu zuen katagoloan:
"ez da bertaratzen naizen lehen aldia, ez, hainbatetan joan bainaiz, ez dakit zenbat alditan ordea. Dakidan gauza bakarra da eguzkiaren bidera itzuli behar dudala, "paleta garbitzeko", kolorez aldatzeko, bidaiaren bueltan nire EUSKADIREN tonu sakonak erretinan sentitzeko berriz ere, benetan txundigarria den kontrastean, ehunka kilometro batzuk bakarrik bananduta nagoela."
(Itzulpen moldatua gaztelaniatik).
1981ean, Camposen obra ikusgai egon zen Valladolideko Lanusse Galerian, eta urtebete beranduago, Bilboko Echeva Galerian. Caledonian erakusketa egin zuen berriz ere, eta hurrengo urteetan bertan aurkeztu zituen obrak hainbat alditan, baita Bilboko Torres galerian ere.
Erakusketa kolektibo ugaritan parte hartu zuen. Horien artean, narbamentzekoak dira: "Mediano y Pequeño Formato en la Pintura Contemporanea" (1972); "El tema Vasco y Bilbao retrospectivo", Bilboko Arteta Galerian (1973); "Primera exposición homenaje a pintores vascos" Madrilgo Gavar Galerian (1973); "Segunda exposición colectiva de pintores vascos", Arteta Galerian eta "Primera exposición colectiva", Bilboko Lorca Galerian (1974); "Tercera exposición País Vasco y Ría de Bilbao", Artetan eta "Primera exposición colectiva" Gijoneko Vicent Aretoan (1975).
Paco Moran poeta lagun izan zuen, eta katalogo askotan jasota daude hark pintoreari buruz idatzitako bertsoak. Hona hemen adibideetako bat: "Emilio / Dibujo y pastel / Dos juguetes, que en tus manos; / Nos deleitan con tu hacer".
