Sendagileak

Buen López de Heredia, Sadí de

1921eko abuztuaren 27an Donostian (Gipuzkoa) jaiotako oftalmologoa. 2000. urteko ekainaren 16an hil zen Mexikon, Coyoacan-en zuen etxean. Bertan bizi zen bere emazte Maria Dolores Cortes Rodrigorekin batera.

Sadí de Buen Lozano eta Bertha Lopez de Heredia izan zituen guraso. Bere aitona, Odon de Buen y del Cos Bartzelonako Zientzia Fakultateko katedraduna izan zen 1911ra arte, orduan familia Madrilera mugitu baitzen; Odon de Buenek "Instituto Español de Oceanografía" sortu zuen.

Madrilen egin zuen batxilergoa eta han ezagutu zuen Santiago Ramon y Cajal. Aita hil ostean (Kordoba, 1936ko irailak 2), familia Bartzelonara joan zen eta, frankistek Bartzelona hartu zutenean Frantziara ihes egin zuten eta handik Mexikora (1939).

18 urterekin Morelian zegoen eta Primitivo y Nacional Colegio de San Nicolás de Hidalgo delakoan ikasi zuen, Michoacaneko Unibertsitateko Zentro Nagusian. Lehen ikasketa profesionalak Michoacaneko Unibertsitateko Medikuntza Fakultatean egin zituen. Handik Mexiko Hirira joan zen Medikuntza karrera amaitzeko asmoz (1942-1947).

Puig Solanes doktoreak Begi-patologien Departamentuko buru izendatu zuen, Mexikoko Ospitale Orokorreko Oftalmolgia Unitatean. Erretiroa kargu horretan hartu zuen. 1970-1971 bitartean graduatuentzako ikastaroa egin zuen. Puig Solanes doktoreak eman zuen ikastaro hori. 1971n New Yorkeko ospitale batean kargu garrantzitsu bat eskaini zioten Begi-patologiaren espezialitatean jarduera akademiko eta zientifikoak burutzeko, baina ez zuen onartu, Mexiko utzi nahi ez zuelako.

Franco hil zenean itzuli zen Espainiara eta Salamancako Unibertsitatean hainbat jarduera akademikotan parte hartu zuen, aitaren oroimenez burutu zituenak.

1985ean Mexiko Hiria lurrikara gogorrek astindu eta kalte larriak eragin zituen. Buenek aparteko ausardia erakutsi zuen eta elkartasuna erakutsi zuen kaltetuenganako, bezeroenganako eta astinduaren eraginez lanean hildako adiskideenganako. Osasun arloko agintariek Ospitale Orokorra ixteko erabakia hartu zuten. Buenek erabaki horren aurka egin zuen eta presidentetzara ere iritsi ziren haren ahotsak, horri esker, ospitalea zabalik mantentzea lortu zuen.

1989an hartu zuen erretiroa. Hala ere, Ospitale Orokorreko Oftalmologia zerbitzura joaten zen aldizka, hain sarri ez bazen ere.

  • CHACÓN TORRES, Edmundo Arcadio. Semblanza: Dr. Sadí de Buen López de Heredia. El hombre, el humanista, el científico, Revista Médica del Hospital General de México S.S., 63. liburukia, 3. zenbakia, 2000ko uztaila-iraila, 213-214.