Dantza

Bralea edo Branlea

Branle edo bralea (ikus dantza luzea) gizon eta emakumeen dantza da, kate ireki zirkularrean dantzatzen dena. Katea edo soka eskuin muturretik joaten da, multzoaren mugimendua erlojuaren orratzen aurkako norabidean doalarik. Estilo aski serio eta astunekoa, zeremonial eta solemnea izaki, gizarte-ekitalditzat jo ohi da eta, zehazkiago, jai-dantzen ekitaldiei hasiera edo, sarriago, itxiera emateko baliatzen da. Branle izena Euskal Herri kontinentaleko mendialdean beste inon ez da gorde.

Izen bereko kate-dantzan du jatorria, europar aristokratek, bereziki, Frantzian eta Ingalaterran XVII mendeetan hartu zuten dantzan. Branlea dantzarien kate batez osatzen zen, txandaka urrats handiak (sarritan lau) ematen zituztenak ezkerretara, eskuinetara beste horrenbeste urrats txiki egiteko gero. Bikoteek besoak edo eskuak elkarri lotzen zizkioten, ezkerretarantz joan eta zirkuluka edo sigi-sagan eginik. Musikaren abiadurak, lau denboratakoak, markatzen du dantza ibilia-irristatua edo jauzika.

Guilcher-en ustez, XX mendera iristen den branlea ez zen mende batzuk aurrerago bizi eta sendo zenaren oroimena besterik. Jolaserako eginkizuna galduta, izaera solemne eta zeremoniala gordetzen omen ditu; izan ere, lehendabiziko dantzaria aukeratzeko arauak baitzirauen, postua oso miretsia zelako. Dantza-kidea edertasunarengatik edo ospe onarengatik aukeratzen zen. Ohore honengatik esker ona adierazteko, musikariak etxera joaten baitzitzaizkion bila, familian ekarpena egiten ohi zuen gazteen kutxan. Branlerako protokolo-arauak aldatu egin dira denboran zehar eta tokiaren arabera. Zenbaitetan, ezinbestekoa da ohorezko bikotea sarri biratzea,bigarren bikoteari tokia utziaz eta azken tokira joanez. Bazen herririk ere non etxearen eta familiaren antzinakotasuna halakoa dantzarako ordena nolako. Preziorik jarriz gero, tarifak garestienetik merkeenerako zihoazen postuaren arabera.

Batzuetan branlea kantatua edo instrumentala zen, ohikoena kantuzkoa izan arren; izan ere, musikariak festa berezietarako luxua baitziren. Batzuen eta besteen errepertoriuma zabala zen eta ohikoa zen musikariek kantarien melodiak hartu eta beroriek nahastu eta batzea. Zortzi denboratako esaldi musikal erregularrek osaturiko eskema oinarri hartuta, musikari danbolindariak askatasun handia zeukan apainduraren lortzeko. XIX mendearen amaiera arte, branle aereoa kate ireki zirkularrean dantzatzen zen dantzari-mugarik gabe. Katea ezkerraldera abiatzen zen, gizon bakoitzak dantzari kidea eskuinaldean duela, eskutik lotuta. Frantziar branlearen urratsei buruzko erreferentziarik ezagunena Thoinot Arbeau-ren Orchesography izeneko lanean dugu, non deskribatzen baitira bost branleren koreografiak, zein Frantziako lurralde bati dagokiolarik.

Euskal Herrirako, eta bereziki, Zuberoari dagokionean, Resurreccion María de Azkue mota honetako melodia batez mintzo da goi Zuberoako Santa Grazi herriak, antza, ezkon-bazkariaren amaitzerakoan dantzatzen ohi zena. Hiru atal ditu oso definituta: kontrapasa, euskal jauziari dagokiona; braletik edo brauli jauzia, bakarlarientzako tarte bat nolabait eta karakoiltzia edo barraskiloa. Dantzaren gidari, jauna da, lehendabiziko postuan doana eta azkena laboraria da, bi hauen artetik erdian enseñaria, eman beharreko urratsak kantatu eta dantza zuzentzen duena, honetarako, bandera eskutik eskura darabilelarik. Bigarren atalean, dantzarien katea geldi egoten da dantzatu barik, festa pertsonaia nagusiak korroaren erdian aritzen diren bitartean. Hirugarren atalean, karakoiltzia izenekoan, urrats bakarrean dantzatzen da ezelako aldaketarik gabe, kontrapasa deituriko urratsa eginik. Aldaketa eta mugimenduak enseñariak zuzentzen ditu eta irudia labirintikoa izaten da.

  • GUILCHER, Jean Michel. Tradition de danse en Bearn et Pays Basque français. Paris : Editions de la Maison des Sciences de l'homme, 1984.
  • EXPERT, Henry. Les Maitres Musiciens de la Renaissance Francaise, XXIII, Broude Brothers, 1969
  • DOLMETSCH, Mabel. Dances of France and England - Lund Humphries, 1959.
  • THOINOT ARBEAU. Orchesography, Dover-ek argitaratua, 1995.