Biologoak

Bowles, William Guillermo

1720an (erreferentzia batzuk diotenez 1705ean) Cork (Irlanda) inguruan jaiotako naturalista. 1780ko abuztuaren 25ean hil zen Madrilen eta San Martin elizan lur eman zioten.

Zuzenbidea ikasi zuen Londresen eta gero Parisera jo zuen (1740). Han, Natura Zientziak, kimika, metalurgia eta astronomia ikasi zituen. 1752an Antonio Ulloa Espainiako ontziteriko almiranteak Espainiara mugiarazi zuen platinoaren eta bere aleazioei buruzko ikerketa botaniko eta industriala egiteko. Ulloak Naturaren Historiaren Kontseilu bat finkatzea lortu zuen mineralogia, botanika eta zoologiaren ikasketak bermatzeko. 1753an sortu zen Madrilen. Ulloa zuzendaria zen eta Bowles zientzialari nagusia. Hainbat bidaia egin zituen Espainiako meatzetako aberastasuna ikertzeko eta ustiapenak hobetzeko hainbat teknika sartu zituen, esate baterako, merkuriozko meatzetan. Ondoren Bowlesek Espainian zehar bidaiatu zuen bertako flora eta fauna behatuz. Anna Rusteinekin ezkondu zen eta emakume alemaniarra lagun izan zuen bere bidaietan.

Espainiara iritsi orduko lehen iritzia txarra izan bazen ere, apurka onartu egin zuen eta Espainiako eta Irlandako gizarteen arteko antzekotasunak ikusi zituen. Bizkaiko nekazariak aztertu zituen bereziki, haien azokarako maitasuna, "txakolia" eta bertako emakumeak. Hala, Irlandako azturekin antzekotasun nabariak topatu zituen. Ikerketa batzuk argitaratu egin zituen eta horietako zenbait Euskal Herriari buruzkoak dira osorik edo partzialki: "Bosques y árboles huecos de Vizcaya y Guipúzcoa"; "De las aves de paso en general y de los chimbos de Bizcaia", Euskal Erria, 1897; "De Bilbao en particular y de sus cercanías", Euskal Erria, 1897; "De Bizcaia en general", Euskal Erria, 1899. Horrez gain, Introducción a la historia natural y a la geografía física de España (Madril 1775) bere lan gorenetakoa izan zen. Bertan, meatzaritza aztertzeaz gain, Espainiako flora, fauna eta eraketa geologikoa aztertu zuen.