Politikariak eta Kargu publikoak

Borderas Gaztambide, Augusto

Medikua eta politikaria. Irunen jaioa, Gipuzkoako probintzian, 1932ko ekainean.

Medikuntzan lizentziatua, eta pediatrian espezializatua 1955ean, Eibarren eta Gasteizko Txagorritxu ospitalean lan egin zuen 1987ra arte. Azken horretan zuzendariordetzara iritsi zen -1980/1982- eta zentroko zuzendaritzara -1983/1986-.

Euskadiko Alderdi Sozialistako militantea izan zen, ondoren PSE-EE (PSOE), eta bi aldiz izan zen Udaleko zinegotzi. Lehenengoan, demokraziaren lehen agintaldian, lankide baten ordez sartu zen, eta zeregin horri eutsi zion 1980 eta 1982 artean; bigarrenean, 1987an hautatu zuten, Gasteizko Udalaren hirugarren agintaldian, eta 1989ra arte egon zen bertan. Arabako Lurralde Historikoko Batzar Nagusietako prokuradorea izan zen, 1979ko foru hauteskundeen ondorengo lehen legealdian.

1987an Arabako Adin Txikikoen Kontseiluko kide izendatu zuten. Era berean, PSEren (PSOE) zerrendetan aurkeztu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Legebiltzarrerako hauteskundeetara, hirugarren legegintzaldikoetan, eta ardura hori 1987ko urtarriletik 1989ko azarora arte mantendu zuen. Ondoren, Arabako senatari hautatu zuten laugarren legegintzaldian -1989ko azarotik 1993ko ekainera- eta bosgarren legegintzaldian -1993ko ekainetik 1996ko martxora-, azken horietan PSE-EEren zerrendetan. Azken aldi honetan, Diputazio Iraunkorreko kide izatea nabarmendu behar da.

Bestetik, Europako Kontseiluko, Mendebaldeko Europar Batasuneko eta Ipar Atlantikoko Asanbladako Parlamentu Asanbladetako kide izan zen.

PSE-EEren (PSOE) barne edo organo esparruan Batzorde Eragileko eta Arabako Batzorde Probintzialeko kide izan zen, baita Euskadiko Batzorde Nazionaleko kide ere. Halaber, Fernando Buesa Blanco Fundazioko Patronatuko kide izan zen, Minbiziaren Aurkako Euskadiko Presidentea Araban, 2003an, Usoa Babes Fundazioko Presidentea, Askatasunaren Aldeko Fundazioko Patronatuko eta Batzorde Exekutiboko kidea eta Dato Económico Arabako Ohorezko Presidentea, beste gauza askoren artean. Azkenik, Lehendakaritza Ministerioaren abenduaren 5eko 1616/2003 Errege Dekretuaren bidez, Konstituzio Merezimenduaren Ordenaren Domina eman zitzaion.