Pintoreak

Bonifacio Gomez, Alfonso

1933ko ekainaren 19an Donostian jaio zen eta 2011ko abenduaren 16an hiri horretan hil zen artista plastikoa.

Gerra Zibilean fusilatutako errepublikar baten semea izanik, haurtzaroan jaioterriko Erruki Etxean hartu zuten.

Haurtzarotik marrazketan zaletua zen arren, lanbide askotan ibilia da, horien artean nobilleroarena, adarkada batek zezentokiak behin betiko uztera eraman zuen arte.

1955ean Donostiako Lehen Pintura Saria eskuratu zuen Cristo cubista lanarekin eta horrek Arte eta Lanbide Eskolan sartzera bultzatu zuen, baina handik laster bota zuten.

Publizitate-estudio batean marrazkilari gisa hasi zen lanean eta 1958an bakarkako lehen erakusketa antolatu zuen Gipuzkoako Ateneoan.

Parisen denboraldi laburra igaro ostean -Antonio Saura edo Modest Cuixart-en mailako artistak ezagutu zituen bertan-, Bilbon finkatu zen. Bilboko Grises galeriarekin harremanetan jarri zen eta bere lana arrakasta handiarekin jarri zuen erakusgai.

Urte haietan nagusiki atzealde zurien gainean jarritako apaindura gutxiko orban zabalekin azalera piktoriko guztia hartzen zuen abstrakzio informalista landu zuen.

1968an, Fernando Zobel ezagutu ostean, Cuencara joatea erabaki zuen eta bertan grabatuaren tekniketan trebatu zuen Antonio Lorenzok. Bai olio-pinturak, bai estanpazioak, intsektuetan oinarritutako izaki biomorfikoez betetzen hasi zen.

70eko hamarkadaren amaieran eta 80ko hamarkadaren hasieran bere belaunaldiko Espainiako artistarik ospetsuenetakoa bihurtu zen. Cuencako taldetik oso gertukoa zen arren, artista honen obrak izaera pertsonala hartu zuen, nazioarteko abangoardiako beste artista batzuengandik hurbilagoak ziren kutsu espresionistekin, hala nola Cobra taldea. Abstrakzioaren eta figurazioaren arteko adierazpen dinamikoa planteatzen zuten hiri desberdinetako artistez osatutako kolektibo harekin erakusketak egitera iritsi zen.

1970etik 90eko hamarkada hasiera arte lotura izan zuen Juana Mordo Galeriarekin eta haren eskutik leku askotan jarri ziren erakusgai artistaren lanak. Artistaren pintura aberastu egingo da, koloreari arreta gehiago eskainita, baina marrazkiaren indarra galdu gabe, forma dinamiko eta iradokitzaileekin.

1989. urtean, Cuencako katedraleko beirateak diseinatzeko enkargua jaso zuen, Gerardo Rueda eta Gustavo Torner artistekin batera.

Artistaren lanak toki hauetan izan dira erakusgai: Museo de Arte Abstracto Español de las Casas Colgadas de Cuenca museoa, Antonio Pérez Fundazioa, Danimarkako Steikborg, Bilboko Arte Ederren Museoa, Madrilgo Liburutegi Nazionala, Amsterdamgo Stedelijk, Donostiako San Telmo Museoa edo Madrilgo Sofia Erregina Museoa.

1993an Grabatu Sari Nazionala jaso zuen eta 2005ean Madrilgo Komunitateko Arteen Saria jaso zuen.

2007. urtean, Madrilgo Arte Ederren Zirkuluak "En los campos de batalla" izeneko atzera begirakoa eskaini zion.

Azken aldiz 2009ko abuztuan jarri zuen ikusgai bere lana Donostiako Kur galerian.