Zinekoak

Bizkaiko Golkoa

Lan Zinema produkzio-etxe bilbotarrak produzitu zuen filma, 1985ean. Juan Ortuosteri egokitu zitzaion produkzioa, eta Javier Rebollori, zuzentzea.

Oharturik beren lehen filmak, Siete calles-ek, gidoiaren ahultasunean izan zuela hutsa, oraingoan Lan Zinemako zinemagileek garrantzi handiagoa eman zioten alderdi horri. Ortuostez eta Rebolloz gainera, Santiago Gonzálezek eta Joaquín Jordák ere hartu zuten parte istorioaren idazketan. Lehen filmean, halaber, ez zuten ezertarako agertu Euskal Herriko errealitate sozio-politikoa. Golfo de Vizcaya-n, aldiz, etengabe ageri da laurogeietako Euskal Herri gatazkatsu hori, eta, gainera, zeharo sartzen dira horko alderdi lohitsuenetan. Hona istorioa: Lucas (Omero Antonuttik antzeztutako kazetari heldu bat) Bilbora itzultzen da, hamabost urte kanpoan egin eta gero. Aitzakia horixe baliatzen da, orduko Euskal Herri torturatua gordinki erakusteko. Itxasok (Amaia Lasa) hutsik utzitako postua eskuratzen du Lucasek, horko egunkari batean. Itxasok denak utzi behar izan du bat-batean, eta klandestinitatera pasatu da, ETAko kidea delako. Abiapuntu horretatik hasita, Itxasok utzitako gai batzuk aztertzen hasten da Lucas, eta, ustekabean, bera gainditzen duten gertakari batzuetan sartuta gertatzen. Borrokan diren bi aldeentzat susmo txarreko bihurturik, Lucas Olatzekin (Silvia Munt) maitemintzen da. Olatz, ordea, ETAko preso baten andregaia da.

Horrek gehiago gaiztotzen du kazetariaren egoera. Filmean, Ortuostek eta Rebollok oso gai minberak ipintzen dituzte mahai gainean, inolako konplexurik gabe: GALen gaia, Herri Batasunak euskal labirintoan duen jarrera, industriaren birmoldaketa... Damugarria da Lucasen eta Olatzen arteko maitasun-istorioa hain gaizki erabakita egotea. Filmeko trama ere oso nahasia da. Alderdi horiek kalte handia egin zioten filmaren azken emaitza artistikoari. Hein batean horregatik, kritikariek oso harrera negatiboa egin zioten Golfo de Vizcaya-ri, eta ikusleek ere bai, aretoetan. Dena dela, filmak badu alde interesgarririk ere. Egia da Rebollok lortzen duela halako tentsio bat istorioan. Javier Aguirresaroberen argazkigintza aparta da -filmean ageri diren Bilboko gaueko irudiak ederrak dira-. Eta orduko euskal egoeraren azterketa ere zuzena eta zehatza. Lehen aldiz, adibidez, Estatuko segurtasun-indarren jarrera batzuk salatzen dira. Jarrera horiek GALen jarduera gogorarazten dute. Izan ere, Golfo de Vizcaya garai berezi batean egin zen. Orduan, iritzi publikoak susmo txarrak zeuzkan bakarrik poliziaren ustelkeriaz. Susmo haiek, tamalez, egia garratz bilakatu ziren gero. Lan Zinemakoek arrazoia zuten.

  • Larrañaga, Koldo; Calvo, Enrique: Lo vasco en el cine (las películas), Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Caja Vital Kutxa Fundazioa, 1997, 583 or.
  • Miguel, Casilda de; Rebolledo Zabache, José Ángel; Marín Murillo, Flora: Ilusión y realidad. La aventura del cine vasco en los años ochenta, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 1999, 295 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: El cine del País Vasco: de Ama Lur (1968) a Airbag (1997), Donostia, Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos, Ikusgaiak-Cuadernos de Cinematografía, 3 zk., 1999, 407 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2003, 351 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 272 or.