Euskadiko Bioetika Batzordeak 2008an eratu bazen ere, bioetikak gero eta garrantzi handiagoa hartu zuen euskal gizartean XX. mendearen azken hiru hamarkadetan, batez ere iritzi publikoa arazo etiko berriei gogo ematen hasi zitzaielarik, hala osasun arloan (medikuntza, psikologia, erizaintza, farmazia) nola bizitzaren zientzien arloan (biologia, oro har, eta genetika, bereziki). Diziplina horien garapen zientifiko eta teknologiko beraren ondorio izan zen fenomeno hura, baina baita zientzialari eta kudeatzaileek bilduriko boterearen aurrean publiko ez espezializatuarengan pizturiko kezka gero eta handiagoaren ondorio ere. AEBetan "ezjakinen matxinada" horrek bioetikaren sorrera eragin eta diziplina akademikoen lerroan ezarri zuen.
Bioethics hitza lehendabiziko aldiz biosferaren zaintza ziurtatzera bideratutako jakintza anitzeko "biziraupenerako zientzia" bat bezala deskribatzeko onkologia ikerketetan zebilen V. R. Potter-en, (1970), biokimikoaren argitalpen baten erabili zen. 1971an Potter-ek Bioethics: Bridge to the Future, idatzi zuen, idazlan horretan humanitatearen etorkizunarentzako arriskurik nabarmenena "kultura bi" horien, zientziak eta letrak, arteko arrakala zela salatzera zetorrela. Arrisku larri hori uxatzeko "etorkizuneranzko zubi bat" eraikitzea adieraztera zetorren, kultura bien arteko lokarri bezala bioetikaren jakintza arloa sortuz. Geroago, Global Bioethics-en, (1988), bioetika honela definitzera zetorren: biziraupen onargarri baterako beharrezko medikuntza- eta ingurune-lehentasun sorta ezarri ditzan zientzia bat eratzeko ezagutza humanistikoen eta biologiaren arteko konbinazioa.
Potter-en "bioetika global" hau ez zen irakaskuntza mailan ezarri zena izan, bioetika medikuntza-etika lez ulertutakoa baizik, eta oraindik egun ere jakintza arlo honetaz mintzatzean lehenbizi aipatzen direnak medikuntzaren praktikan diren etika-arazoak izaten dira. Medikuntza-etika ez da oraintsuko asmakizuna, gutxienez medikuak arazo moralak izan eta euretaz oldozmenak egiten dituztenetik baitago, baina bioetikak, arlo bitan behintzat, gainditu egiten du (Kuhse y Singer, 3):
1.-Bere esparrua ez da medikuntza-harremanean diren arazo etikoetara soilik mugatzen (medikua-gaixoa, medikua-erizaina, etab.), etikaren izaerari, bizitzaren balioa, pertsonaren definizioa edota gizatiarren eta beste bizitza tankera batzuen arteko harremanari buruzko arazo filosofikoetara ere zabaltzen baita (hemen bioetikak "ingurugiro-etika" deitzen denarekin bat egiten du, horretara Potter-ek emandako jatorrizko definiziora itzuliz).
2.-Bioetikak politika publikoen sormena eta zientzia-ekimenaren kontrola ere barne hartzen ditu, baina bere helburuak ez dira profesionalentzako ezinbesteko diren arau-sorta edo deontologia kode bati buruzko garapen eta ezarpenera mugatzen, jokoan dagoena era askoz hobeago baten ulertzen ahalegintzea ere helburu baitu.
Bioetikaren ikerketa, deskriptiboa da, egon dauden arazoak aztertzeari ekiten dio, baina baita araubidezkoa ere: egon behar edota egin beharrekoari buruzko gomendioak ezartze-asmoa du. Asmo horren bitartez, arrazoi desberdin eta ugariren ondorioz etika arazoek biderkatu egin direnaren argitan erabat ez nahiko diren medikuntza-lanbideetako deontologia kodeak osatzen ahalegintzen da.
1.-Iparameriketako kultura, aniztasunaren arazoari aurre egin behar izan dion lehendabizikoetariko bat izan da. Bioetika, bizitza zientzien eremuan sinesmen moral erabat desberdinak dituzten edota izan ditzaketen pertsonek egikariek epaitzean sortutako etika istiluak atontzeko ahalegin bezala sortu zen. Horren ondorioz, sarritan, bioetika etika zibil, sekular eta anitza, menpetasunik gabeko eta arrazional bezala aurkeztu izana.
2.-Medikuntza-, osasun- eta gizarte-baldintza berriek eszenatoki tekniko berri bat sortzen dute, ohikoa zenetik desberdina, eta osasun-lanbidean ari direnei azaltzen zaizkien arazo moralak heziketa etiko egoki bat izatea eskatzen diote. Ingeniaritza genetikoaren aukerak edota lagundutako ugaltze-teknikek berriro ere, eta premiatasun izaeraz, teknikoki egokia den guztia etikaren alorretik ona den gaia azaltzen digute.
3.- Medikuntza praktikan teknologia eraldaketa sakonez eta botere politikoek osasun-politika diseinatu eta kudeatu duten eraz gain, gaixoaren informatutako adostasunaren beharrizanak ekarri duen osasun-iraultza izan da agian elementurik erabakigarriena. Hau da, medikuaren eta gaixoaren arteko harreman paternalista eredutik gaixoari eman behar zaion tratamenduri buruzko azken hitza gaixoari berari ebaztea dagokion autonomiaren eredurako aldaketa alegia, eta ez medikuaren, hau da, adituaren iritziaren araberako erabakia.
Bioetika beraz, medikuntzaren arlo etikoak eta orotara biologia, eta baita gizakiek beste gainontzeko izaki bizidunekin dituzten harremanak ikertzen dituen jakintza arlo bezala definitu dezakegu. Esparru hau ikerkuntzarako esparru erabat zabala da, eta ondorioz arrazoi historiko eta kontzeptualengatik, gutxienik ere, ondorengo azpi-jakintzetan zatitzea guztiz praktikoa da:
- 1. Zientzia ikerketarako etika.
- 2. Sorospen-etika.
- 3. Ingurugiro-etika.
Gizakiak ekosistemarekiko duen harremana ingurugiro-etikarentzako utziz, (gerora izango diren belaunaldiek barne izanik), sorospen-etika herritarraren eta sorospenaren arteko harremanetan zentratzen den bioetikaren zati bezala definitu dezakegu: gizalaneko eta osasunaren esparruko profesionalen lanbidean azaltzen diren arazo moralak barne hartzen dituen gizarte-osasun esparrurako etika klinikoaren ezarpen eta hedapena. Azken urteotan Euskal Herrian Sorospenerako Etika-Batzordeak, (SEB) batzuk sortu dira, sorospen-harremanean sortu daitezkeen balizko istilu etikoei buruz bezeroei, profesionalei eta instituzio-erakundeari berari ere bioetikaren esparrutik oldozmena egiten eta erabakiak hartzen laguntzeko helburua duen jakintza alor arteko taldeak alegia, harreman hori osasun sisteman bakarrik ez eze, gizarte-zerbitzuetan eta hezkuntza sisteman ere, zaharren zaintzaz, minusbaliatutakoez, gizarteratze arazodun gazteez, etab. arduratzen diren erakundeek barne, ematen den harremana izanik. Gehienetan, batzorde aholku-emaile dira, aholkua eman eta azterketak egiteko sortuak, sorospen horren kalitatea hobetzeko helburua dutenek.
Ikerketetarako etikak, gizakiekin edozein ikerketa egiterakoan etikoki onargarri izateko beharrezko -baina ez nahiko- litzaken benetako baimen informatutako bat izatea aldarrikatzen duen Nurenberg-ko Kodetik (1947) aurrera, sorospen-etikarekin bere jatorri modernoa partekatzen du. Momentuz, esan dezagun bada Nurenberg-ko Kodeak ez duela agiriez ezer aipatzen. Baimen informatua ez da agiri bat, prozesu bat baizik, klinikoek eta ikertzaileek hain gauza bakuna ahaztu egiten duten arren. Baimen informatuarekiko arazoek gaur egun zientzia-ikerketaren etikan eztabaidarako zio izaten jarraitzen dute, jakintza arlo horrek instituzio-mailan bere parekotasuna Klinika-Ikertetetarako Etika-Batzordean (KIEB) duela.
