Arkitektura

Bilboko udal hilerria

XIX. mendea hazkunde demografiko handiko garaia izan zen eta, horren ondorioz, Euskal Herriko hiriek zabalkuntza ikusgarria bizi izan zuten. Arkitektura arloan argi islatu zen fenomeno hori. Aipatzekoak dira, besteak beste, hurrengo gertakariak: harresiak eraitsi ziren, hiri zabaldegiak diseinatu zituzten eta gora egin zuen eraikin berrien eskaerak.

Horrela bada, era guztietako eraikinak sortu ziren premia berriei erantzuteko. Hildakoen bizitokirako egitura, hau da, kanposantua edo hilerria dugu adierazgarrienetako bat.

XVIII. mendearen bigarren erdian eta Ilustrazioaren pentsamenduari jarraituz, hildakoekiko sentimendu berria agertzen hasi zen, higienismo izenekoa. Sentimendu horren arabera, elizetan lurperatzeko ohitura eten behar izan zen eta, hori dela eta, lehenengo hilerriak hasi ziren eraikitzen Karlos III.aren agintaldian. Baina emandako arauak ez ziren berehala bete eta XIX. mendearen gobernuak arautegi zehatzagoa ezarri behar izan zuen kanposantuak eraiki zitezen. Aipatutako arauen artean, hurrengo hau azpimarratu daiteke: hilerriak hirigunetik ehun metro baino gertuago ezin zirela kokatu.

Testuinguru horretan sortu zen Derioko hilerria edo Bilboko udal hilerria izenekoa.